Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Min zaharrei, izen berriak

Nerea Arrienen ‘Pentsatzeko txokoa’ lanak jaso du Lizardi Saria

10-13 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduriko liburuak pentsatzeari egiten dio gorazarre, modu ironiko eta dinamikoan

AINHOA LORES - 2016(e)ko ekainaren 15a, asteazkena - 11:30etan eguneratua

Nerea Arrienen ‘Pentsatzeko txokoa’ lanak jaso du Lizardi Saria

Nerea Arrienen ‘Pentsatzeko txokoa’ lanak jaso du Lizardi Saria (PAULA ARBIDE)

Galería Noticia

Nerea Arrienen ‘Pentsatzeko txokoa’ lanak jaso du Lizardi Saria

IZENBURUARI jarraituz, bere protagonistaren begietatik pentsatzeari gorazarre egiten dion lana dugu Pentsatzeko txokoa (Erein). Hamaika urteko neskatila da Deba, istorio honetako protagonista. Bere begiradak erakusten digu nolakoa den eskola eta bertako giroa: nolakoak diren irakasleak eta neskatoaren lagunak, zer gertatzen den gela barruan, nolakoak diren ikasle-irakasle arteko harremanak… Ikasgelan, ingeleseko andereñoak pentsatzeko txokora bidaltzen ditu bihurrikeriatan dabiltzan ikasleak, zigortuta. Debak gogoko du zigor hori, pentsatzea oso gustuko duelako, eta arraro sentitzen da horregatik, zigorra bera gaiztakeria baino gehiago gustatzen zaiolako. Egin duenaz hausnartzeko txokoa dela azaldu dioten arren, Debaren helburua beste bat izaten da hara bidaltzen dutenean: bere barne-munduan murgiltzea. Nerea Arrien (Lekeitio, 1976) da liburu honetako protagonistaren sortzailea.

Deba “gaur egungo edozein neskato” izan daitekeela uste du Arrienek. “Guraso esnob xelebreak ditu, irakasle moderno bezain zaharkituak, lagun erreboltariak, baina denek gordetzen dituzte gure aiton-amonek zeuzkaten min zaharrak”, dio lekeitiarrak. “Lehenago, nire ama ere Deba izango zen eta, urte batzuk barru, nire alaba izango da Deba, ziur. Izen berriek eta mozorro modernoek gauzak gutxi aldatzen dituztela azaldu nahi izan dut liburuan”, jakinarazi du egileak.

Arrien umea zeneko hormaren kontra jartzeko zigor hura pentsatzeko txokoan bihurtu da gaur egun. “Ohitura handia daukagu min zaharrei izen berriak jartzeko. Badirudi modernoago izanda osatu egiten ditugula min horiek”, iritzi dio autoreak. Lekeitiarraren ustez, pentsatzeko txokoa kontzeptuak berak badauka oinarri psikologiko bat, “baina auskalo nork ezagutzen duen”. Dena den, ezagutu gabe ere, erabili egiten dela dio. “Lehenago hormaren kontra bidali eta aspertu egiten ginen. Orduan ere egongo zen aspertzea gustuko izango zuen norbait, ziur. Aspertzen garenean, barne altxor horrek distira egin dezakeelako. Gaztetxoak garenean, barrutik aberatsak garela pentsatu beharrean, arraroak garela pentsatzen dugu. Bai lehen eta bai orain, gutxi aldatu den gauza dela susmatzen dut”, iritzi dio Arrienek. Hala, arraro izate hori lantzen da liburuan, oso modu dinamikoan, atal laburretan banatutako istorioan, esaldi labur eta zuzenekin, dinamismoa bilatuz, idazleak gustuko duen estiloan.

ESPEZIE BERRI BAT Pentsatzeko txokoa 11-12 urte bitarteko bere ikasleekin pentsatuta idatzi du Nerea Arrienek. Aurretik nerabeei Biologia irakasten aritu izan da lekeitiarra, baina alaba jaiotzean oposaketak atera eta Lehen Hezkuntzako irakasle izatera pasatu zen. “Ordurarte nerabeekin neukan eskarmentua”, kontatu du. Hala, 6. mailako gela hartan aurkitu zituen gaztetxo haiek “espezie berri bat” zirela iruditu zitzaion Arrieni. “Aldaketa handia izan zen niretzat. Konturatu nintzen badagoela adin tarte bat, 10- 13 urte artekoa, ez direnak ez haur ez nerabe, edo biak direla aldi berean. Emozio eta sentimendu anabasa itzala zeukaten, laguntza isila eskatzen zuten. Haiei laguntzeko ahalegin batean, material bila hasi nintzen. Nerabezaroa eta haurtzaroa literaturan oso deskribatuta zeudela ikusi nuen, baina erdibidean dagoen adin honentzat gauza gutxi aurkitu nituen”, kontatu du. Hala, gabezi hori ikusita hasi zen Arrien oraintsu argia ikusi duen liburua osatzen.

Ideia horri forma emateko literatura “biderik politena” izan zitekeela iruditu zitzaion lekeitiarrari, bere esanetan, “literaturan dena delako posible, pentsamendua bera pertsonai batean bihurtzea”, adibidez. Horrela, pentsamendua elementu aktibo eta dinamiko bihurtu du Arrienek. Egilearen esanetan, “gaztetxoek barnean daukaten altxorra ikusten laguntzea” da liburuaren helburua. “Beraien emozioak, ametsak, nahiak, sentimenduak, ideiak… Horiek dira beraien altxorrak, eta hori ulertaraztea da asmoa. Barruan daukaten hori eta batzuetan ikusten eta ulertzen ez dutena, horixe dela norbere altxorra, eta altxor hori ez dela buruan bakarrik aurkitzen” helarazi nahi izan die irakurleei Arrienek. Bere esanetan, pentsamenduaren txokoa ez delako soilik burua, gorputz osoa baizik: bihotza, sabela… Baina, idazlearen aburuz, “arrazoiari eta pentsamendu arrazionalistari garrantzia larregi” ematen dio egungo gizarteak, “umeak gainditu eta ez-gaindituaren artean sailkatuz”.

Hauxe da Arrienek kaleratzen duen estreinako liburua. Lana idatzita zuen lekeitiarrak Lizardi Saria lehiaketara aurkeztea erabaki zuenerako. “Sariaren oinarrietara doitzen zen idatzitakoa, ez neukan ezer galtzeko”, kontatu du. Eta galdu baino, hamalau lanen artean Pentsatzeko txokoa suertatu zen irabazle. Ilusio handia eta batez ere poza sentitu zuen Arrienek espero ez zuen saria jasotzean. Idazten jarraitzeko bultzada eman dio sariak, baina, batez ere, “berarentzat idazten jarraitzekoa”. Arrienentzat “beharrezko ariketa” delako idaztea. “Korrika egitera joaten naizen bezala, beste zapatila mota batzuk jarri eta bestelako izerdia botatzen dut idazten dudanean”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902