Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Aitor Otaegi Euskal arrazako txerriekin produktu eraldatuak egiteko proiektuari ekin dio Ibarran

“Baserritarra ez naizen arren, baserriaren bueltan hazi naiz eta animaliekiko sena badudala uste dut”

Bere betiko ametsari heldu dio Aitor Otaegi ibartarrak: fabrikan lanaldi erdia hartu eta euskal arrazako txerriak hazten ditu Izaskun auzoan. Produktu eraldatuak egiten ditu eta urtarrilaz geroztik Tolosako Zerkausian merkaturatzen ditu

Marta San Sebastian - Martes, 5 de Abril de 2016 - Actualizado a las 06:09h

Aitor Otaegi, Euskal arrazako txerriekin produktu eraldatuak egiteko proiektuari ekin dio Ibarran.

Aitor Otaegi, Euskal arrazako txerriekin produktu eraldatuak egiteko proiektuari ekin dio Ibarran.

Galería Noticia

Aitor Otaegi, Euskal arrazako txerriekin produktu eraldatuak egiteko proiektuari ekin dio Ibarran.

Ibarra- Nola erabaki zenuen proiektu honi heltzea?

-Txikitatik gustatu izan zait baserria, lurrarekin harremana eduki-tzea eta beti izan dut helburu bezala ibilbide hau egitea. Txerri bikote bat ekarri genuen eta ugaritzen hasi ziren, orduan erabaki genuen apustua egitea. Emazteak eta biok industrian lan egiten dugu eta beti baserrian inbertitzen ari ginen irabazitakoa;lursailak zirela, erramintak... Egoera serioski planteatzeko unea iritsi zen, hau da, inbertsioak helburu batekin egitea edo beste bide bat hartzea, eta apustua egitea erabaki genuen 2012an.

Eta zergatik txerriak?

-Inguru honetan zer falta zen pentsatu eta txerriak falta zirela ikusi nuen. Bikote bat ekarri genuen lehenengo, arra eta emea, eta poliki-poliki hasi ginen. Gaur egun 90 ditugu. Animaliekiko sena badudala uste dut eta baserrikoa ez naizen arren, baserriaren bueltan hazi naiz.

Zein ezaugarri ditu arraza honek?

-Bertako arraza delako egin nuen euskal txerriaren aldeko apustua eta medio honetara egokituagoak daude, gainera. Bertako txerri indigena da, zuria, baina, aldi berean, nahastuta dago Bearneko beste bi txerri arrazekin. Orban beltzak Bearneko arrazak ematen dizkio. Arraza zaharra da, koipe asko du eta, aldi berean, hazkuntza motela. Kiloak hartzea ere besteei baino gehiago kostatzen zaie. Animalia sendoa da eta izaera aldetik, oso umila da.

Nolakoa da orain zure egunerokoa?

-Galdaragilea naiz CAF enpresan eta orain lanaldi erdian nago. Astearen arabera, ordutegi ezberdina dut, baina beti lanean ere ez nago, bi seme-alaba ere baditut eta horiek ere denbora eskatzen dute. Beti burua martxan dut, lan asko dudalako, eta denetara ezin iritsi... Txerriekin bezainbeste egon behar dut saltzen, bestela proiektua ez da bideragarria. Hala ere, gustura ibiltzen naiz auzoan, lasai, paisaia sortzen eta paisaia horren bueltan bizitzen. Lan fisikoa da, baina poz handiena horrek ematen dit. Gero fabrikara ere joan behar dut, sosak ekartzera...

Eta kontuak ateratzen al dira?

-Abeltzaintzatik bizimodua atera-tzea oso zaila dago. Nik baserria fabrikarekin uztartzeko aukera dut, bestela ezinezkoa litzateke proiektu hau aurrera ateratzea. Izugarria da aldapa, batez ere, hasieran. Inbertsio handia egin behar da eta kosta egiten da buelta ematea. Proiektu berria da eta ez da ezaguna gure lurraldean txerri hazkuntza hau. Iparraldean, aldiz, bai, eta dirudienez bideragarria da. Etekinak etorriko diren esperantzarekin gaude.

Txerritik eratorritako produktuak elaboratzea erabaki duzu.

-Garbi nuen hasieratik zikloak hasi eta bukatu egin behar zuela, gainera, nik sinesten dudan nekazaritza neurri txikikoa da, ekologikotik gertu dagoena. Patea, gantxigorra, odolki patea, saltxitxoia, txorizoa eta okel freskoa elaboratzen ditugu Iparraldeko Aldude bailaran, kooperatiba batean.

Produktua ezagutarazteko azoketara joatea erabaki duzu, zer nolako harrera izan duzu?

-Azoka berezitan aritu naiz 2015 osoan eta aurten, urtarrilaz geroztik, Tolosako Zerkausian nabil. Tolosan ezagunagoa egiten ari naiz, leku dotorea da Zerkausia, Gipuzkoako merkatu politena seguraski. Beldurra nuen lan horrekin, beharbada beldur handiena, baina gustura egiten dudala konturatu naiz. Lotsagabetu eta irekitzea eskatu dit.

Nola ikusten duzu lehen sektorearen etorkizuna?

-Industria gure ekonomiaren motorra da, baina nekazariak beharrezkoak dira. Bere elikagaiak ekoizten ez dituen lurraldea oso pobrea dela uste dut eta, gainera, izaera eta kultura ematen dio herriari. Euskaldunok nekazariak eta abeltzainak izan gara eta lanbiderik koherenteena dela uste dut.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902