Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
50. urte

Ez Dok Amairu, euskal kantagintzaren haize berria

Mende erdia bete da Ez Dok Amairu mugimenduarenlehenengo emanalditik. Garai hartako joera berriakbereganatu eta tradizioarekin uztartuta, euskalkulturari hauspo itzela eman zion taldeak

DABI PIEDRA - 2016(e)ko martxoaren 31a, osteguna - 13:27etan eguneratua

Ez Dok Amairu, euskal kantagintzaren haize berria

Ez Dok Amairu, euskal kantagintzaren haize berria

Galería Noticia

Ez Dok Amairu, euskal kantagintzaren haize berria

EUSKARA une ilunean zela, kanpoan baztertua eta gutxietsia, barruan iraganeko hautsa kendu ezinda, gazte sortzaile eta kementsuz osatutako talde batek leihoak irekitzeko ausardia izan zuen. Ez Dok Amairuri esker, eguzkiaren argia eta haize berria sartu ziren euskararen eta euskal kulturaren etxean. Hemengo tradizioa eta nazioartetik iritsitako joera berriak bateratu zituzten, 1960ko hamarkadan zegoen giro eraldatzailean murgiltzeko. Kantagintzaren inguruan, musikak, poesiak eta arteak bat egin zuten. Gutxi iraun zuen mugimenduak, 1966tik 1972ra, baina Ez Dok Amairuk utzitako arrastoa gaur egunera iritsi da.

Mundua goitik behera aldatzen ari zen, atzera bueltarik gabe, 1960ko hamarkadaren erdialde hartan: Gerraren aurkako protestak, beltzen eskubideen aldeko kanpainak Martin Luther Kingen gidaritzapean, ikasleen eta langileen aldarrikapenak Parisen eta abar. Mugimendu kontrakulturalen jaiotza zen. Espainian, ordea, bestelako giroa zegoen: Francoren diktaduran bete-betean sartuta, basamortu kulturala zen hura. Hala ere, garai hartan, Hego Euskal Herrian aitzindari batzuek jakin izan zuten egoerari buelta ematen. 1960ko hamarkadakoak dira euskarazko alfabetatzearen aurreneko pausuak, ikastolak, euskara batua eta abar. Sorkuntzan ere bazen ezinegona: Gabriel Arestik Harri eta Herri idatzi zuen, Ama Lur filma Donostian estreinatu zen, Jorge Oteizak Quosque tandem plazaratu zuen eta Ez Dok Amairu izena hartu zuten kantari gazte batzuek.

Talde izaera nabarmena zuen Ez Dok Amairuk. Mugimenduaren ibilbidea sakon aztertu du Belen Oronoz ikerlariak eta, dioenez, Kursaaleko sotoetan astero bilerak egiten zituzten: “Ez Dok Amairutik pertsona dezente igaro ziren, baina beti gune bat mantentzen zuten”. Julen Lekuona, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Luis Bandres, Artze anaiak, Xabier Lete, Jose Angel Irigarai… partaide mordoa izan zituzten. “Arlo ideologikoaz Irigarai arduratzen zela dirudi eta taldeko poetak Jose Anton Artze eta Xabier Lete ziren”, kontatzen du Oronozek. Nekane Oiarbidek antolakuntzan egin zuen lana ere aipagarria da.

Jose Antonio Villar kantariak Ez Dok Amairuren hasierako pausoak ezagutu zituen: “Lehenago ere baziren euskal kantarion arteko harremanak, askotan Joxe Mari Iriondok batzen gintuen jaialdietarako”. Emanaldietarako baldintza duinagoak eta koordinazioa eskatzen zituztela oroitu du Villarrek, “arlo desberdinetako kulturgileen arteko harremana sendotzeko beharra ikusten genuen, eta barne antolamendua ere behar genuela argi zegoen;era naturalean sortu zen”.

Taldea 1965ean hasi zen biltzen eta lehenengo kontzertuak ere orduan egin zituen. Ez Dok Amairu izena 1966ko martxoan estreinatu zuten, eta ekimenak berehalako arrakasta izan zuen. Kantuarekin batera, txalaparta, zinema-proiekzioak eta abar egoten ziren ikuskizun batzuetan eta gizarteak gogo handiz hartu zuen. “Sinbolismoz eta aldarrikapenez betetako abestiak ziren, hots, herriak esan ezin zituenak oihukatzen zituzten”, dio Oronozek. Artisten arteko “harreman aberatsa eta hurbila” du gogoan Villarrek.

TRADIZIOA MODERNOTU Emanaldi batzuetara, Pete Seeger eta Atahualpa Yupanqui bezalako nazioarteko artistak gonbidatu zituzten. Izan ere, Ez Dok Amairuren ekarpen nagusia tradizioari kanpoko joera berritzaileenak batzeko erabakia izan zen. Eredu nagusien artean, gerra ondoko kantagintza frantsesa (George Brassens, Jacques Brel), Ipar Amerikako folka (Bon Dylan, Joan Baez) eta Hego Amerikako kantagintza konprometitua (Yupanqui, Violeta Parra, Victor Jara) aipatu zituen Xabier Letek, 1977an Jakin aldizkariari emandako elkarrizketan. Kantagintza katalan berriak, Nova Canço delakoak, izandako eragina ere sakona izan zen, estiloan nahiz ideologian.

Garai hartako jarrera inkonformistenekin bat egin zuten Ez Dok Amairukoek, baina euskal tradizioari bizkarra eman gabe. Letren zein doinuen aldetik, kantutegi tradizionala zen oinarria: Aita Donostia, Sallaberry, Riezu, Manterola eta abar. Usandizaga, Guridi eta Sorozabalen lan klasikoak ere aintzat hartu zituzten. “Tradizioa berreskuratu nahi zuten, eta jantzi modernoz atondu”, dio Oronozek. Gerra osteko euskal kantagintza berreskuratzeko lanean ari ziren Nemesio Etxaniz eta Mixel Labeguerie ere eragin handiko autoreak izan ziren. Era berean, euskal kulturaren berpizkunde hartan, akuilari izan zen Jorge Oteiza eskultorea eta hark proposatu omen zuen Ez Dok Amairu izena, ipuin tradizional batean oinarrituta.

Tradizioari hautsa kenduta, modernotasunean murgildu zen Ez Dok Amairu. “Mixel Labegueriek zabaldutako kantagintza berriaren bideari jarraipena eman zion taldeak”, Belen Oronozen arabera.

“Ordura arteko ahots polifonia alboratu eta kantautorearen irudia ekarri zuten”, gehitu du. Hasieran, banan-bana irteten ziren agertokira, gitarra hartuta, nork bere errepertorioa abesteko. Baga, Biga, Higa sentikaria sortu zutenean, 1970ean, kide guztiak batera agertzen hasi ziren eta horrek aldi berri bat zabaldu zuen Ez Dok Amairun. Diziplina ugari batzen zituzten oholtzan: dantza, antzerkia, poesia, kantua eta abar. Kontzertuetarako baldintza duinak eskatzen zituzten eta horrek profesionalizaziorako bidea ireki zuen.

“Emankizunen eskaria handitzen ari zen eta zirt edo zart egin beharra zegoen, ordura artekoarekin segi edo profesionalizazioaren bidea zabaldu”, azaldu du Oronozek. Aldarrikapen hura gizarteratzea ez zen samurra izan eta 1970ean, Zeruko Argian eta Anaitasunan, manifestua plazaratu zuten. Agertoki eta baliabide tekniko aproposak izatea, haien jardunarekin jarraitu ahal izateko dirua jasotzea eta kantarien lana zeregin serioa zela onartzea bezalako eskariak bildu zituzten. “Kalitatezko kantagintza duin baten aldeko apustua egin zuten”, jakinarazi du Oronozek.

EKARPEN BALIOTSUA Baga, Biga, Higa sentikariarekin agertokiak bete eta euskaldun askoren bihotzak hunkitu zituen Ez Dok Amairuk. Ia ezustean, 1972an, taldea desegin egin zen. Desadostasunak, bai ideologian eta bai antolakuntzan ere, aipatu izan dira desegitea azaltzeko, baina inoiz ez da zehaztasunez jakin zein izan zen arrazoi nagusia. “Finean, gertatu zena testuinguru orokorrago baten isla izan zen, gizartean borbor zegoen eztabaida ideologikoak taldea barrutik ukitu zuen, agian ez zegoen uste bezain kohesionatua”, dio Oronozek. Ikimilikiliklik sortu zuten Ez Dok Amairuko kide batzuek eta Zazpiribai beste batzuek.

Alabaina, Ez Dok Amairuk ekarritako haize berriak euskal kultura goitik behera astindua zuen ordurako. Aitzindari haiek zabaldutako bideak eragina izan zuen geroko mugimenduetan eta euskal musika gaur eguneko itxura hartzen hasi zen. “Ilusioa, borrokarako grina, euskalduntasunaren aldarrikapena… piztu zituen”, dio Oronozek. “Haien diskoak, kartelak eta sentipenak atenporalak dira, euskalduntasunari betiko lotuta geratu izan balira bezala”.

Euskarak eta euskal kulturak, oztopo guztiei aurre eginda, berpizkunde indartsua bizi izan zuten 1960ko hamarkadan. Giro horretan, ezinbesteko ekarpena izan zen Ez Dok Amairurena. “Historiaren zatitxo bat hor gelditu da, euskal kulturari nolabaiteko ekarpena egin genion”, dio Villarrek. Oronozen ustez, euskaldun askoren “subkontzientean txertatuta” geratu da taldea. “Debekua eta zapalkuntza nagusi zirenean, herri nortasunaren aldarrikapen sutsua egin zuten, modu sakon, serio eta landuan”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902