Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Miki Esparbé aktorea

“Ez didate ezer oparitu, arrakasta proportzionala da urte askotako lanarekin”

'El Rey Tuerto’, ‘Rumbos’ eta ‘Cuerpo de Élite’ filmen estreinaldien atarian, Miki Esparbé (Manresa, Katalunia, 1983) aktore katalana elkarrizketatu dugu bere ibilbidea gertutik ezagutzeko asmoz.

Saioa Baleztena Jordi Borràs - 2016(e)ko maiatzaren 23a, astelehena - 06:11etan eguneratua

Miki Esparbé, aktorea.

Miki Esparbé, aktorea.

Galería Noticia

Miki Esparbé, aktorea.

bartzelona- Otsailean Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldiko epaimahaian parte hartu zenuen. Nolatan jaso zenuen proposamena?

-Euskal Etxearekin ibilbidean zehar gurutzatzen joan naiz, baina, batez ere, Fotogramaseko erredaktore buru den Pere Vallen bitartez deitu ninduten. Epaimahaia osatzen zuten gainontzeko lagunak ere ezagunak nituen, eta bitan pentsatu gabe onartu nuen proposamena, batez ere Zinemaldiaren mailako jaialdi bateko epaimahaia ez nintzelako sekula izan. Sekulako ilusioa egiten zidan, hein batean erronka ere bazelako niretzat.

Zaila izan zen irabazleak aukeratzea?

-Oso zaila. Egia esan kontsentsua zegoen lanik nabarmenen artean, baina filmen kalitatearen maila kontutan hartuta, oso zaila egin zitzaigun irabazleak aukeratzea. Bikain pasa nuen eta lan itzelak ezagutu nituen.

Zein izan zen bidea?

-Bartzelonako Euskal Etxeak eskuragarri jarri zizkigun film guztiak euskarri digitalean, eta guztia ikusitakoan egun batean geratu ginen deliberatzeko, eta adostasunera iritsi ginenean zerrenda osatu eta astebete geroago-edo, egin genuen publiko.

Lehen aldiz aipamen bereziaren saria banatu zenuten. Nolatan?

-Ba pelikularik hoberena aukeratu ondoren Pikadero Film kanpoan gelditzen zitzaigulako eta ezinezkoa zen! Bereziki originala eta, hein batean, urratzailea iruditzen zitzaigun eta aipamen berezia merezi zuen.

Tira, solastu gaitezen zure ibilbideaz. Duela gutti ezagutu zaitugu pantaila handian, baina urteak dira agertoki gainean estreinatu zinela. Nola hasi zinen?

“Lehenago jende gehiago murgiltzen zen antzezpenaren mundu honetan, askotan, bokaziorik gabe”

-Gaztetxoa nintzela, hamabost urte ingururekin, Manresan antzerki amateurra egiten nuen, baina handinahi gehiegirik gabe. Gero, hamasei eta hemezortzi urteak beteta, erabakiak hartzeko unea iritsi zen, eta gurasoek gomendatuta Giza Zien-tziak ikasten hasi nintzen, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Ordurako nik apustua egin nahi nuen antzerkigintzan murgiltzeko Institut del Teatre bitartez, baina gurasoen gomendioei kasu egin nien...

Ikasketak amaitu zenituen?

-Noski. Kostata, patxadaz hartu nuelako, baina amaitu nituen. Amai-tzen ari nintzela eman nuen izena Bartzelonako antzerki eskola batean, eta hortik gutxira Terrat telebista ekoiztetxean lan egiteko casting bat egin eta hartu ninduten. Orduan hasi zen guztia...

Zure debuta hiru edo lau hilabete geroago iritsi zen, ‘Salvados’ telebista saioaren hastapenetan...

-El Terratek, egia esan, ate asko zabaldu zizkidan, eta orain ere harreman zuzena dut eurekin, eta hainbat pelikula ere ekoiztu dizkidate.

Giza Zientziak ikastea zertarako balio izan dizu?

-Ba uste baino gehiagorako, egia esan. Ikasketa hauek eskarmentu handia eman didate, egin ez izatekotan izango ez nuena. Asko gozatu nuen eta antzerkigintzara beranduago iritsi arren, oso harro nago.

Tira, esan dezagun, Katalunian ‘Barcelona Nit d’Estiu’ filmaren bitartez zabaldu zitzaizkizula sektorearen ateak. Nola bizitu zenuen?

-Barcelona Nit d’Estiu filmak alderdi erromantiko bat ere badu nire bizitzan, diru gutxirekin eta lagunartean egin genuen filma izan baitzen. Proiektu ederra izan zen, egia esan. Aktore tropa itzela ezagutu nuen, oso gazteak denak, eta diozun bezala, aukera berrien ateak zabaldu zi-tzaizkidan gainera. Jendeak nigan ohituta ez zuen aurpegi bat ezagutu zuela esango nuke...

Nolakoa da hainen aurrekontu ttikiarekin aurrera pelikula bat aurrera eramatea?

-Oso dibertigarria! Metroan baimenik gabe grabatzera ere iritsi ginen! Eta are gehiago, filma Estrella Dammek babesten zuen, eta egun batean, petaketan pilarik gabe gelditu eta ekoizleetako batek hainbat birra kaxa kotxean hartu eta Raval auzoan 24 orduz zabalik dagoen denda batera joan behar izan zuen, garagardoak pilengatik trukatzeko! (Barrez). Alegia, Barcelona Nit d’Estiu pelikulak motore bat zuen ekonomikoa baina dezente indartsuagoa zena: parte hartzen genuen guztion ilusioa. Inork ez zuen espero gerora izan zuen eragina izatea.

Urtarrilean estreinatu zen Barcelona Nit d‘Hivern, aurrekoaren bigarren zatia. Zein balorazio egiten duzu?

-2.0. bertsioa izan zen, hein batean. Aurrekontu handiagoarekin eta lasaitasunez egin genuen. Polita zen, izan ere, filma bi edo hiru urte geroago argitaratu genuen, background berdina genuen, baina aurrekontu handiagoa izanagatik gehiago zaindu genuelako filma. Nire ustez urrats kualitatibo itzela dago, nahiz eta aurrekoak ere emaitza txukuna zuen, genituen baliabideak kontutan izanik...

Jendea beldur zen lehenaren maila berean egongo ote zen. Baina erranen nuke, kritika positiboa izan zela, hagitz...

-Nik uste dut bigarrena lehena baina hobea izan zela. Eta hori oso zaila izaten da! Baina ongi egina zegoen. Izan ere, zuzendaria, Dani de la Orden, gaztea eta oso azkarra da. Eta argi zuen bigarren zatia egitekotan ongi egin behar zuela. Esango nuke auto exigentzia horren emaitza dela Barcelona Nit d’Hivern.

Hirugarren bat egongo da?

-Diotenez bai. Musikal euskarrian iritsiko omen da, eta hortan nik ez dut nire burua ikusten -barrez-. Baina tira, dena probatzea da! Dani de la Ordenek aitortu du zineman zer edo zer gehiago egin nahi duela, gainera, baina argi du orain ez dela momentua. Baina tira, nire iritziak eraginik badu guzti honetan, esango dut niri izugarri gustatuko litzaidakeela. Pertsonalki Antes del Amanecer sagari tributua egitea bezalakoa izango zen.

Katalunian ateak zabaldu bazizkizun Dani de la Orden zuzendariaren pelikulak, Madrilen ‘Perdiendo el Norte’ filmean parte hartzeak egin zuen.

-Zalantzarik gabe. Gainera, niretzat, maila honetako film batek izaten duen aurrekontuan parte hartu nuen lehen pelikula izan zen. Aktore eta profesional talde esangura-tsuarekin.

Zein da Barcelona ‘Nit d’Estiu’ eta ‘Perdiendo el Norte’ pelikulen arteko desberdintasun nagusia, zure lanari dagokionez?

-Batez ere, bien arteko desberdintasun nagusia baliabideena izan zen. Hau da, dirua badago, azken emai-tza dezente gehiago zaindu daiteke. Eta horretaz aparte, Perdiendo el Norte filmaren bitartez Berlinen errodatu ahal izan nuen nik, eta opari bat izan zen. Noski, aktore taldea ere oso garrantzitsua izan zen, nik etxeko ekoizpenak eginak nituelako ordura arte, eta Pepe Sacristán, Javier Cámara edo Carmen Machirekin lan egitea ez da halamodukoa!

Film hauetaz haratago, proiektu propioak uztartzea ere maite duzu. Pare bat film labur zuzendu eta antzeztu dituzu orain arte. Nola bizi duzu alderdi hau?

-Sufritzen, hein batean. Hala ere, profesionalki jarduten ez naizenez gozatu ere egiten dut. Ez dut inongo presiorik, nahiz eta nire buruarekin oso exigentea naizen. Zuzendari on batek egun batean erabakitzen duena nik lau egunetan egiten dut, baina ongi pasatzen dut, eta gustatuko litzaidake aurrerantzean ere uztar-tzea alderdi hau bestearekin.

Zein dira topatzen dituzun zailtasunak?

-Ez naizela trebea ehuneko ehunean. Hau da, ni ona naiz antzezten, eta antzezle taldea zuzentzen. Nire gabeziak gehien bat teknikoak dira, logistikari dagozkionak, alegia. Baina ez pentsa, moldatzen naiz!

Non sentitzen zara erosoago, beraz, zuzentzen edo antzezten?

-Antzezten, inongo zalantzarik gabe. Antzezle gisa jorratu dut nire ibilbidea, eta zuzendaritzarena dastatu besterik ez dut egin. Noizbait, hala ere, egin nahiko nuke proiektu luzeago bat. Zuzenduz eta antzeztuz, baina seguruenik ez nuke bakarrik egingo. Paco Caballerorekin lan egin dut maiz, eta seguru aski, berarekin elkarbanatuko nuke zuzendaritza. Baina, presarik gabe, konta-tzeko istorioak behar ditugu....

Eta antzezle gisa zer nahiago duzu, antzerkia, zinema edo telebista?

-Hirurak bateratzea gustuko dut, posible den heinean, agenda koordinatzea ez baita lan nekeza. Baina bai, hiru hizkuntzak uztartzea maite dut.

Krisia tarteko, zein testuinguru bizi duzue gaur egungo aktore gazteek?

-Tira, ni krisiak eztanda egina zuenean hasi nintzen, beraz ez dut sektorea krisirik gabe ezagutu. Baina ikusi ahal izan dudanagatik, lehenago jende gehiago murgiltzen zen antzezpenaren mundu honetan, askotan, bokaziorik gabe. Krisiak eragin du, beraz, soilik pasioa dugunok egotera. Gaur egun jende asko dago lanik ez badago asmatzen duena, eta sormenari dagokionez, behartuta gaude material berriak sortzera. Baina noski, penagarria eta lotsagarria da, izan ere, gaur egun aktoreen %70a lanik gabe dagoelako.

Uste duzu zuk zortea izan duzula?

-Badago zirkuitutik kanpo gelditzen den jende asko eta asko. Niri ez didate ezer oparitu, nire arrakasta erabat proportzionala da urte askotako lanarekin. Hainbat proiektu egin ditut diru gutxiren truke, eta borrokatu dut. Baina noski, egia da, badagoela jende asko nik bezainbeste borrokatu arren ordainsaririk jaso-tzen ez duena. Eta horregatik, zorionekoa sentitzen naiz, gustatzen zaidana eginez bizi naitekeelako. Baina berriz diot, oso lasai nago, lan asko egin behar izan baitut hona iristeko.

Zer behar du aktore batek gaur egun?

-Talentuduna izatea garrantzitsua da baina ez da nahikoa. Gogoa funtsezkoa da, zalantzarik gabe. Eta pazientzia eta entrenamendua ere bai.

Aktorea izango ez bazina zer izango zinateke?

-Zuzendaria. Edo sektorearekin zerikusia duen edozer, seguru.

Asko eztabaidatu izan da aktoreek beren irudiarekiko duten mendekotasunaren inguruan. Zein iritzi duzu zuk?

-Zoritxarrez aktore on gehiegi daude irudiaren kanonak ez betetzeagatik lanik ez dutenak. Eta oso larria iruditzen zait, izan ere, modeloak nahi badituzte modeloak bila ditzatela, baina aktore batek ez ditu arau horiek zertan bete. Baina, oso zaila da halako arauei buelta ematea. Inplizituki onartu behar izaten dugu...

Zenbateraino eragiten dizu zuri?

-Zorteduna naiz honetan, eta pertsonaia erabat desberdinak egin izan ditudan heinean, ez dut inoiz arazorik izan. Eta luzaroan ere hala izaten jarraitzea espero dut, ez naiz modelo bat eta ez dut izan nahi.

Amaitzeko, aitortu diguzu zure ametsa dela zurea ez den beste hizkuntza batean antzeztea. Euskararekin animatuko zinateke?

-Sekulako ilusioa egingo lidake, hizkuntza gisa aberatsa da eta nahiko nuke! Baina, ongi egin nahiko nuke, oso exigentea naiz, eta oso serio hartuko nuke, horregatik...

Euskal Herria ezagutzen duzu?

-Udan izan nintzen, Gasteizen eta Bilbon, lanean. Baina gehiagotan joateko gogoa piztu zitzaidan, asko gustuko baitut. Gustuko dut Euskal Herria bera, hizkuntza eta kultura. Eta onartu behar dut casting-ak egiten hasi nintzenean maiz galdetu zidatela euskalduna ote nintzen. Tira, gustatuko litzaidake, noski, baina katalana izatearekin oso pozik nago.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902