Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Manuel Etxeberria ‘XIV ORDUKO IBILALDIa’ mendi martxako beteranoa

“Garai hartan zapatila eta horrelakorik ez, behin baino gehiagotan egin nuen ibilaldia albarkak jantzita”

23 urterekin egin zuen lehenengoz, eta 80 urte betetzeko bidean, igande honetan 70 kilometrotako ‘XIV Orduko Ibilaldia’ egiteko irrikitan dago lizartzarra

Ane Sanz - 2016(e)ko maiatzaren 26a, osteguna - 06:13etan eguneratua

Manuel Etxeberria, ‘XIV orduko ibilaldia’ mendi martxako beteranoa.

Manuel Etxeberria, ‘XIV orduko ibilaldia’ mendi martxako beteranoa.

Galería Noticia

Manuel Etxeberria, ‘XIV orduko ibilaldia’ mendi martxako beteranoa.

Lizartza- Manuel Etxeberriak inork baino hobeto ezagutzen ditu Tolosaldeako mendiak. Gaztetan ardiekin handik hona ibili zen eta bizi osoa galdaragintzan lanean eman du lizartzarrak, baina beti izan ditu astia eta gogoa ordu luzetan inguruak paseatzeko.

Zenbat urte zenituen lehenengoz XIV orduko ibilaldia egin zenuenean? Zenbat daramatzazu iada?

-Soldaduskatik etorri eta berehala hasi nintzen baina ez ditut kontatu. 23 urterekin bueltatu nintzen eta orain 79 ditut, beraz badira gutxi batzuk.

Zer duzu nahiago, konpainian ibiltzea ala bakardadean?

-Lagunartean gustora egiten da, noski. Baina ni benetan mendizalea izan naiz betidanik, eta badakit bidean aurrera neure kasa egiten ere. Urtetan osatu dut ibilbidea bakarrik. Nire lehenengoa izan zen edizio hartan hiruko taldea osatu beharra zegoen parte-hartzeko, eta bitan lortu nuen lagunak apuntatzea. Ondoren ez zuten gehiagotan ibilaldia egin nahi izan eta bakarrik atera naiz orduztik. Hasieran ez zituzten bakarkako izen emateak onartzen. Nik nere borondatez jana eta ura hartu nituen eta besteekin batera martxa egin nuen, ez kontrolik eta ez beste ezer gabe. Urte batzuk pasa nituen horrela, bakarkako izen ematea onartu zuten arte.

Kirolzalea ala mendizalea da Manuel Etxeberria?

-Korri egin izan dut nozbait gaztetan ardiek ihes egiten zidatenean, baina mendia izan da beti nire kirola. Familiak ardiak zituen baserrian eta txikia nintzenetik ateratzen nintzen aitzakiarekin paseoan, ni ez naiz etxean gelditzekoa eta. Mendira igo-tzea gustatzen zait, zenbat eta altuago igo, oxigeno gehiago bait dago arnasteko.

Sasoi ona ezinbestekoa da 79 urterekin 14 orduan etengabe ibiltzeko. Zein da trikimailua?

-Sasoia deritzozu? Sasoia edo delakoa, ondo sentitzen naiz ni. Askotan esan didate ez dirudiela 80 urte betetzera noanik. Egunero ez naiz aritzen, baina hiru egunetik behin Aralarrera joaten naiz eta bertan pasatzen dut eguna.

Mendiak ez bezala, hauei aurre egiteko ekipamenduak aldatzen joan dira urteen joan etorrian. Arropa eta oinetakoei begira erraza da gaur egungo argazki bat antzinako batengandik bereiztea.

-Batez ere oinetakoak aldatu dira. Garai batean ez zegoen zapatila eta horrelakorik. Edo agian izango ziren baina dirurik ez genuen eta nik behin baino gehiagotan egin izan dut ibilaldia albarkekin. Biguina da albarka eta oina ere beratzen du. Amezketako harkaitzetan min ematen zuten eta gero karretera beroa zegoenez, oinak ere berotzen ziren. Dena dela, gaztetan ez zitzaigun axola. Gaur egun aldiz zapatilak daramatzat, lehenago nahikoa erabiliak. Ez da ideia ona horrelako ibilaldi batera oinetako berriak eramatea.

Lehenengo erdia edo bigarrena, zein da gogorragoa?

-Bigarrena, dudarik gabe. Okerrena Amezketatik Tolosarako karretera da. Aurten aukeran apur bat luzeagoa den bide bat dago, baina iloba joan zen nire izena ematera eta mo-tzean apuntantu ninduen. Egingo nituzke kilometro gutxi batzuk gehiago karretera ekiditearren.

Ibilaldiaren sustraietara bueltatzearren, organizazioak ura baino ez du banatuko igandean eta norberak bere janaria eraman beharko du soinean.

-Duela lau urte janaria banatzen zuten arren, nik etxetik eraman nituen ogitartekoak, nere gustukoak. Janari gutxi zegoela eta ibilaldiaren historiaren inguruko liburuan gehiegi gastatu zela kexatzen entzun nituen bat edo beste. Laranjak eta jarri zituzten, baita ogitartekoak ere, laranjekin bakarrik ez dago eta 14 ordu ibiltzerik. Dena den, antolakuntzari dagokionez norberak berea eramatea errazagoa da. Ura banatuko dute, baina bestela ere badira bidean nahikoa iturri.

Beteranoa izanik derrigor egin beharreko galdera, zein aholku emango zenieke igande honetan lehenengo aldiz ibilaldia egitera doazenei?

-Ongi prestatzeko eguna. Lehenago ibili behar dela, gutxienez hilabete pare bat lehenago hasita. Astean behin edo bi astean behin hamar bat ordutako ibilaldi bat egitea gomendatuko nuke, ondoren erraz amai-tzeko. Batez ere helduen kasuan, gazteek dena erraz egiten bait dute. Eta egunean bertan martxa egin dezatela, eta ez korri. Azkar hasiz gero, denbora pasa ahala motelduko direlako. Behe martxan hasi, tamaina hartu eta hari segitzea da onena. Atzera begiratu gabe, segi aurrera.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokorik maiteena. Asko daude eta zaila egiten zait aukeratzea, baina Larraitz.

Paisaia idiliko bat. Hondarribia inguruko paseoak.

Gustoko duzun mendi bat. Urbia-Aizkorri primerakoa da, Arantzazutik behetik gora egiteko ezin hobea.

Gehien gustatzen zaizun hondartza. Kontxakoa esango nuke, baina Zarautz ere ikaragarri gustatzen zait.

Festa edo ospakizun bat. Urbiako San Inazioak, edo Igaratzako erromeria.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
    • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902