Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
ekainaren 3an, 4an eta 5ean

Dantza Konpainia Nazionalak Don Quijote balleta ikuskizuna eramango du Arriagara

Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du zuzeneko musika

n.g. - 2016(e)ko maiatzaren 30a, astelehena - 11:18etan eguneratua

Dantza Konpainia Nazionalak Don Quijote balleta eramango du eszenara Arriagan.

Dantza Konpainia Nazionalak Don Quijote balleta eramango du eszenara Arriagan. (Jesus Vallinas)

Galería Noticia

Dantza Konpainia Nazionalak Don Quijote balleta eramango du eszenara Arriagan.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzeneko musikaren laguntza duen Dantza Konpainia Nazionalaren (CND) azken ikuskizuna, Don Quijote balleta, Arriaga Antzokira heldu da. Arriaga Antzokiak eta BOSek berak aurkeztuko dute Miguel de Cervantesen heriotzaren 400. urteurrenaren ospakizunen testuinguruan sortu den ikuskizuna. Hiru emanaldi eskainiko dira, ekainaren 3an, 4an eta 5ean, hau da, ostiraletik igandera. Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta igandekoa ordubete lehenago, 19:00etan.

BILBO. José Carlos Martínezek zuzentzen du CND 2011tik, eta lan honek bere bultzada du, zuzendari eta koreografo gisa. Koreografia diseinatzeko orduan Marius Petiparen (agian ezagunena eta Don Quijote Errusiako ballet ezagunenetakoa bilakatu zuena) eta Alexander Gorskiren bertsioetan inspiratu da.

Hiru ekitaldi dituen balleta 2015eko abenduan estreinatu zen Madrilgo Zarzuela Antzokian, eta arrakasta handia lortu zuen ikus-entzuleen eta kritikaren aldetik. Orain Arriaga Antzokira helduko da, eta, gainera, zuzeneko musikak lagunduta aritzearen luxuarekin. Oraingo honetan Manuel Covesen zuzendaritza irmo eta bikaina izango duen Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da Ludwig Minkusen partitura ezaguna interpretatuko duena.

Don Quijote lan honen libretoa Cervantesen Don Quijote laneko bigarren liburukiko gertakari batean oinarritzen da (XXI. kapitulua, “Camachoren ezteiak eta beste gertakari atsegin batzuk luzatzen direnekoa…”), eta ekintza Quiteriaren eta Basilioren maitasun gorabeheratsuetan zentratzen da, Don Quijoteren eta Sanchoren abenturetan baino gehiago. Baina, dena den, dantza mugimenduei dagokienez, nahiko pieza korala da, eta dantza taldeak eta bigarren mailako artistek pisu handia dute bertan.

Don Quijote, balleta

Marius Petiparen Don Quijote balleta, Errusiako ballet ezagunenetakoa izan zen, Beltxargen Aintzirarekin batera. Errusian bertan egin zen 1869an, Ludwig Minkusen partitura batean oinarrituta. Kolorez betetako lan horrek, XIX. mendeko ballet klasikoen naturaz gaindiko izaki etereoen unibertsoa apurtzen zuen, eszenara herriko jendea eramanez. Balleta belaunaldiz belaunaldi transmititu zen Errusian, eta tradizioaren parte bilakatu zen, behin eta berriro egindako errebisioei esker. Errebisio horietako garrantzitsuena Alexander Gorskik 1900ean egindakoa izan zen.

CNDri eta José Carlos Martínezi buruz

Dantza Konpainia Nazionala 1979an sortu zen, Ballet Nacional de España Clásico izenez, eta lehenengo zuzendaria Víctor Ullate izan zen. Egungo zuzendaria, 2011tik, José Carlos Martínez da, dantza munduko lehen mailako artista. Dantzari gisa hainbat sari eta aintzatespen lortu ditu, eta Balleteko hierarkiako maila gorenera heldu zen Pariseko Operako Balleteko Dantzari Izar izendatu zutenean, 1997an. Ballet horretara Rudolf Nureyev berak aukeratuta heldu zen 1988an. Koreografo gisa lan ugari prestatu ditu 2002tik, eta 2011tik Dantza Konpainia Nazionalaren zuzendaritza lana ere bere esku du.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902