Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Juan Mari Azkue aiako andatza erromeria elkarteko kideetako bat

“Arizterrazutik Gipuzkoako trikitilari guztiak pasatu dira. Xabi Solano eta Gozategi, adibidez, hemen hasiak dira”

Aiako Andatza auzoko Arizterrazu baserri-jatetxekoa da Juan Mari Azkue, eta Andatza Erromeria Elkarteari esker igandero erromeria giroa da nagusi. Igandean Kupela taldea arituko da arratsaldea alaitzen (18.30)

Ane Roteta - 2016(e)ko apirilaren 7a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Juan Mari Azkue

Galería Noticia

Juan Mari Azkue

Aia- Nola sortu zen Andatza Erromeria Elkartea?

-Hiru gara elkartean, Martxel Ansa, Joxe Alkain eta ni. Arizterrazuko erromerien kontua aspalditik dator;izan ere;nire gurasoak eta osaba hasi ziren erromeriak antolatzen gerraren ondoren. Orduan auzoko gazteek bilatzen zituzten soinujoleak eta soinujoleei ordaintzeaz ere beraiek arduratzen ziren, jendearen artean txapela pasatuz eta hor bildutako diruarekin ordaintzen zieten. Lehen mandioan egiten ziren erromeriak, eta nik 15 urte nituela, erromeria jaitsi zen plazara. Jendea ugaritzen hasi zen eta inguruko herrietako jendea ere etortzen zen. Baina, denborak aurrera egin ahala, aukera gehiago izan dituzte gazteek, dantzalekuak adibidez, eta orduan jende gutxiago etortzen hasi zen. Hala, Ansarekin eta Alkainekin bilera bat egin, eta elkarte bat osatzea erabaki genuen duela 25 urte inguru.

Zein helbururekin sortu zenuten?

-Erromeri giroari eta igandeko erromeriari eusteko sostengua izateko helburuarekin. Zerbait berezia dagoenean hiruron artean egiten dugu dena, baina igandeko erromeriak nik antolatzen ditut eta ordainketak ere jatetxearen gain doaz. Baina egia da trikitilariek ere asko laguntzen dutela.

“Bost kuadrilla igandero etortzen dira eta horiek dira erromeriaren bizkarrezurra. Beraiengatik ez balitz hor geratuko litzateke gauza”

Erromeria berezi honen historia eta bilakaera bildu ditu Joxemari Iriondok ‘Arizterrazu (mandioko) azken erromeria’ liburuan.

-Bai, urriaren amaieran egin genuen liburuaren aurkezpena, eta herri bazkaria eta jaialdi bat ere antolatu genituen egun horretarako.

Uste duzu liburuak ondo islatzen duela urte guzti hauetako historia?

-Bai bai, nik uste oso ondo dagoela eta ondo irudikatzen duela Arizterrazuko erromerien ibilbide guztia. Baina, ziur aski denak jarri gabe egongo dira (barreak).

Asko aldatu al dira erromeriak?

-Bai, izugarri. Lehen gazteak ibiltzen ziren erromeriatan eta elkarren harremanetarako balio zuten, baina gaur egun oso desberdina da, gehienbat helduak etortzen dira. Dena den, badaude bost bat kuadrilla inguru beti etortzen direnak. Eta eskerrak horiei, horiek baitira erromeria hauen bizkarrezurra. Horiez gain, oso zaletuak diren gazte batzuk ere etortzen dira batzutan Bizkaitik. Egia esan, gazteek asko janzten dute erromeria tokia.

Beraz, jendea biltzen da ezta?

- Bai, jendea etortzen da, baina egia da bost talde horiek ez baleude hor geratuko litzatekeela gauza.

Eta dantza egiten al da?

- Bai, igandero etortzen diren horiek behintzat beti egiten dute dantza eta etortzen diren gazteek ere dantza egiten dute. Sekulako giroa egoten da.

Iriondok bere liburuan esaten duenez, Arizterrazu trikitilarien plaza da. Zuk ere hala ikusten al duzu?

- Bai, hemendik Gipuzkoako trikitilari guztiak pasatu dira. Eta trikitilariak izen handia ez izan arren, hemen ere jo dezake eta erromeria onak egin ditzake. Arizterrazuko erromerian horrela da, hori da erromeria honek duen gauza ona. Beste leku batzuetan trikitilari berriak nekez eramango dituzte, jendea biltzeko segurtasuna nahi dutelako eta izena daukaten trikitilariak nahi dituztelako. Baina hemen ez, aukera ematen diegu berriei ere. Eta adibide gisa daude Xabi Solano, Gozategi edo Maixa eta Itziar. Horiek hemen hasiak dira.

Uste duzu erromeri giroak eutsiko diola?

-Nik uste soinua jotzen eta dantzan ikasten dabiltzan gazteak gehiago inguratu beharko luketela erromerietara. Dena den, arratsaldea pasa-tzera datozen helduek ere primeran pasatzen dute, eta askok diote beren asteko poza igande arratsaldeko plana dela. Hori ere pozgarria da.

Beraz, iganderoko erromeriekin jarraitzeko asmoa duzue, ezta?

-Bai, nobedaderik ez badugu behin-tzat, jarraitzeko asmoa dugu. Trikitilarien laguntza ere eskertu beharrekoa da, eta denon artean hortxe gabiltza erromeriari eutsi nahian.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txoko bat. Aiarekin geratzen naiz.

Paisaia idiliko bat. Gehienbat mendi aldea gustatzen zait, baina itsasora joko dut oraingoan eta Hondarribia esango dut.

Mendi bat. Bi aldiz bakarrik egon naiz, baina Urbia asko gustatzen zait, oso polita da.

Hondartza bat. Zarauzkoa.

Festa edo ospakizun bat. Donostiako Aste Nagusia.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902