Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Kamerarik gabe

Madam President?

Maddalen Iriarte - 2016(e)ko ekainaren 9a, osteguna - 06:12etan eguneratua

kaliforniak botoa emanda, eta han alde handiz irabazi ondoren, historian lehen aldiz emakume bat izango da Estatu Batuetako alderdi nagusi baten hautagai presidentziala. Urteak zeramatzan Hillary Clintonek momentu honen zain, eta kostata lortu du. Orain urtebete inork ez zuen Bernie Sanders ezagutzen, baina Vermonteko senadorea lehiakide gogorra izan da. Behar bada eskerrak eman beharko dizkio Hillaryk: Sandersi esker, herritar askoren kezkak kanpainan leku bat egitea lortu dute.

Hemendik begiratuta, sekulako inbidia ematen didate Estatu Batuetako primariek. Sanders eta Clinton alderdi berekoak direla pentsatzea ere ez da erraza egiten, gure ikuspuntutik. Baina biak borrokatu dira, formak galdu gabe eta errespetuz, Alderdi Demokrataren nominazioaren bila. Ehunka gaitan egon daitezke aurrez-aurre, baina horrek ez dio krisi bat sortzen alderdiari: alderantziz, indartu egiten du. Hemen, ordea, antzekorik gertatuko balitz, pentsa! Ez adostasunak normalak dira han. Euskal Herrian, berriz, asko daukagu oraindik ikasteko.

Baina goazen azarora. Orduan izango da benetako hautaketa. Hirugarren hautagairen bat ere egon liteke, baina Clinton eta Trump izango dira nagusiak. Lehen aldiz emakume bat, urte luzetan politikan murgildua eta esperientzia luzekoa, bere burua errealistatzat jotzen duena (beraz, kutsu kontserbadorea duena), eta parean enpresari ospetsu bat, behar bada ez askok uste duten bezain aberatsa (ez ditu errenta-paperak kaleratu nahi izan), xenofobia eta arrazakeria lotsarik gabe astintzen dituena, eta emakumeei errespetu gutxi erakutsi diena. Honela esanda, Clinton izango da presidente berria, ezta? Inkestek ez diote hori. Clintonek abantaila txiki bat dauka, baina kanpainan zehar ezabatu daitekeen abantaila da hori. Bertigoa eman dezake, bai, baina nork ukatu hango herritarrei hanka sartzeko eskubidea? Mister edo Madam President. Ez da aukera makala.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902