Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Anne Etchegoyenek euskaraz abestuko ditu disko berriko kantu guztiak

Datorren urtean kaleratuko du ‘Compostelle’ eta larunbatean Donostiako Victoria Eugeniako taulara igoko da

Franck Dolosor Gorka Estrada - Martes, 19 de Abril de 2016 - Actualizado a las 06:12h

Anne Etchegoyen, Donostian, artxiboko irudi batean.

Anne Etchegoyen, Donostian, artxiboko irudi batean.

Galería Noticia

Anne Etchegoyen, Donostian, artxiboko irudi batean.

Baiona- Txalapartaren kolpeak nahasirik Anne Etchegoyen abeslariaren ahots eztiarekin. Donapaleutarra disko berria lantzen ari da egunotan Biarritzeko Lagunak estudioan. Universal Music diskoetxeak datorren urtean argitaratuko du behe-nafarraren obra berria, Credo labelaren baitan. Bidarteko kostan barrena goizero egiten dituen lasterkaldien ondotik, Anne Etchegoyen lanean dabil buru belarri disko berriak bilduko dituen hamabi-hamalau abestiak prestatzen, ia denak euskaraz.

Anne Etchegoyenek milaka anekdota dauzka beti aipatzeko. Izan ere, duela hiru urte Les Voix Basquesdiskoaren 70.000 ale saldu zituen urrezko diskoa eskuratuz Frantzian;milaka jarraitzailek hurbiletik segi-tzen dute bere ibilbidea;milaka lagunek ikusten dituzte bere bideoklipak sarean;eta ehunka entzule joaten zaizkio beti kantaldietara Euskal Herrian, Frantzian edo Atlantikoaren beste aldean, Ameriketako Estatu Batuetan eta Argentinan. Anneren beste zenbaki bat 880 izan liteke. Izan ere, joan den udazkenean ia bederatzirehun kilometro egin zituen oinez Donejakue bideetan barrena, sorterritik Muxiaraino, Donapaleu eta Galizia lotuz, inspirazio bila. Gizatasun handiko bidaian, aspaldiko adiskideak eta lagun berriak topatu eta elementu berriak aurkitu zituen disko berria apailatzeko.

Donapaleun (Nafarroa Behera) igaro zuen haurtzaroa Anne Etchegoyenek. Bertan, kirolari eman zion garrantzia eskubaloia eta tenisa praktikatuz, besteak beste. Dena den, laster agertu zitzaion ama baztandarrarengandik jasotako kantu zaletasuna eta zortzi urte besterik ez zeuzkala ume koro batean parte hartu zuen, Amikuzen bertan. Geroago, 16 urteetan Baiona eta Bordeleko kontserbatorioko kantu klasiko ikastaroetan ibili zen kantu lirikoa ikasten. Poliki-poliki, bere bidea egin zuen zenbait kantu txapelketatan parte hartuz eta Oldarra abesbatzarekin abestuz. Geroago etorri ziren bere bakarkako diskoak eta Aizkoa koroarekin egindako elkarlan oparoa. Frantziako telebistako hainbat saio eta telesail batean ere agertu zen eta horrek oldar handiagoa eman zion gaur egun 36 urte dituen abeslariaren ibilbideari.

Erronka berria Compostelledisko berria erronka handia da Etchegoyenentzat, aurreko bi diskoetan bezala ez baitu Aizkoa gizon koroa ondoan izango. Halere, kantu batean babestuko dute eta beste askotan laguntzaile berriak izango ditu: Patxi Garat saratarra, Xabier Vesga txistulari errenteriarra edota Aitor Beltran txalapartaria, besteak beste. Lapurtarrak laguntza eman dio Etchegoyeni euskal diaspora aipatzeko eta duela gutxi hil zaizkion bi amonak omentzeko.

Bestalde, Entzun, Kanpaiak eta Loretxoa abestietan Aitor Beltranen txalapartaz gozatu ahal izango da. Elkarlana interesgarria iduritu zaio Beltrani, bere esanetan ahots polita duen neska atsegina baita Anne. Bien arteko kontrastea suabea izango dela aurreratu du txalapartariak, batak besteari laguntzen baitio. Biarritzen egindako grabaketan pozik agertu zen Aitor Beltran, apustu galanta delakoan horrelako lanak egitea.

Xabier Vesga Elizalde Errenteriako udal txistulari taldeko zuzendariak ere ilusioz eta plazerrez hartu du Etchegoyenekin burututako elkarlana. Carlos Nuñez eta Kukai taldearekin aritu izan da Vesga eta orain munta handikoa iduritzen zaio euskal tresnak sartzea Frantzia eta Europako hainbat herrialdetan hedatuko den disko batean. Bestalde, Biotz Alai Algortako abesbatza, Paz de Ciganda Iruñeako ikastolako haur koroa eta Madagaskarreko ume koral bat ere agertuko dira diskoan. Bertako hizkuntzan eta frantsesez aritzearen garrantzia azpimarratzen du Etchegoyenek, kulturak zubigintza egiten lagundu behar duelakoan, bere ustez. Elkarlan horrek dimentsio are jendakinagoa emango dio diskoari, gaztetxo hauek umezurztegi batean bizi baitira.

Arrakastaren giltza Kantuaren bidez, Euskal Herria ezagutaraztea, baloreak partekatzea eta kulturak nahastea dira Anne Etchegoyenen helburu nagusiak. Oinak euskal lurretan dauzka beti baina bere begiek ez dute mugarik eta ez du inoiz beldurrik arrotzei eskua luzatzeko. Gisa horretan, duela zenbait urte bostekoa eman zien Parisko musikari batzuei. Anne Etchegoyenen euskal doinuak moldatu eta egokitu zituzten;eta abeslariaren esanetan horretan datza bere arrakastaren zati handi bat. Gainera, Annek berak detaile guztiak zaintzen ditu: ahotsa, itxura, taulen gaineko agerraldiak, argazkiak, orrazkera, bideoklipak, janzkera eta diskoen salmenta.

Bere buruarekin hobe sentitzeko, kantariak euskara ikasteari ekin zion iaz. Frantsesa eta gaztelaniaz gain, orain Bernat Etxepareren hizkun-tzan ere aise hitz egin dezake Etchegoyenek. Hainbat hilabetez Bizkaiko barnetegi batean ordu luzeko ikasketak egin zituen behe-nafarrak. Ipar Euskal Herrian, pertsonai publiko gutxi dira euskara ikasten dutenak eta egun batez agerraldiak euskaraz egiten hasten. Gainera, euskararena ez da Anneren konpromiso bakarra, Iparraldean sortzear dagoen herri elkargo bakarraren proiektuaren alde ere agertu baita publikoki. Egitura honi esker eta lehen aldiz, euskal egitura berean bilduko lirateke Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa. Proiektua osotasunean ikusi behar dela dio abeslariak. Ziur dago artista kulturaren bidez lurraldearen irudi ona eman litekela eta jendea bil daitekela gero beste proiektu batzuk egin ahal izateko.

Compostelle disko berria molda-tzen eta grabatzen segitzen du Anne Etchegoyenek taulen gaineko kantaldiak ahaztu gabe. Lehen hitzordua Bilboko Arriaga Antzokian izango du, ostegun honetan, 20.00etan. Bi egun geroago, larunbatean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian abestuko du. Azkenik, Algortako elizan ere ariko da, ekainak 25ean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902