Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

“Zirrituzko literatura interesatzen zait”

Idazteak sortzen duen mendekotasuna eta autofikzioari buruzko nobela kaleratu du Agirrek

Juan G. Andrés Ruben Plaza - 2016(e)ko apirilaren 14a, osteguna - 06:19etan eguneratua

Joxean Agirre, atzo, Donostiako Alde Zaharrean.

Galería Noticia

Joxean Agirre, atzo, Donostiako Alde Zaharrean.

Donostia- Endredoko komedia modukoa da Gizajoen katalogoa(Elkar), Joxean Agirre idazlearen azken lana. Zarautzen bizi den azpeitiarrak parodia eta autofizkioa erabili ditu, bai eta hain gogokoa duen metaliteratura ere. Xabier Mendiguren editorearen ustetan, “hitzaren festa” izaten dira beti Agirreren liburuak. “Halako grazia dauka beti, esaldiak taxutzean, anekdotak kontatzean eta pertsonaiak marraztean”, iritzi zion. Aurrekoetan bezalaxe, “umorea eta sentsualitatea” nahasi ditu eta berezkoa duen metaliteraturarako joera areagotu du.

Liburu saltzaile ohia da protagonista, literaturaz asko dakien gizonezko erretiratua. Nobela bat idatzi nahian dabil, baina lehen esaldiarekin asmatzen ez duenez, bere gizajo gogokoenen galeria bat biltzen hasten da. Aldi berean, bere emazte eta alabaren istorioak ere kontatzen ditu, bai eta senideen arteko harremana ere...

Egileak onartu zuenez, “endredoko komedia” bezala irakur daiteke Gizajoen katalogoa. “Neurri batean, komedia da. Pertsonaia nagusiak gizajotasun bat dauka eta hori komikotasunarekin lotu daiteke”, azaldu zuen askotan bere burua “gizajotzat” jotzen duen idazleak. Bere ustez, gizajoa izateak ez du adimen faltarekin erlaziorik, “nahi eta ezin, lekurik ezarekin” baizik.

“Idazteak sortzen duen mendekotasuna” eta “muturreko autofikzioa” dira nobelaren gai nagusiak. Izan ere, poeta den pertsonaia batek bere “biografiaren alderdi gordin eta kurdelakenak” erabiltzen ditu literatura egiteko. Joxean Agirre izena duen beste pertsonaia bat ere agertzen da, baita beste hainbeste idazle, Kirmen Uribe kasu.

Literaturarekin zerikusia duten pasadizo ugari ere kontatu ditu eta eleberriaren argumentuak bizkarrezur ahula duela onartu zuen. Bere irudiko, istorioak ez dira beti handiak eta solemneak izan behar. “Zirrituzko literatura interesatzen zait. Literatura, urrea bezala, pinportetan aurkitzen da, dena ez da lingotea”, nabarmendu zuen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902