Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Jon Segurado Martínez afrikan 23 urte eman dituen hondarribiarra

“Afrikatik eguraldia ekarriko nuke eta sagardoa eramango nuke hara;arrain on bat jateko orduan faltan botatzen nuen!

Jon Seguradok 46 urte ditu eta pasa den urrian bueltatu zen Hondarribira, Afrikako zenbait herrialdetan, bai pasioa duen itsasoan zein lehorrean ere 23 urtez ibili ondoren. Orain, Internet dela medio, Afrika eta Europa artean lan egitea posible du.

Xabier Sagarzazu - Sábado, 14 de Mayo de 2016 - Actualizado a las 06:13h

Jon Segurado

Galería Noticia

Jon Segurado

hondarribia- Jon Seguradok “itsasoa, arrainak eta arrantza” beti maite izan dituela esaten du, eta arrantza egin zuen bere lehenengo ogibide, patroi ikasketak egin ondoren. Gero bizitzak Afrikara eraman zuen eta handik bueltan da orain, atoiontzi negozio baten bazkide modura baina ”oraindik ere, lana, burua eta gogoa ere askotan Kongo eta Ginea Ekuatorialaren artean” dituela.

Nola amaitu zenuen Afrikan bizitzen? Zergatik horrenbeste urte eta non ibili zinen zehazki?

-Arrantza patroi ikasketak egin nituen eta beti izan nuen argi mundua ikusi nahi nuela. Ez nintzen Hondarribiko itsasontziren batean lanean jarri, garai hartan aukera bazegoen ere. Nire lehenengo itsas esperientzia Terranova izan zen eta gero, sei urtez aritu nintzen Kongo frantsesean, ganbaren arrantzan zebilen itsasontzi batean. Gerra zibila zen han 1997. urteko Gabonetan, eta karga ontzi handiago batera aldatu, tripulazioaren erreleboa egin eta hornidurak jasotzeko lanak Punta Negrako portuan egin ordez, Sao Tomé eta Printzipeko uhartean egin genituen. Izugarri gustatu zitzaidan lekua eta hurrengo errelebo txanda heldu zenean, etxera bueltatu beharrean, nire betiko ametsetako bat betetzea erabaki nuen. Belaontzi bat erosi nuen eta Sao Tomén geratu nintzen. Urtebete pasatxo eman nuen han, ontzia konpondu eta ondo atondu ostean, turista eta kooperanteei itsas ibilaldiak ematen eta biziki maite dudan urpeko arrantzan aritu eta bi gauzetaz bizitzen. Lagun frantses batekin Gaboneko Librevillera garraio itsasontzi zerbitzu bat eskaintzeko proiektua martxan jartzekotan ginela, dena okertu zen. Laguna lapurreta batean erahil zuten eta jota utzi ninduen guzti hark. Horregatik, atun ontzi batean lau hilabeteko lana egin ondoren, Ginea Ekuatorialera joan nintzen lanera, Malabora, eta lehorrean aritu nintzen han sei urtez, gaur egun nire bazkide dena ezagutu nuen arte. Frantsesa da bera, familia zeukan eta Europara bueltatu nahi zuen. Horregatik, bere atoiontzi enpresa kudeatzen laguntzen hasi nintzen eta gero, bazkide egin ginen. Ginea eta Kongo artean egon naiz urte hauetan. Semea ere izan genuen nire bikotea zenak eta nik, eta bueltatzea erabaki nuen.Aukera asko eskaintzen dituen kontinentea da Afrika eta gustura ibili nintzen han urte guzti horietan.

Zergatik bueltatu zara orduan?

-Bereziki, semearengatik. Hemen jaio zen haurra eta Ginean edo Kongon ume bat haztea ez da gauza erraza, segurtasuna eta bestelako gauza askorengatik. Gainera, gaur egun, Interneten bitartez, nire lanaren zati haundi bat Hondarribitik kudeatu nezake. Bidaiak ere egiten ditut, bai Malabora, bai Kongora, baina beste modu batean orain.

Zer da Afrikataz gehien maite izan duzuna? Zer ekarriko zenuke handik hona? Eta zer eramango zenuke hemendik hara?

-Eguraldia ekarriko nuke! Nik behintzat, askoz hobe jasaten ditut hango beroak hemengo euri eta hotzak baino. Eta jendea ere zoragarria da, lagun haundiak egin ditut Sao Tomén, Kongon, Ginean edo Kamerunen. Eta urte guzti hauetan gehien faltatu izan zaidana sagardoa da. Arrain jale amorratua naiz eta han ez zait faltatu izan. Eguraldia ederra zen, urpeko arrantzarako paradisua da hura baina... zenbat aldiz bota dudan faltan sagardo freskoa, arraina laguntzeko!

Hondarribira maiz etorri izan zinen urte guzti horietan? Asko aldatu al da 23 urte hauetan? Faltan botatzen zenuen jaioterria?

-Urtean behin gutxienez etorri izan naiz denbora honetan, oporraldiak pasatzera. Asko aldatu da Hondarribia, noski, eta ez onerako zentzu askotan. Faltan bota izan dut, nola ez. Baina bihotzean daramadan Hondarribia ez da duela 20-25 urtekoa, ez eta txikia nintzen garaietakoa ere. Edozer emango nuke nire aiton-amonen edo birraiton-amonen garaiko Hondarribia zaharra, argazki zaharretan ikusten den hura ezagutu eta bizitzeagatik! Garai hartako itsasontziak, Higer lurmuturra bere izaera naturalean eta hemen egiten zen arrantza guztia... Itsasoa eta arrantza maite ditudanez, garai haiek ekarriko nituzke bueltan.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902