Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Cartas a la Dirección

Tabakaleran euskaraz. Txapo, zuri!

Bittor Hidalgo - Lunes, 18 de Abril de 2016 - Actualizado a las 06:12h

Joan den larunbatean Donostian. Salbuespenak salbuespen, Tabakaleran ere ohikoa den moduan -zergatik?-, guztiz espainolez garatzen ari den kultur ekitaldia, eta parte hartzaile bat, ni ez nintzena, ausartu zen bere ekarpena euskaraz egiten. Txalogarri. Txapo!

Nik urte batzuk daramatzat antzera egiten -bestek ere, uste dut-, baina lehenengo aldia izan da ‘gure edo’ elkarte, erakundeek... espainol hutsean antolatu ohi dituzten hitzaldi, solasaldi, mahai-inguru eta abarretan beste norbait en-tzun dudana euskaraz parte hartzen... itsaso espainol absolutuan.

Akosua Adoma Owusu, jatorri ghanatarreko estatubatuarraren 5 film labur, Akosuak ingelesez aurkeztuak. Antolatzaileen aurkezpen guztiak espainolez, Akosua ingelesetik espainolera itzulia, filmak espainolez azpititulatuak, ondorengo solasaldia berdin, eta halako batean ikusle txalogarria bere iruzkin-galdea euskaraz zuzentzen Akosuari, gure munduko gauza normalena balitz bezala. Ezin hobeto.

Tabakalerakoak ohitzen doaz nonbait aukera horretara, eta ez zion inork eskatu itzultzekorik. Saio batzuetan behintzat, moldatua dute nolabait, urduri eta presaka bada ere, norbaitek euskaratik espainolera itzultzeko modua, eta gero ingelesera edo behar denera (azken parte hau ezin hobeto antolatua, noski). Akosuaren erantzuna, ingelesez, noski. Eta itzulpena espainol hutsera, of course.

Nik hemendik animatu nahi nituzke ‘Euskaraz bizi nahi dugun’ horiek guztiak, denok ere lotsarik gabe, gurean euskaraz egiten hasi gaitezen are espainolez antolatuak diren ekitaldietan, eta itzuli nahi bagaituzte, itzuli gaitzatela, guk ez dugu beharrik. Eta hori, ‘gure’ zeinahi ekitaldi, ‘euskarazko ekitaldi’ bihurtu arte. Elkarrizketa asimetrikoak ohiko bihurtuz gure artean, ekitaldi guztiak euskarazkoak (ere?) izatea lortzen dugun arte.

Zein da Donostiako Tabakaleraren hizkuntza politika -k-z-, noski? XXI. mendean -ez Frankoren garaian-, Tabakalera -k-z-, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak sustatua -Madrilekin batera-. Agian ari da azken hilabeteotan arreta gehixeago jartzen euskaldunoi -eskaeraren bat behintzat izan da tarteko-, baina nola liteke Donostian XXI. mendean ‘gure’ erakundeek bultzatutako kultur proiektu batek, euskaldunoi ez ematea -gutxieneko- espainolei ezin hobeto ziurtatzen dien trataera?

Eta euskarari eta euskaldunoi lehentasuna ematea, Donostian XXI. mendean, bi hizkuntzen arteko desoreka sozial suntsigarria gainditzen hasteko? Euskaldunoi aukera erreala ematea Donostian nonbait euskaraz (ere) bizi ahal izan gaitezen? Oraindik gure artean euskara ez dakitenek, egiten ausartzen ez direnek, behingoz egiteko aukera izan dezaten ‘hemengoak’ izan nahi duten neurrian, non? Guk jarraitu behar dugu espainolez ‘beraiekin’ bizi ahal izateko, guri espainola ikasten eta jakiten legez derrigortzen gaituztelako?

Horregatik galdetu nahi diet aurrez aurre, hirurak ere EAJkoak diren aipatu erakundeen buruei, Eneko Goia, Markel Olano eta Iñigo Urkulluri, eta bide batez erakunde horietako euskara -euskaldunon?- arduradun-edo diren Miren Azkarate, Mikel Irizar eta Patxi Baztarrikari, ze hizkuntza politika eskatu / aurreikusi dioten XXI. mende honetan Tabakalerari -k-z- -eta antzekoei-? XX. mendean beste askorik egitea zaila zen garaiko bazterketa berbera jasaten jarraiarazi behar diguzue? Erantzun zain geratzen naiz. Baina berdin eskertuko nioke erantzuna Tabakalerako zuzendari ausart Ane Rodrigez Armendarizi ere -k-z, noski-.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902