Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Kontxara begira, Hemingway estilora

Txinako bi kazetari Donostian dira idazle estatubatuarraren pausoak jarraituz

A. Zabaleta - 2016(e)ko maiatzaren 16a, astelehena - 10:38etan eguneratua

Bi kazetariak Edorta Jimenezekin Donostian, atzo.

Bi kazetariak Edorta Jimenezekin Donostian, atzo. (G. Estrada)

Galería Noticia

Bi kazetariak Edorta Jimenezekin Donostian, atzo.

Donostia. Sanferminak oso gustukoak zituen, baina Kontxan bainatzea ere bai. Iruñean ez ezik, Donostian ere pasatu zituen egun asko Ernest Hemingway idazle estatubatuarrak eta hark XX. mendearen hasieran eta erdialdean Euskal Herrian ikusitakoa eta bizitakoa ezagutu nahi dute orain Txinatik etorritako bi kazetarik, National Geographic Traveller aldizkarian jaso eta argitaratzeko. Asmo horrekin atera ziren atzo Donostiako kaleetara eta Hemingwayren bidea jarraitzeko Edorta Jimenez euskal idazlea izan zuten gidari.

Iruñetik autobusean iritsi ziren Donostiara kazetariak, Hemingwayk egin ohi zuen moduan (autobiarik gabe haren bidaia luzeagoa izaten bazen ere) eta hark María Cristina hotelean ostatu hartu zuenez behin baino gehiagotan bertatik abiatu zuten bisita atzo goizean.

Fiestaizenburuarekin ezagututako The Sun Also Risesbere lehen eleberria Donostian eta Hendaian bukatu zuen idazleak, gipuzkoar hiriburuaren Belle Époque deritzon garaian bete-betean. Eta liburuaren azkenaurreko eskenatokia ere bada Donostia. Idazteaz gain, Kontxara ere joaten zen bainatzera estatubatuarra eta frontoira bisitak gustuko omen zituen. Atano izugarri gustatu zitzaiola ere onartu zuen elkarrizketa batean.

Lehen bisita horiek 1920ko hamarkadan izan baziren ere, 30 urte beranduago etortzen jarraitu zuen eta Kontxako badiari begira idatzi omen zuen The Dangerous Summer obra. Jose de Artecherekin izan zuen topaketaren ondorioz The Old Man and the Sea (Agurea ta itsasoa, Itxaropena, Zarautz) lana argitaratu zen eta egile eskubideei espreski egin zien uko Hemingwayk. Hil baino lehen, 1960.ean itzuli zen Donostiara eta gaur desagertutako Txofreko zezen plazan izan zen.

Garai haietatik Donostia zertxobait aldatu bada ere, bi kazetari txinatarrek María Cristina hotela, Kontxako hondartza eta erdialdeko eta Groseko kaleak zeharkatu zituzten atzo Hemingwayren lanak eskuetan zituztela, pasarteak komentatuz eta han eta hemen ikusten zutenarekin oharrak hartuz.

Donostian atzo abiatutako bidaiak, hala ere, jarraipena izango du ondorengo egunotan txinatarrentzat. Jimenezen gidaritzapean, Gernika bisitatuko dute eta Busturia, Bermeo, Mundaka eta Kanala ezagutuko dituzte, idazle estatubatuarrak hainbatetan egin zuen moduan. Ondoren Gasteizen izango dira eta ostegunean Bilbon amaituko dute ibilbidea.

Gainera, Urdaibain eta Bilbon John Hemingway Nobel sariaren iloba izango dute lagun, idazlea bera ere, eta Kanalan bere osabaren irudia ardatz duen eta epe laburrean zabalduko duten landetxea ezagutuko du.

Kazetari txinatarrek bidaia Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziarekin batera antolatu dute, "Ernest Hemingwayk hemen utzitako aztarnei esker gure herria ezaguna izan dadin lagunduko baitu bidaiak".


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902