Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Mirarte

Eraberriturik eta indarturik ospatu da Sarako idazleen 33. biltzarra

Itxaro Borda idazle oparoa eta Michel Iturria marrazkilaria izan ziren protagonista atzokoan, haien ibilbidea omendu baitu aurtengo azokak

franck dolosor - Martes, 29 de Marzo de 2016 - Actualizado a las 06:11h

Gazte gehiago erakartzea eta euskarari toki handiagoa eskaintzea izan dira aurtengo xede nagusiak;horiek beteta, pozik agertu ziren antolatzaileak.

Gazte gehiago erakartzea eta euskarari toki handiagoa eskaintzea izan dira aurtengo xede nagusiak;horiek beteta, pozik agertu ziren antolatzaileak. (Argazkia: F. Dolosor)

Galería Noticia

Gazte gehiago erakartzea eta euskarari toki handiagoa eskaintzea izan dira aurtengo xede nagusiak;horiek beteta, pozik agertu ziren antolatzaileak.Itxaro Borda idazlea.

Durangoko azokaren ahizpa txikia guztiz berrituta eta indartuta ospatu zuten atzo Larrun mendi magalean. Sarako euskal idazleen hogeita hamahirugarren edizioan ohi baino bisitari gehiago bildu zen Lapurdi eta Nafarroa lotzen dituen herrian. Hitzorduak berritasun asko ekarri zituen, kultur animazioak eskainiz lau gunetan: erakusketa artistikoen txokoa;liburu berriak dohainik kontsultatzeko txokoa;haurren txokoa, animazio eta ikusgarriekin;eta mintzaldien eta hedabideen gunea.

Sarako Biltzarra elkarte jaio berriak antolatu zuen azoka ezaguna lehen aldiz eta antolatzaileak pozik azaldu ziren aurtengo helburuak bete zirelakoan. Gazte gehiago erakarri eta euskarari toki handiagoa eskaintzea izan zuten xede nagusitzat eta biak ongi bete ziren atzo Saran.

Azken hilabeteetan transmisioaren inguruan berrehun ikasle gaztek egin zituzten lanak aurkeztu ziren biltzarrean. Ohi baino ume gehiago joan zen azokara eta beren familiekin batera 11 argitaletxe, 22 elkarte eta 105 idazleren azken berritasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, hauean artean, Agurtzane Anduetza zugarramurdiarraren Esku aldunak (Maiatz), Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarraren Bidean kantalotsez(Maiatz), Egoitza Zelaieta bertsolariaren Eta galtzeak bagara zer edota Txomin Peillen euskaltzainaren Nina Waita eleberria.

Argitaletxeei baino idazleei ematen die lehentasuna biltzarrak eta atzoko edizioan ere irakurleek idazleekin zuzenean mintzatzeko aukera izan zuten egun osoan, hauean artean Asisko Urmenetarekin edo Gabi Mouesca Iparretarrak taldeko preso ohiarekin. IK-ko kide ohiak idatzi duen La nuque raide liburuaren euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak aurkeztu zituen Alkartasuna fundazioak, Lepo gogorra eta Inquebrantable, hurrenez hurren.

Biltzar sariak Itxaro Borda idazle oparoa eta Michel Iturria marrazkilariarentzat izan ziren aurtengo Biltzar Sariak. Azken berrogei urteetan aktualitateari buruzko 140.000 marrazki argitaratu ditu Iturriak Sud Ouest egunkarian, Ipar Euskal Herrian gehien saltzen den agerkarian. Bere aldetik, Itxaro Bordak Maiatz argitaletxearen eskutik joan den abenduan argitaratu zuen Ultimes Déchetseleberria aurkeztu zuen atzoko Sarako idazleen biltzarrean. Iparralde mailan hondakinak nola tratatzen diren eta zer nolako ondorioak dituen gure artean du ardatz liburuak.

Itxaro Bordak pozik eskuratu zuen saria, horrelakorik merezi duen ez dakien arren. “Ez naiz baitezpada sarien gibeletik dabilen izkiriatzaile bat, enetzat gordean eta isilean izanagatik, idaztea delako inportanteena” zioen oragarrearrak. Dena den, Sarako ikurra plazer handiarekin hartu zuen Bordak, Axular handiaren itzalpean.

Bordaren arabera, irakurleekiko harreman estua lantzeko lekurik egokiena da Sarako biltzarra. Literaturaz gain, oroitzapen ahaztezinak dauzka beti idazleak, “Sara herria bera eta eguerditan zerbitza-tzen duten oilo saltsa, ahotik ezin utzia, amak egiten zuen bezala prestatua”. Ahoan bilorik gabe, Itxaro Bordak dio mota horretako gastronomia ere literatura hutsa dela. Ultimes déchets eleberria argitaratu ondoren, gaur egun artikulu zenbait prestatzen ditu behe nafarrak, poema batzuk orrazten, ideia apurrak biltzen, informazioak, sentsazioak paperean etzaten. Betiko ildo beretik lanean eta sorkuntzan segitzen du Sarako idazleen biltzarrak ohoratu duen idazleak.

Manex Pagola kantu egile behe nafarraren antologia aurkeztu zuen Elkar etxeak. Landibarreko semearen ehun kantu hoberenak agertzen dira liburu bikoitzean eta diskoan, hauean artean Azken dantza hau, Ardiak lerro lerro edota Urtxintxak. Aspalditik egin behar zen lana dela dio Pagolak, harro. 1958 eta 2015 garaian moldatutako testuez gain, Jo Marrisek landu dituen partiturak agertzen dira euskarazko antologian. Euskal Herriko berrogei kantarik eta taldek musikatu dituzten Manex Pagolaren kantuak.

Sarako GudariaVictor Iturria gudari ohiaren biografiak arrakasta berezia izan zuen halaber atzoko azokan. Nortasun handiko lapurtarra kontrabandista izan zen lehenik eta geroago Charles de Gaulle jeneralarekin bat egin zuen 1940an Munduko Bigarren Gerra garaian. Ibilbide aipagarria izan zuen Iturriak eta bere gorabeherak aztertu, ikertu eta argitaratu ditu Catherine Marchand-ek, La Semaine du Pays Basque astekariko kazetariak, Kilika Senpereko argitaletxearen eskutik.

Badira hogei urte Larrun aldean dabilela Lyonen sortu zen kazetaria. Astero Senpere eta Sara aldeko lurraldeen eta herritarren ispilua eta bozgoragailua dira Catherine Marchand-en artikuluak. Lehen aldiz, gai bat hautatu eta sakondu du, eta ez edozein. Izan ere Iturriaren biografian argi ikus liteke balore handiak eta konpromiso sutsua izan zituela saratarrak. Churchill eta Eisenhowerrek lapurtarra aipatzen dute beren memorietan. Sarako pilota plaza ezagunean, idazleen biltzarretik bi urratsetan, Victor Iturria gazterik hil zen gudaria omentzeko oroitarria dago. Gerra garaian granada bat botatzen duen euskal pilotaria ageri da harrian. Bisitari askok galdetzen dute beti nor dagoen oroitarrian. Erantzuna Catherine Marchand-en liburuan dago.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902