Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Gezur hezurretik

Bizitzan zortea

Aitzol Elizaran - Domingo, 5 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:13h

Aitzol Elizaran

Galería Noticia

Aitzol Elizaran

Zenbait lanbidek zama bat daramate, ez mehatzean gora eta behera zakua daramatenek duten zama hori, ez, baizik eta gizarteak berak jartzen dizkien zama horiek baizik. Zama hauek, gainera, askotan beste zenbait justifikatzeko balio izaten dute, egia absolutuak bailiran. Guztiek ikusten dugu besteen lanbidea ederra, ortzadar eta gozoz beterik, eta gurea inpernurik gorriena balitz bezala.

Funtzionariek adibidez, karga hau pairatzen dute. Aura eta misterioz betetako lanpostu mota hori dutenek, kafea hartu eta egunkaria irakurtzeaz gain, bezeroa amorraraztea dute helburu. Zain edukitzen dituzte borondatez, beste zereginik ez baitute izaten. Ez dut uler-tzen nola beste guztiok ez ditugun oposaketak ateratzen, ez baitira batere zailak eta plazerez betetako bizitza dakarte ondorio gisa. Ezin hobeto bizi.

Suhiltzaileak ere ederki bizi dira. Urtean bi edo hiru sute egongo dira gehienez, nik gogoratzen ditudala behintzat, eta beste lan ordu guztiak ariketa fisikoa egiten pasatzen dute, gustatzen zaielako gainera, ez lanbideak horrelakorik eskatzen duelako. Bi astez behin zuhaitzetik katutxoren bat jaitsi behar izaten dute, hori bai, baina kamioiak eta eskailerak ez erdoiltzeko balio izaten die. Suhiltzaile izatera iristeko froga batzuk ere pasa behar omen dira, baina hauek igerilekura bi astez joanda erraz gaindi daitezke eta, gainera, gehienak eskalatzaileak dira afizioz, beraz, hori ere landu beharrik ez. Ederki bizi dira hauek.

Irakasleek bai, hauek bai bizitza ederra, ordutegi ona, opor ederrak eta zortea galanta. Lanbide honetan, kasu batzuetan frogarik ez dute pasa behar izaten gainera lanpostua lortzeko, eta euria balitz bezala datorkie ezagutza eta pazientzia, hori baita behar duten bakarra. Ume eta gazteekin gelan erdi jolasean aritu, ostiralean mantalak etxera eta asteburuetan eta udan paseatzera. “Nik ezagutzen dut bat asteburuak azterketa mordoa zuzentzen pasatzen dituena”, eta besteak erantzun: “Bai, baina bi hilabete opor”. Egia berdaderoa. Udan bi hilabete opor izateak lanbideak lekarkeen zama guztia justifikatzen du. Hi bizi haiz hi.

Udaleko brigadek ere mauka latza dute. Hauek egun santu guztia herritik bueltaka pasa dezakete, eta tabernetan egiten dute geldialdia, bost-hamar minutuz behin, hamaiketako ederra egiteko. Ondoren beste buelta bat atzekalde estaligabea duen furgoneta estiloko ibilgailu horretan, pare bat farola ukitu, aulki, mahai eta bestelakoak alde batetik bestera mugitu, eta estolderiaren afera hori itsusitzen bada, aguayluz-ekoei deitu, haiek konpon dezatela. Hau bai lanbide ederra.

Esan behar dut gainera, aurretik aipatutako lanbide-mauken artean denak funtzionari izan daitezkeela, beraz, zorte bikoitza lukete hauek, lanbide ezin hobea soilik ez, eta gainera bizi guztirako pagotxa, eta deskuidoan aurrejubilatu egingo dira gainera, nekatu izan balira bezala. Zama desberdin banatu dute justiziaren balantzan antza denez. Batzuk (nik) lan egin behar beste batzuk (zu) horrela bizi daitezen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902