Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Jokin Zaitegi sariketa berriro abian dago, Arrasateko Udalaren laguntzarekin

Literatura Nobel Saria euskaratzeko bekaren deialdia egiteko lau urteko hitzarmena sinatu dute AEDk eta Udalak

2016(e)ko apirilaren 8a, ostirala - 06:13etan eguneratua

arrasate- Bi urteko etenaldiaren ostean, abian da berriro Arrasate Euskal Dezagun Elkarteak (AED) antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen sariketa. Atzo Maria Ubarretxena alkateak eta AEDko lehendakari den Eñaut Muxikak lau urterako hitzarmena sinatu zuten beka hau aurrera eramateko. Aurtengoa 27.edizioa izango da eta irabazleak 2015ean Literatura Nobel saria jaso zuen Svetlana Aleksievitx Bielorrusiako idazlearen U voiny ne zhenskoe litso (Gerrak ez du emakume aurpegia) liburua itzuli beharko du.

2012an antolatu zuen AED Elkarteak, Elkar argitaletxearekin elkarlanean, azkenekoz Euskal Herri osoan oihartzuna duen Jokin Zaitegi itzulpen sariketa, ordura arte lehiaketaren babesle nagusia zen Kutxa Fundazioak laguntzeari utzi eta gero. Orain, Arrasateko Udalak euskararekin eta euskara sustatzearekin “duen konpromisoari helduta”, deialdia berriro martxan jartzea ahalbidetu du. Horretarako, lau urteetan (oraingo legealdian) beka antolatzeko diru-laguntza emango du Udalak (4.500 euro urtero). “Hitzarmenak sariketa lau urtez bermatzeaz gain, Udalaren eta AED elkartearen arteko elkarlana sakondu eta areagotzea du helburu-tzat”, azpimarratu zuen alkateak.

“Gure hizkuntzari merezi duen leku eta garrantzia eman nahi diogu. Ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta erabileraren aldeko urratsak ematea. Eta xede horren pean kokatzen dugu sinatu dugun elkarlanerako hi-tzarmena”, gaineratu zuen Ubarretxenak. “Bi urtez geldirik izan da beka, berau aurrera atera ahal izateko finantzazioa bilatzen aritu izan garelako. Eta, alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiogu Udalari, sariketari etorkizunerako arnasa emateagatik”, nabarmendu zuen Muxikak.

1986 urteaz geroztik, AEDk Jokin Zaitegi itzulpen sariketa ezaguna antolatu izan du. 2001an jauzi kualitatibo garrantzitsu bat eman zuen, ordu arteko itzulpen laburrak plazaratzeko helburua atzean utzi eta Literatura Nobel saridunen obra euskarara ekartzea xede hartuz.

7.000 euroParte hartu nahi dutenek Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren Gerrak ez du emakume aurpegia liburuaren antolatzaileek aukeratutako lagina euskaratuta aurkeztu beharko dute aed@aedelkartea.eus helbidean, hilaren 25a baino lehen. Irabazleak 7.000 euroko saria jasoko du lana itzultzeko, eta abenduaren 31arte izango du aukera entregatzeko Elkarren. Oinarriak aedelkartea.eus eta elkarargitaletxea.eus/jokinzaitegi atarietan eskura daitezke. - A.D.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902