Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bILBON

Zinebik "K2. Zerua ukitzen" filma emango du Hileko Dokumentala zikloan

EP - 2016(e)ko maiatzaren 24a, asteartea - 10:50etan eguneratua

K2. Zerua ukitzen

K2. Zerua ukitzen

Galería Noticia

K2. Zerua ukitzen

BILBO. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak urte osoan zehar programazioari jarraipena emateko antolatu duen Hileko Dokumentala estreinaldien zikloak Eliza Kubarska mendizale eta zinemagileak zuzendutako "K2. Zerua ukitzen" (Polonia, Erresuma Batua, Alemania, 2015) filma eskainiko du asteazkenean eta ostegunean, maiatzaren 25ean eta 26an.

Mendizaleen lau seme-alabek K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura egiten duten bidaia emozionala kontatzen du filmak. 1986an euren aitak edo amak lurreko mendi garai eta arriskutsuenetako batera eraman zituen eta heriotza ekarri zien hori aurkitzera doaz lau seme-alabak.

Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7 aretoan izango da, 20.00etan. Asteazkenean euskarazko azpitituluak izango dituen jatorrizko bertsioan emango da, eta ostegunean gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du, Zinebik jakinarazi duenez.

1986ko udan, mundu osoko ia hamar bat espedizio elkartu ziren K2 mendiaren oinarrizko kanpamentuan, mendia biderik zailenetik igotzeko, ordura arte oso pertsona gutxik tontorrera heltzea lortua zuten lekutik, alegia. Bederatzi espedizio aldi berean ekin zioten tontorra heltzeari, eta, agian, hori ez zitzaion larregi gustatu mendiari. 13 mendizale hil ziren, eta ordutik mendizaleek "uda beltza" izenarekin ezagutzen dute garai hura.

30 URTE

30 urte geroago, Eliza Kubarskak K2an hil ziren mendizale haien lau seme-alaba elkartuko ditu. Haniak, Lukaszek, Lindseyk eta Chrisek emozioen aldetik zaila izango den bidaiari ekin zioten euren senideak lurperatuta dauden K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura.

Euren iraganari aurre egitera eta euren aitek edo amek dena utzi eta horrelako espedizio bati ekitera eraman zituen hori ulertzera behartuko dituen ausardiazko ariketa izango da. Protagonista horietako batzuk umeak ziren, eta beste batzuk jaio barik zeuden tragedia gertatu zenean.

"Uda beltz" hartatik bizirik irtetea lortu zuen Kurt Diembergerren testigantzari eta espedizio hartan hil ziren mendizaleen gutunei, artxiboko irudiei eta egunkari pertsonalei esker, protagonistek ahalegina egingo dute euren gurasoen azken egunak zelakoak izan ziren ulertzeko, amets bat zuten gizonen eta emakumeen azken egunak: zerua euren eskuekin ukitzea.

Eliza Kubarska dokumentalgile eta mendizale poloniarra da. Bere lanen artean, sari asko lortu dituzten Groenlandian filmatutako "What Happened on Pam Island" eta Asia hego-ekialdeko uretan bizi den eta desagertzeko arriskuan dagoen Badjao herri nomadari buruzko "Walking Under Water" daude. Azken lan horrekin, Epaimahaiaren Aipamen Berezia irabazi zuen Hot Dogs izeneko Kanadako zinemaldi ospetsuan.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902