Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
IDAZLEA

Julen Belamuno: "Iraganean dago kontakizunaren muina"

Gaueko zaintzailea’ bere lehen eleberria argitaratu berri du idazle azpeitiarrak. Protagonista den pertsonaia bakarraren oroitzapenak dira kontakizunaren ardatza

JONEBATI ZABALA - 2016(e)ko martxoaren 31a, osteguna - 13:31etan eguneratua

Gaueko zaintzailea’ bere lehen eleberria argitaratu berri du idazle azpeitiarrak

Gaueko zaintzailea’ bere lehen eleberria argitaratu berri du idazle azpeitiarrak

Galería Noticia

Gaueko zaintzailea’ bere lehen eleberria argitaratu berri du idazle azpeitiarrak

DUELA urtebete argitaratu zuen Ukabilak eta loreak bere lehen liburua Julen Belamunok (Azpeitia, 1959). Ipuin bilduma izan zen hura. Oraingoan, ordea, nobela batekin dator idazlea: Gaueko zaintzailea (Elkar, 2016). Aluminio fabrika batean lan egiten duen gaueko segurtasun zaintzailea du protagonista kontakizunak, segurtasun sistema berriak ezarriko dituztela-eta, azken lanegunean bere bizitzaren errepasoa egingo du. Izaera berezi samarreko pertsonaiaren barne mundua du ardatz narrazioak, iraganeko gertaera eta hausnarketen bitartez.

Pertsonaia bakarra, denbora tarte labur bat eta gertaera gutxi batzuk baino ez dituzu erabili eleberri hau eraikitzeko. Erronka izan da zuretzat horrelako istorioa idaztea?

Ez da izan erronka bat, azken finean, niri berez horrela atera zitzaidalako. Aspaldi hasi nintzen nobela hau idazten, 2002an edo hartu nituen lehen oharrak. Hasierako ideia pertsonaiarena izan zen, zaintzailea argi ikusi nuen. Baita aluminio lantegiarena ere, garai batean antzeko fabrika batean egin bainuen lan. Zaintzailearen izaera berezitik abiatuta egoera batzuk pentsatzen hasi nintzen: bere errituak, hausnarketak, oroitzapenak… Pixkanaka neskaren istorioa sartu nuen eta hor dena aldatu zen. Baina bai, orotara urte dezente pasatu ditut jada zaintzailearen konpainian.

Bere barne mundua eta oroitzapenak dira istorioaren ardatza.

Zaintzailearen azkenengo gaua da liburuan kontatzen dena, lantegian egiten dituen ikustaldiak, bere errutinak, etab. Baina kontakizunaren muina edo kargarik handiena iraganean dagoela esango nuke. Pertsona honek gogoratzen dituen gertaeretan;aitaren figura, bere garai bateko kontuak eta, batez ere, gasolindegiko neskaren istorioa. Gehienbat iraganari begira egindakoa da. Baina ez dira oroitzapenak bakarrik, bere irudipenak ere badira: hausnarketak, zentzumenen bidez hautematen dituenak…

Protagonistak izaera berezia du: gauero pauso berberak errepikatzen ditu, nahiko pertsona obsesiboa da, ordena eta errutina zalea, asmo handirik gabekoa... Pertsona nahiko grisa da. Izenik gabekoa, gainera.

Oso pertsonaia berezia da, bai. Muturreko nortasuna duela esango nuke. Oso bakarzalea da, batez ere bere aita hil zenetik, ordutik ia bakarrik bizi da, bere harreman sozialak ere urriak dira. Ia isolatuta bizi den pertsona da, mundutik aparte. Nahiko xaloa ere bada, maliziarik gabekoa. Nortasun obsesiboa ere badauka: bere ordenarako zaletasun hori, gauzen erregulartasuna, errutinak... Horiek behar ditu bizitzeko, helduleku gisa, bestela galdu egingo litzateke. Izenari dagokionez, nahiago nuen pertsonaia anonimoa izatea. Ezkutuan bizi dena edo munduan agertu nahi ez duena.

Lana du bizitza eta bere identitatea horren inguruan sortu duela dirudi. Baina fabrikan emango duen azken laneguna da.

Horretarako bizi da, bere bizitzaren zentzua lantegia da, bertako ordena zaintzea. Bere gristasunean. Zerbaiti heldu behar dio eta ordenari eta lantegia zaintzeari heltzen dio, bestela galduta dago, munduari edo biziari beldur dezente diolako.

Monotonia edo errutina horren guztiaren erdian, bere gogoetan pisu handia du fabrika aurreko gasolindegian ezagutu zuen neska hark.

Bere bizitza ordenatu horretan dena hankaz gora jarri zen une bat izan zen hura, beharbada bere bizitzako momenturik garrantzitsuena.

Zaintzaileak prismatikoak erabiltzen zituen izarrei begiratzeko, eta gasolindegira begira ere egoten zen, leku hori beste mundu bat bezalakoa zelako. Istorio honetan espazio bi daude: batetik, lantegia eta bere isiltasuna, iluntasuna, gelditasuna;eta, bestetik, ibaiaz bestalde dagoen gasolindegia eta bere mugimendua, bizitzaren korrontea, jendea… Zaintzailea bere bakardade horretatik hara begira egoten zen eta horrela ezagutu zuen neska. Orduan dena aldatu zen: zabartzen hasi zen, gasolindegira bisitak egiten eta bere betiko betebeharrak zuzen ez betetzen.

Esan daiteke protagonista humanoagoa bilakatzen dela momentu horretan?

Bai, bestela nahiko makina delako. Humanoagoa da eta bere beldurrei aurre egin behar die;hori da bizitza, bere mundu lotu horretatik kanpo dagoen zerbait, arriskatzea beldurgarria ere egiten zaio.

Badu afizio bat: izarrei begiratzea.

Hori ere bere ordena-zaletasunaren beste alderdi bat da. Izan ere, erregulartasuna adierazten dute izarrek, gauero konstelazio guztiak eta izar guztiek zeruan bide berbera egiten dute. Gozatzen du badakielako gauero ordu bakoitzean izar bakoitza zein tokitan egongo den eta erregulartasun horrek atsegin handia ematen dio. Bere nortasunarekin ondo uztartzen den ezaugarria da.

Lehen nobela duzu honakoa. Etorkizunera begira eleberriak idazten jarraitzeko asmoa duzu?

Patxadaz, baina ari naiz lanean. Oharrak, testu zatiak eta ipuinen bat edo beste baditut. Batez ere kontakizun laburrekin edo ipuinekin ari naiz, baina nobela baterako ideia ere badaukat, oraingoan pertsonaia eta egoera gehiagorekin, nahiz eta horrek denbora eskatzen duen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902