Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Alaine Agirre idazlea

“Liburuaren sorreran nire beldur bat dago”

Alaine Agirre idazle bizkaitarraren ‘X hil da’ liburu “gordin eta indartsuak” lortu du aurtengo Zilarrezko Euskadi Saria euskaraz

Marta Esnaola Javi Colmenero - 2016(e)ko maiatzaren 6a, ostirala - 06:15etan eguneratua

Alaine Agirre idazlea, atzo, Donostian.

Alaine Agirre idazlea, atzo, Donostian.

Galería Noticia

Alaine Agirre idazlea, atzo, Donostian.

donostia- Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazleak ez luke jakingo zehazten zein punturaino den X hil da (Elkar) autobiografia edo fikzioa, baina bere bizitza -eta aldi berean, irakurlearena- literaturara eramaten saiatu dela dio. Zilarrezko Euskadi Saria jaso berri duen liburuaren protagonistaren bikotekidea, X deiturikoa, “behin eta berriro hil” du Agirrek, pertsonaia nagusiaren beldurra hori baita. Honela, ikara, obsesioa, pasioa eta maitasuna bezalako sentimenduak garatu ditu. Gainera, egile gaztea gai horiez mintzatuko da gaur Jasone Osororekin Koldo Mitxelenan 19.30ean hasiko den hitzorduan eta Saioa Royo aktoreak irakurketa dramatizatua eskainiko du.

Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia?

-Zer kontatu jakin gabe, “X hil zait” idatzi nuen lehenengo esaldian eta gero lehen atala garatu nuen, idazteari buruzkoa. Hala ere, sorreran nire beldur bat dagoela esan daiteke.

Maitasuna bezalako gaiak oso presente daude, baina heriotzaz edota beldurrez hitz egiten duzu.

-Jendeak esaten du heriotzari buruzko liburua dela. Nire iritziz, maitasun istorioa da, baina ez da ohikoa.

Gai gogorrak dira eta modu zuzenean kontatu dituzu. Nola egin diozu aurre horri?

-Nire negarrak bota nituen. Estilo aldetik gordina izatearena lehendik ekarri dut, nahi gabe atera zait, intuizioz idatziz. Pentsatzen dudana errespetatu dut.

Gai latz hauek askotan jende zaharragoarekin lotzen dira. Gaztetasunetik ere esperientzia hauek kontatu daitezkela erakutsi duzu.

-Ez nago ados esperientzia gehiago duen jendeak gai batzuk jorratu behar dituela eta gazteok beste zerbaiti buruz idatzi behar dugula diotenekin. Agian egia da nire aurreko liburua, Odol mamituak, gazte bati buruzkoa dela eta oraingo honek emakume baten gogoetak erakusten dituela. Baina ez dut uste nik heldutasuna irabazi dudanik, nire bizitzako prozesuekin batera etorri da.

Zergatik X?

-Matematiketan asko erabiltzen den aldagaia da. Ez zait gustatzen izenak jartzea, nahiz eta fikziozko izen bat izan. Ez dut ikusten. Nik ikusten ditut pertsonaiak ekuazio bateko aldagaiak balira bezala. Nabari da Fisika ikasten hasi nintzela, oraindik matematikak ez ditut barrutik atera.

Liburuaren idazkera oso konpulsiboa izan dela diozu.

-Oso denbora tarte txikian idatzi nuen. Azterketak zirela eta, denbora batez utzi behar izan nuen eta oso gogorra egin zitzaidan. Hurrengo proiektua lasai idatziko nuela esan nuen, baina ezin diot idazteari utzi zerbaitekin hasitakoan.

Eta noiz hartu zenuen patxada?

-Liburu honetan ez nuen egin edizio lan handirik, bizi nuen momentua errespetatu nuen;oso azkar jarri nion amaierako puntua.

Duela oso gutxi haur literaturako liburu bat aurkeztu duzu. Nola moldatu zara hain gai zail baten ondoren haurrentzat idazteko?

-Bere zailtasuna du. Beti konpara-tzen dut flauta eta flautinaren kasuarekin: batetik bestera pasa behar dudanean, hasieran ez naiz eroso sentitzen, baina gero ohitu egiten naiz eta berriro aldatzean, deserosotasuna dator berriz. Nire munduari begira-tzeko modua ezberdina da batean eta bestean. Hala ere, nire asmoa da gai zailagoak eta gutxiago ikusten direnak jorratzea haur literaturan ere, heriotza eta autismoa, besteak beste. Gainera, gustatuko litzaidake zerbait ganberroagoa idaztea umeentzat.

Zer esan nahi du zuretzat Zilarrezko Euskadi Saria irabazteak?

-Iaz ezagutu nuen saria, Danele Sarriugarteri eman zioten eta, baina aurten ez nintzen gogoratzen. Andoni Arantzegik deitu zidan sariaren berri emateko, eta ez nuen ezer uler-tzen hasieran. Gainera, niri ematea pentsaezina zen niretzat. Zoragarria da, oraindik ezin dut sinetsi. Honekin liburuari bultzada ematea espero dut.

Joseba Jaka beka jaso berri duzu. Zein proiektutan ari zara lanean?

-Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama izena du eta familia arteko harremanez hitz egiten du. Lan honekin ziklo bat bukatuko dut, niri buruz idazten dudana, guztiz hustuko naizela uste dut. Ez dakit gero zer egingo dudan.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902