Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Kantu inprobisatzaileen topagune

Mintzola Fundazioak eta Donostia 2016k ‘Europan, bat-batean’ egitasmoa antolatu dute, datorren astean hasiko dena

Marta Esnaola Iker Azurmendi - 2016(e)ko apirilaren 14a, osteguna - 06:19etan eguneratua

Carmen Agoués (EHUko Uda Ikastaroak), Arrate Illaro (talde antolatzailea), Andoni Egaña (Mintzola Fundazioa) eta Pablo Berástegui (Donostia 2016), atzo, 2016ko egoitzan.

Galería Noticia

Carmen Agoués (EHUko Uda Ikastaroak), Arrate Illaro (talde antolatzailea), Andoni Egaña (Mintzola Fundazioa) eta Pablo Berástegui (Donostia 2016), atzo, 2016ko egoitzan.

donostia- Hizkuntza dibertsitatea eta transmisioa mundu mailako egitasmo batean elkartuko dira Donostian, kantu inprobisatuaren nazioarteko topalekua izango baita aurten. Mintzola Fundazioak eta Donostia 2016k Europa bat-batean ekimena antolatu dute, hainbat kulturetan dituzten kantu inprobisatuak hemen bildu, elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko. Kontinenteko zenbait ordezkari eta ozeanoaren bestaldean dauden inprobisatzaileak bilduko dira hirian eta hitzaldiak eta mahai inguruak eskainiko dituzte, hainbat saiotan parte hartzeaz gain.

“Guztira, lau ardatz ditu proiektu honek: belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, hizkuntza gutxituak inprobisazioan, genero ikuspegia eta kantu inprobisatuen gaurkotasuna”, adierazi zuen atzo Mintzolako patronatukide den Andoni Egaña bertsolariak, eta jardunaldi guztiak lau gai hauen inguruan antolatuko direla azaldu zuen. Egañak adierazi zuenez, datorren egunetan, larunbatetik hilaren 23ra bitartean, “girotzeko hainbat hitzordu” antolatu dituzte, eta publikoak herrialde ezberdinetako inprobisatzaileen lana ezagu-tzeko aukera izango du. Bestalde, uztailaren 11tik 16ra bitartean, EHUko Udako Ikastaroetan jardunaldiak egingo dira gai honen inguruan.

apirilean eta uztaileanDatorren astean ere, Euskal Herriko hainbat puntutan gauzatuko dira girotze saioak eta horietako bakoitzean, kultura ezberdinetako jendea arituko da: bertsolariak, Sardiniako cantadoriak, denbeja kurdua eta Kataluniako glosadoreak igoko dira oholtza gainera, eta euren kantu inprobisatuak ezagutzera emango dituzte, Arrate Illaro proiektuaren talde antolatzaileko ordezkariak jakinarazi zuenez. Hasiera batean, bi inprobisatzaile kurduk etorri behar zuten Turkiatik, baina bisa eskuratu ez dutenez, Alemanian bizi den interprete eta inprobisatzaile bat izango da Euskal Herriko saioetan.

Lehenengo hitzordua larunbatean izango da, Bilboko Azkuna Zentroko auditorioan, eta ondorengo egunetan Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein, Uztaritze eta Aramaioko eszenatokietatik igaroko dira. “Saio guztietan euskarazko itzulpena izango da, ikusleek kantu guztiak uler ditzaten”, gaineratu zuen Illarok.

Ekimen honek uztailean izango du jarraipena, Udako Ikastaroen baitan. 11tik 15era bitartean, goizeko 9.00etatik 13.30era saio akademikoak izango dira. “Bertan, kantu inprobisatuetan mundu mailako adituek euren ikerketak aurkeztuko dituzte eta egin dituzten gogoetak aditzera emango dituzte”, azaldu zuen Illarok. Aditu hauek Austria, Estatu Batuak, Mexiko, Murtzia eta Euskal Herritik etorriko dira, besteak beste. Goizeko jardunaldi hauetara gerturatu nahi duenak izena ematea dauka bost egunetan, 80 euroren truke, edo egun bakarrean, 25 euro ordainduta.

Bestalde, arratsaldeetan ikuskizunak egingo dira Donostiako hainbat txokotan, arratsaldeko zazpietan, gutxi gora behera, eta bakoitzean lau bat inprobisatzaile arituko dira. “Azkenik, uztailaren 16an jaialdi handi bat egingo da Kursaal auditorioan, eta bertan inprobisatzaile guztiek hartuko dute parte”, gaineratu zuen antolatzaileak.

Guztira, hamaika bat kultura ezberdinetako jendeak parte hartuko du egitasmo honetan, baina “lagin bat” besterik ez dela adierazi zuten, kultura asko eta askotan baitago kantu inprobisatua.

aurrekariakMintzola Fundazioa duela hogei urte inguru hasi zen bertsolaritza oinarritzat harturik, beste munduko beste kantu inprobisatuak ezagutu nahian. “Gure helburua zubiak eraikitzea eta elkar ezagutzea zen, eta hainbat lekutan izan gara helburu honekin: Kanariar uharteetan, Menorkan, Galizian, Toskanan, Sardinian eta Bretainian, esaterako”, adierazi zuen Egañak.

Larunbat honetatik hilaren 23ra bitartean, zazpi saio antolatuko dira Euskal Herrian barrena munduko hainbat inprobisatzailerekin

Bestalde, 2003an jardunaldi ba-tzuk antolatu zituzten Donostian, eta hainbat inprobisatzaile elkartu ziren. “Orain gogoa genuen berriro ere zerbait egiteko, eta hau aukera paregabea zen”, gaineratu zuen. Era honetan, harreman berriekin asko ikasiko dutela nabarmendu zuen, eta besteek ere gauza berriak ezagutuko dituztela baieztatu zuen.

apirileko programazioa

Hilak 16, larunbata. Igor Elortza eta Ane Labaka, Sardiniako cantadoriak, denbeja kurdua eta glosadore kataluniarrak. Azkuna Zentroko auditorioa, Bilbo. 12.00etan. 10 euro.

Hilak 17, igandea. Arrate Illaro eta Maialen Lujanbio, cantadori sardiniarrak, denbeja kurdua eta Kataluniako glosadoreak. Biteri kultur etxea, Hernani. 19.00etan. 7 euro.

Hilak 19, asteartea. Oihana Bartra eta Sustrai Colina, Sardiniako cantadoriak, denbeja kurdua eta glosadoren kataluniarrak. Ignacio María Barriola Zentroa, Donostia. 19.00etan. Dohainik.

Hilak 20, asteazkena. Miren Amuriza eta Julio Soto, denbeja kurdua eta Kataluniako glosadoreak. Zentral aretoa, Iruñea. 19.00etan. Dohainik.

Hilak 21, osteguna. Nerea Ibarzabal eta Jon Martin, denbeja kurdua eta Sardiniako cantadoriak. Kontzejupea, Markina-Xemein. 19.00etan. Dohainik.

Hilak 22, ostirala. Miren Artetxe eta Maddi Sarasua, cantadori sardiniarrak eta denbeja kurdua. Lapurdi gela, Uztaritze. 20.00etan. 5 euro.

Hilak 23, larunbata. Beñat Gaztelumendi eta Xabi Igoa, Sardiniako cantadoriak eta denbeja kurdua. Aramaioko kultur etxea. 19.00etan. 5 euro.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902