Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Hiriak giltzarri

Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria - Viernes, 22 de Abril de 2016 - Actualizado a las 07:00h

Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Mauleko alkateak Huheziko euskara batzordeak antolatutako "Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak" izeneko mahai-inguruan parte hartu zuten martxoaren 10ean.

Jakineko kontua da hiri horietako hizkuntza politiken garapen maila oso diferentea dela eta alde nabarmenak daudela batetik bestera. Hiriburuetan euskara normaltasunez erabiltzea, bereziki orain arte euskararen presentzia nahi baino txikiagoa izan den eremu horietan, izan zen ekitaldiaren mezu nagusietako bat.

Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeez, urte hauetan egindako aurrerapausoez, hirietako plangintzez, erronkez eta asmoez jardun zuten. Ardura eta eginkizun handiak dituzte udalek aurrera begira gure eskubideen bermatzaile izango badira. Helburu horri begira, ekinbide eraginkor eta neurgarriak proposatu beharko lituzkete, baliabidez ongi hornituta eta egoki kudeatuta, norbanakoak eta espazioak euskaduntzeari begirakoak, ikuspegi osoarekin eta gainerako instituzioekin zein gizarte erakundeekin egoki koordinatuta.

Hiriak funtsezkoak dira euskara sustatzeko eta garatzeko garaian. Bertan pertsonak eta zerbitzuak biltzen dira eta horietan hizkuntzak ere kudeatu behar izaten dira. Bistakoa da udalek herritarron eskaerei erantzun egokia eman behar dietela, bizi kalitate egokia eskaini behar dutela, eskubide guzti-guztiak baliatzeko aukera bermatuta, hizkuntzari dagozkionak barne direlarik.

Azken honi lotuta, apirilaren 7an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen eta beste tokiko erakundeen eskumenak eta finantzaketa arautuko dituen legea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Udalen esku utziko du euskara administrazioaren lan hizkuntza bihurtzeko erabakia, eta euskara politikak sustatzeko gaitasuna ere aitortuko die. Nabarmentzekoa da legeak babes juridikoa handitzen lagundu nahi duela, eta kanpo esku-hartzeen aurrean tresnak eskaini nahi dituela. Euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da toki-erakunde horietan eta erabilera normala eta orokorra izango du bertan. Berariaz adierazten da, gainera, euskaraz egin daitekeela egintza eta izapide oro. Bestalde, euskararen erabilera sustatzeko, planifikatzeko eta dinamizatzeko eskumenak aitortzen zaizkie udalei. Bide horretan, aukera ematen zaie udalei bitartekoak jartzeko, baita bitarteko arauemaile eta ekonomikoak ere, eta aukera, orobat, euskararen eremuan beste erakunde batzuekin lankidetzan edonolako formulak bilatzeko.

Udalerri euskaldunek, arnasguneek, eskumen gehiago izango dute euskararen aldeko politikak gauzatzeko. Esate baterako: udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileri dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira. Halaber, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira.

Legearen testuan ageri denaren arabera, apustu sendoa egin nahi da euskararen garapenaren alde, euskal toki-administrazioa benetan euskalduna izan dadin. Legeak dioenez, asmoa da aitzindari izatea prozesu batean non botere publiko guztiek apustu irmoa egin behar baitute euskararen alde, haren garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak alboratuz. Legeak babesten du, kasuan kasuko toki erakundeak hala erabakitzen badu, euskara erakunde horretako zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izatea. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu eta euskararen erabilera normaliza-tzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu. Era berean, euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena izango dute, horretarako zerbitzuak eta jarduerak zuzenean antolatuz, edo beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatze aldera burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz. Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onartuz.

Hiriak giltzarri dira euskararen biziberritzearen prozesuan. Ikuskizun dago legea giltzarri izango ote den euskal toki administrazioak benetan euskaraz lan egin dezan eta zerbitzuak euskaraz eskaini ditzan;ez dezagun ahaztu legeak gaztelaniazko jardun normala ere zilegi bihurtzen duela. Ikuskizun dago, halaber, udalek eta arduradun politikoek aukera balia-tzen asmatuko duten, edo baliatu nahiko duten ere. 


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902