Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

UEUren udako ikastaro sorta, inoiz baino anitzagoa

Iruñeko sei ikastaroak ekainera aurreratu ditu UEUk, jende gehiago biltzeko asmoz

Miren Mindegia | Oskar Montero - 2016(e)ko maiatzaren 19a, osteguna - 06:09etan eguneratua

Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria), Irati Iciar (UEU) eta Mikel Haranburu (Eusko Kultur Fundazioa).

Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria), Irati Iciar (UEU) eta Mikel Haranburu (Eusko Kultur Fundazioa). (OSKAR MONTERO)

Galería Noticia

Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria), Irati Iciar (UEU) eta Mikel Haranburu (Eusko Kultur Fundazioa).

iruñea- Uda hurbiltzearekin batera, Udako Euskal Unibertsitateak ikastaroen edizio berri bati ekin dio. Aurten 30 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu UEUk, atzoko agerraldian arduradunek azpimarratu bezala, “pasa den urteko arrakasta errepikatzeko helburuarekin”. Aurtengo leloa Anitza izango da, “udako ikastaroen gai, formatu, toki eta pertsonen aberastasuna azpimarratzeko asmoz”. “Gizartean pil-pilean dauden gaiak” eta Iruñeko ikastaroen data eta leku aldaketak dira berrikuntza nagusiak. Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Eskaintza zabalari erantzuteko, aurten ikastaroak Iruñean, Baionan eta Eibarren soilik ez eta Bilbon eta Zumaian ere eskainiko dira. Gainera, Donostian ere jardunaldi bat emango da. Iruñeko eskaintzari dagokionez, sei ikastaro eta jardunaldi bat antolatu dira bertan. Nafarroako programak ere berrikuntzak dakar edizio berri honetan, izan ere, ikastaroen data aurreratzea erabaki da, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak azaldu bezala: “Guretzat aldaketa estrategikoa da, izan ere, aldaketa honekin bertako jende gehiago udako ikastaroetara etortzea du helburu. Bestetik, saiatu gara nafar gizartearentzat propio interesgarriak diren ikastaroak antolatzen: Eusko Kultur Fundazioarekin antolatu duguna, edo NUPen eskainiko dugun bestea, edota ‘Aldaketa Nafarroan, gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa?’ ikastaroa dira horren erakusgarri”.

Udako ikastaroen 40. edizioan, UEUren ekimena egonkortu dela esan daiteke. Eskaintzaren kalitateari heusteko, Irati Iciar UEUko ikastaroen arduradunaren hitzetan, ikastaroen zenbatekoa 23tan mantentzea erabaki da, beste edizioetan 40 ikastaro eskaintzera iritsi izan diren arren: “Aurten erabaki dugu gure eskaintza trinkotu eta optimizatzea. 100 ikastaro proposamen jaso ditugu eta aukeraketa egitea zaila izan da, jasotako ideiak oso onak izan direlako”.

Ikastaroak lau formatu desberdinetan sailkatu dituzte, arduradunak azaldu moduan: ikastaro espezializatuak, zeinetan aurretiko jakintza beharrezkoa den;dibulgaziozko ikastaroak, jakintza maila zehatzik eskatzen ez dutenak;garapen pertsonalekoak;eta jardunaldiak.

Aurreko urteetako hildoari jarraituz, ikastaroetan parte hartzeko diru-laguntza desberdinak aurkitu daitezke. Hala, UEUk beherapenak eskaintzen ditu ikasle, langabetu eta jubilatuen matrikuletan. Tokian tokiko udaletako batzuk ere laguntzak eskaini ohi dituzte, eta Berrialagunek ere deskontuak dauzkate.

Iruñeko jardunaldian, Eugenio Arraiza gogoan Mikel Haranburuk, Eusko Kultur Fundazioko kideak, UEUrekin batera antolatu duten “40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan. (mahai ingurua)” jardunaldiaren argibideak eman zituen atzo Iruñean eskainitako aurkezpenean. Jardunaldi hauek Iruñean egingo dira, Kondestablearen jauregian, ekainaren 27an. Haranburuk argitu bezala, iaz zendutako Eugenio Arraiza euskaltzalearen eta kultura sustatzailearen ibilbidea izango da jardunaldi honen ardatza. “Euskal Kulturaren azken 40 urteko bilakaera aztertu nahi dugu. Horretarako, Eugeniok berak buru belarri jardun zuen eta arrakastatsuak suertatu diren alorrei erreparatuko diegu: Historia edo geure historiaren berreskurapena;komunikabideak edo geure arteko harremanak;eta bertsolaritza edo geure kultur sormena. Beti ere Euskal Herria ardatz”.

JARDUNALDIAK iruñean

40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan. (mahai ingurua). Ekainak 27.

IKASTAROAK iruñean

Euskal Herria markaz eta markagintzaz: nazio garapena, berrikuntza eta parte hartzea oinarri. Komunikazioa. Ekainak 28.

Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Haurren (tran)sexualitatea ulertzen. Sexologia. Ekainak 28

Aldaketa Nafarroan, gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? Irakurketa eta etorkizunerako erronkak. Politika. Ekainak 29.

Berezko zuzenbide zibilari buruzko hausnarketak (Euskal zuzenbide zibilaren 5/2015 Legearen aldarrikapenaren harira). Zuzenbidea. Ekainak 28.

HTML aurkezpenak egiten Reveal.js plataformarekin. Informatika. Ekainak 27-28.

Tokiko Esperientzia Agroekologiko eraldatzaileak (I). Praktika agroekologikoak: oilotegi konpostadorea biohondakinen prebentziorako. Ingurugiroa. Noain. Ekainak 29.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902