Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
maiatzaren 19tik 22ra

Leioako XVII. Umore Azokak 50 konpainiaren 125 emanaldi eskainiko ditu

27.000 bisitari eta 200 artista baino gehiagorekin, herri osoa bihurtzen da eszenatoki erraldoi

EP - 2016(e)ko apirilaren 27a, asteazkena - 13:03etan eguneratua

Galería Noticia

Leioako XVII. Umore Azoka maiatzaren 19tik 22ra ospatuko da eta 50 konpainiaren 54 ikuskizun eta 125 emanaldi eskainiko ditu. Gainera, erabateko 21 estreinaldi izango dira, hau da, programako hiru ikuskizunetatik bi erabateko estreinaldiak izango dira.

BILBO. Ana Lopez Asensio Umore Azokako zuzendari artistikoak Bilbon egindako aurkezpenean azaldu ditu xehetasunak. "Aurten erabateko 21 estreinaldi izango dira Umore Azokan. Eta hori gutxi balitz, estatu mailako 12 estreinaldi, hiru kale estreinaldi, ikuskizun baten gaztelerazko bertsioa, eta hiru kaleko estreinaldi ere eskainiko ditu. Kale arteen konpainiek Leioan egon nahi dutela erakusten dute datuek", esan du.

Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu ditu azokako datuak Lopez Asensiok asteazken honetan, eta berarekin izan dira Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea, Leioako Udala baita azokaren antolatzaile eta sustatzailea.

Programaren "kalitatea, aniztasuna eta diziplinen arteko oreka" azpimarratu ditu zuzendariak, dantza, antzerki, zirku eta clown ikuskizunek osatuko baitute programazioa. Oparotasun horren adibide dira Umore Azokan egongo diren euskal taldeak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 konpainiak 19 ikuskizun eskainiko baitituzte Leioan, eta erabateko estreinaldiak izango dira horietako 11.

Taldeen artean daude Deabru Beltzak, Ana Capilla &Julia Fäber, Bapatean, Cía. Laura Cobo, Laglo Zirko Dantza &Compañía, Larrua, Plataforma Tirante Colectivo, Philo&Jole, Sainete, Shuar Prest eta Trapu Zaharrak. Gainera, Nafarroatik La Banda taldea ere izango da bere ikuskizuna estreinatzen.

Gainontzeko parte hartzaileen artean 19 Espainiako Estatukoak dira (Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Valentzia), hamar estreinaldirekin, eta azpimarratzekoa da Kataluniaren partaidetza nabarmena, besteak beste, Del Revés, La Industrial Teatrera eta Mumusic circus talde ezagunak Leioan izango direlako. Andaluziako zirkuak ohi baino ordezkaritza handiagoa izango du aurten, bost talde andaluziar gerturatuko baitira Leioara, eta bi taldek ikuskizuna estreinatuko baitute Umore Azokan.

Nazioarteko 12 konpainia ere izango dira (Frantzia, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia eta Japonia), estatu mailako 11 estreinaldirekin eta erabateko estreinaldi batekin. Frantziako Les Goulus talde historikoaren partaidetza nabarmendu dute, Umore Azoka aukeratu baitu taldeak "Riders from nowhere" obra estreinatzeko. Era berean, Bakhus talde frantsesak bi ikuskizun ekarriko ditu Leioara: akrobazia koreografietan oinarritutako "Glaucos" eta poesia handiko "LÒmbre de Coré" dantza pieza.

Gainera, Frantziako zirku proposamen originalaren erakusle, 100 racines konpainiak "Au pied du mur" obra ekarriko du Leioara. Diaboloa gustuko dutenek, berriz, Tsubasa Watanabe japoniarraren proposamenarekin gozatzeko aukera izango dute.

Beste alde batetik, Leioako taldeek ere presentzia propioa izango dute azokan, horretarako sortu baitute antolatzaileek "Bertako Eszena" izeneko atala. "Umore Azoka Leioako Udalaren proiektua eta apustua da, eta ondorioz, ezinbesteko ikusten dugu bertako taldeen parte hartzea programaren barruan", adierazi du Mari Carmen Urbieta alkateak.

Horrela, Umore Azokan izango dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz, Despertar los sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola eta Gerry Regitschnig clowna.

JAIALDIA, FESTA ETA AZOKA

Lopez Asensiok hiru ardatz azaldu ditu Umore Azokaren deskribapen modura. "Umore Azoka jaialdia da, festa da, eta azoka da. Jaialdia da, ze kalitatezko programazio oparoa eskaintzen du. Festa da, ze Leioa jendez bete eta festa giroan murgiltzen du lau egunez. Eta azoka ere bada, ze kale arteen profesionalen topaleku da".

Umore Azokako profesionalentzako topalekuan 200 lagun elkartzen dira urtero, hala nola programatzaileak, azoketako zuzendariak, aholkulariak, produktoreak edota banatzaileak.

Aurten, gainera, Frantziako Chalon dans la Rue eta Libourneko Fest'Arts azoketako profesional entzutetsuak, Koreako Hi Seoul Festival eta Ansan Street Arts Festival jaialdietako arduradunak, eta New Yorkeko SummerStage jaialdiko profesionalak izango dira Leioan.

Hori dela eta, hainbat batzar eta topaketa egiteko "leku ezin aproposagoa" da Umore Azoka, eta badira nobedadeak alor honetan ere, besteak beste, II. Euskadi-Akitania topaketa egingo delako aurten Leioan, Etxepare Institutuak, Euskal Kultur Erakundeak, eta Akitania-Euskadi euroeskualdeak sustatuta.

Halaber, Sarea euskal antzoki sarearen urteko batzarra ere egingo da, eta profesionalen elkargune eta proposamen trukerako leku izango den Artekale espazioa ere izango du azokak.

Halere, Umore Azoka ez da programaziora mugatzen, eta ikuskizun berriak ere sustatzen ditu eta konpainiei egoitzak egiteko aukera eta entsegatzeko lekuak eskaintzen dizkie horregatik. Aurten bost taldek jaso dute azokaren babesa. Horri esker "Su à feu" perkusio eta piroteknia ikuskizuna estreinatuko du Leioan Deabru Beltzak konpainiak, esaterako, eta Frantziako Vendaval taldeak "Soif" ikuskizunaren gaztelerazko bertsioa eskainiko du aurrenekoz.

Nacho Diago, La Industrial Teatrera, eta Laura Cobo taldeek ere jaso dute azokaren babesa. Zehazki, "Mr. Smith" pieza estreinatuko du.

Cobok Leioan, eta haren lagin bat eskaini die hedabideen prentsaurrekoan. "Sorkuntzaren aldeko konpromiso argia du Umore Azokak, eta babes hori oinarrizkotzat du gainera kale arteen programazioaren kalitatea bermatzeko", ziurtatu du Lopez Asensiok.

ESZENATOKI ERRALDOI

27.000 bisitari eta 200 artista baino gehiagorekin, Leioa osoa bihurtzen da eszenatoki erraldoi lau egunez. 26 kokagunetan 16 espazio eszeniko izango dira, eta lehen aldiz igande gauera arte luzatuko dira ekitaldiak. "Festak asteburua amaitu arte jarrai dezan nahi dugu", esan du azokako zuzendariak.

Orain arte programazioa igande eguerdian amaitu da beti, baina Pinosolo parkean dagoen Kalian Hiri Kulturgunean piknika eta ekimenak antolatu dira gauera arte.

Umore Azoka hasi aurretik ere hiru ikastaro eskainiko ditu jaialdiak: maiatzaren 11n Pepe Zapata marketin adituak email bidez komunikazio estrategia nola hobetu erakusteko ikastaroa eskainiko du;maiatzaren 17 eta 18an Matias Zanotti aktore eta jantzi egileak osagarri eszenikoen eta jantziteriaren inguruko tailerra eskainiko du;eta maiatzaren 19 eta 20an, azoka hasi berritan, Fafá Franco ile apaintzaileak orrazketa, jantzi eta irudi pertsonalaren inguruko ikastaroa emango du.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902