Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Kamerarik gabe

Jainkoak

Maddalen Iriarte - 2016(e)ko maiatzaren 19a, osteguna - 06:14etan eguneratua

harridura sortu izan dit beti, Vaticanoko San Pedro plazan Aita Santuaren agerraldiren bat tokatu izan zaidanean, bertan bildutako jendetzaren poza eta debozioa. Han, urruti, leiho txiki batetik ageri den Eliza katolikoaren apostolu nagusiaren aurrean txundituta ikusi izan ditudanak zer pentsa jarri izan naute. Francisco Aita Santuak aldatu egin ditu ohiturak eta jendartera biltzen da aurrekoak baino gehiago. Eraldatuta ikusi izan dut jendea, algaraka edo malkotan, hunkituta, Aita Santuarenagana nola helduko hura ukitzeko. Eguzki galgatan, euripean mugitu gabe, banderak, argazki kamerak, telefonoak eta selfie makilak eskutan, denborak eta teknologiak aurrera egin duten tamainan. Inoiz pentsatu izan dut euren musika talde gustukoenaren zain zeudela.

Beste horrenbeste esan daiteke gugandik urrunago geratzen den Mekara joaten diren musulmanen kasuan, Kaaba deritzon eraikuntza kubikoan biraka milaka gizon emakume ikusten ditudanean. Adanek eraiki omen zuen kubo erraldoia eta Abrahamek berreraiki, Arafat menditik gertu. Islamarentzat toki sakratuak, denak Biblian ere aipatuak. Islamarentzat gune hori da zentroa. Bizitzan behin gutxienez hara joan behar dute eta urtero ikusten dugu jende-tza han ere. Are gehiago, sarritan hildako ugari ere bai jende oldeen eraginez. Hausnarketa sor-tzen dit, musulmanak ez direnek nola ikusten duten hura erreparatu gabe, gizon-emakume guztiok antzera mugitzen garela.

Halako ukitu bat hartzen diet gaur egun futbol estadioak betetzen dituzten abeslariei, futbolari berari ere bai, ero puntuak emanda bezala, erromesak bagina bezala mugi arazten gaituzten ekitaldi erraldoiei. Badirudi gizon-emakumeok beti behar izan dugula eta behar dugula euskarri bat, jainko edo jainkosa bat, erortzeko zorian gaudela helduko dugun makila, amiltzera goazenean oratuko gaituela pentsatzen duguna. San Pedro plaza... edo Anoeta. Brucek “Kaixo Donostia” esan eta sortutako delirioak halako zerbait iradokitzen dit.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902