Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Ezkondu ala izatezko bikotea eratu?

Por F.Javier Arrieta Idiakez, Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea) - Sábado, 30 de Abril de 2016 - Actualizado a las 07:28h

Udaberritik aurrera, eguraldia hobea izan ohi denean, asko dira euren bikote-bizitzan aurrerapauso garrantzitsua ematea erabakitzen dutenak, euren arteko maitasun-harremanak gizarteratzean. Gizarteratu diogu, urrats horren bidez bikoteak eskubideak eta betebeharrak bereganatuko dituelako gizartearekin, konpromisoa alegia. Horretarako, bi aukera daude: ezkontzea eta izatezko bikotea eratzea. Azken buruan, bataren zein bestearen alde egin, bikotekideak zuzenbidearen mende geratuko dira, hots, beraien arteko harremanak araututa geratuko dira. Beraz, egia esan, “izatezko bikote” deritzogunak “zuzenbideko bikote” beharko luke, zuzen hitz eginez gero, behinik behin. Izan ere, egon badago aukera zuzenbidetik kanpo bikote-bizitza egiteko, gizartearekin inolako konpromisorik hartu gabe, onerako nahiz txarrerako. Egin-eginean ere, egoera horrek bakarrik izan beharko luke “izatezko bikote”.
Bestalde, maitasun –edo afektibitate– harremanez landa, gure artean ez dago araututa “elkarri laguntzeko elkarbizitza edo elkarbizi-tza solidarioa”, eta, horrenbestez, hori ere hartu ahal izango genuke “izatezko bikote” gisa, esangura zabalean, arestian egindako ñabardura aintzat hartuz gero. Aitzitik, Katalunian arautu dute hori. Bada, Kataluniako Kode Zibilaren arabera, elkarbizitza-mota horretan, interes nagusia da elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiagok elkarri laguntzea, gastu erkideak eta etxeko lana banatuz, bizitza-baldintzak hobetze aldera. Baina erakunde horretatik bazter utzi behar da lagunen arteko arrazoietan, ikasketa-arrazoietan, kultura-arrazoietan edo antzekoetan oinarritutako elkarbizitza.
Okerretako izendatze hori dela eta, sarritan arazoak sortzen dira. Konparazio baterako, esangura zabalean “izatezko bikote” diren askok, hots, zuzenbidetik at bizi diren askok, uste dute zuzenbideak “izatezko bikote” deritzon erakundeari aitortutako eskubideak dituztela, alarguntasun-pentsioari dagokionez kasu. Izendapenak izendapen, zuzenbidearen arabera jardun nahi duten bikote askok zalantzak izaten dituzte, ezkontzearen ala araututako izatezko bikotea eratzearen artean. Zeinen alde egin? Ondorioak berberak al dira? Ala desberdintasunak ote daude?
Galderoi erantzuteko abiapuntua da Euskal Autonomia Erkidegoko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea, izatezko bikotekoak arautzekoa. Bada, halakoen kasuan, kontuan hartu behar da, eskubide eta betebeharrez hitz egiteko, aldez aurretik izatezko bikote izateko betekizunak bete behar direla: adin nagusiko edo adingabeko emantzipatua izatea;gaitasun osoa izatea;bikoteko kideek euren artean lerro zuzeneko odol –edo adopzio– ahaidetasunik ez izatea, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere;euren artean harreman sexual edo afektiboa izatea, sexu berekoak edo desberdinekoak izatea gorabehera;beste inorekin ez izatea ezkontzaren edo izatezko bikotearen bidezko loturarik;bikotekideetatik batek behintzat euskal auzotartasun zibila izatea;bikotea inskribatzea EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroan, bertoko ziurtagiria jasoz, baliogarri izango dena bikotearen eraketa eta ondasun-eraentza egiaztatzeko (aukeran, izatezko bikoteen udal-erregistroak dituzten herrietako inskripzioek ere eraketa-ondore bera izango dute, betiere, inskripzioa gauzatzean aipatu legearen araberako eskakizunak betetzen badira;eskakizunok bete izana EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroak egiaztatu behar du beti);izatezko bikotea inskribatzean, bikotekideek horretarako borondatea adieraztea, bai eta bi-bien bizilekua izango dena ere.
Horrela, betekizun horiek guztiak betez gero, posible da izatezko bikotearen kideek euren harreman pertsonalak eta ondarezkoak arautzea, agiri publikoaren nahiz pribatuaren bidez, euretariko bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuz, bai eta bikotea deseginez gero eman beharreko konpentsazio ekonomikoak ere. Gainera, bikotekideek berariazko itunik egin ezean, badute aukera euskal legeak ezarritako klausula orokorrei atxiki-tzeko. Alabaina, esanbidezko itunik egin ez, eta legearen araberako klausula orokorren aldeko apustua ere ez bada egiten, Espainiako Kode Zibileko ondasunen banantze-eraentza aplikatuko da. Haatik, ezkontza-kasuetan, ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoak, ezarri du ondasunen araubideari dagokionez ezkontzako itunik egin ezean, edo egindakoak askiezak edo deusezak izanez gero, Espainiako Kode Zibileko irabazpidezko sozietatearen arauak aplikatuko direla, salbu eta ezkongaiak Bizkaiko lur lauko, Aramaioko edo Laudioko auzotarrak direnean, azken horiei ondasunen foru-komunikazioari buruzko araubidea aplikatuko bai-tzaie. Horretan beraz badago desberdintasunik. Bestalde, izatezko bikotekideek ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berberak dituzte seme-alabak adoptatu zein harreran hartzeko. Halaber, oinordetza-ondoreetarako, izatezko bikoteak eta ezkondutako bikoteak parekotzat hartzen dira, 5/2015 Legea oinarri hartuta. Eta beste horrenbeste gerta-tzen da zerga-tratamenduari, osasun-zerbi-tzuei, zaharrentzako egoitzei, heriotza osteko administrazio-izapideei, espetxeetako erregimenari eta, oro har, EAEko administrazio publikoekin izan litzaketen harreman juridiko guztiei dagokienez.
Lanbide-arauketei erreparatuz gero, 2/2003 Legeak, funtzionarioen kasuan, beren-beregi parekatu ditu ezkontideen eta izatezko bikotekideen eskubide eta betebeharrak, esaterako, lizentzia edo baimen, administrazio-egoera eta lanpostuak betetzeari dagokionez. Ai-tzitik, inorentzako edo alokairuko langileen kasuan, lan-arloko legegintza Estatuko eskumen esklusibokoa denez, Langileen Estatutuak eta berau garatzeko erregelamenduek ezarritakoa hartu behar da kontuan, baina hitzarmen kolektibo edo enpresako itun bidez ezar daitezkeen hobekuntzei kalterik egin gabe. Halatan, Langileen Estatutuak egutegiko 15 eguneko baimenaldi ordaindua aitor-tzen die langileei ezkontzeagatik. Bestela esanda, izatezko bikotea eratzeagatik eskubide hori izan dadin, nahitaezkoa da hitzarmen kolektibo edo enpresako itun bidez hori aitortzea. Amatasun eta aitatasunarengatiko baimenaldiei dagokienez, eskubide berberak izango dituzte. Beste horrenbeste gertatu beharko litzateke Langileen Estatutuak langileei aitortutako zenbait eskubiderekin, hala nola, baimenaldi ordainduarekin (2 egunekoa izango dena) zenbait senideren heriotzarengatik, gaixotasun nahiz istripu larriengatik, ospitaleratzearengatik edo ospitaleratzerik behar ez duen ebakuntza kirurgikoarengatik, etxeko atsedena behar bada;eta lanaldia murriztearekin nahiz eszedentziarekin, zenbait senide zaintzeagatik. Edozein kasutan, halakoetan sor daitezkeen interpretazio arazoak saihesteko, komenigarri da hitzarmen kolektiboetan edo enpresako itunetan esanbidez parekatzea ezkontideen eta izatezko bikoteko kideen eskubideak.
Gizarte Segurantzan, ordea, badago desberdintasun nabaria, alarguntasun-pentsioari begira. Arean ere, izatezko bikotekideei betekizun batzuk ezarri zaizkie, ezkontideei ezarri ez zaizkienak. Bi kasuotan kotizazioaldi bera izan behar bada ere, izatezko bikotean bizirik jarraitzen duenak hainbat inguruabar egiaztatu behar du. Hasteko, izatezko bikotea izan dela. Hori egiaztatuko da bikotea
Erregistroan inskribatuta dagoela dioen
ziurtagiriarekin edo bikote hori eratu izana jaso duen agiri publikoarekin. Baina beharrezkoa da ziurtagiria edo agiria kausatzailea hil baino bi urte lehenagokoa izatea. Jarrai-tzeko, kausatzailea hil aurreko egutegiko urtean, bere diru-sarrerak ez heltzea bereak eta kausatzaileak aldi berean zituenak batuta lortutako zenbatekoaren %50era edo legeak ezarritako gutxieneko beste kopuru batzuetara, kasuen arabera. Amaitzeko, elkarbizitza egonkorra eta nabaria izatea, justu kausatzailea hil aurretik eta etenik gabekoa, gutxienez,bost urtez. Hori egiazta daiteke errolda-tze-ziurtagiriaren bidez eta zuzenbidean onartutako frogetatik edozeinen bidez.
Labur-zurrean esanda, badira desberdintasunak ezkontzearen edo izatezko bikotea era-tzearen artean. Familia-eredu desberdintzat hartu dira bi-biak, eta, hain zuzen, horrexegatik, Konstituzio Auzitegiaren esanetan, zilegi da ondorio desberdinak izatea. Jakina, bi erakundeon ondorioak berberak balira, ez luke zentzurik izango ezkontzatik at bestelako
erakunde bat sortzeak. Zenbat buruhauste, zertarako eta zuzenbidearen baitan jarrai-tzeko. Bestela, betebeharrik ez legoke, baina ezta eskubiderik ere ez. Litekeena da izatezko bikoteak horregatik arautu izana, hau da, eskubiderik gabe ez uzteko, printzipioz, zuzenbidetik at gelditzea erabaki zuten asko, gaur egun, halabeharrez, “zuzenbideko bikote” bihurtu direnak. Bitxia.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902