Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ziritik

Zuk nora egingo zenuke ihes?

Xabier. Euzkitze - Domingo, 20 de Marzo de 2016 - Actualizado a las 06:08h

gauza bakarra dago munduan gerrari ihes egitea baino okerragoa: bertan geratzea. Hori uste izan dute, behintzat, ihesari eman diotenek, ihesa gerrari aurre egitea baino hobe zela. Gertatutakoa ikusita, iheslari askok zalantza izango dute. Zibilizazio zaharra da oso Siriakoa, baina gaurko egitura eta hedaduraz herrialde berria da, hagitz berria, mende bat baino gutxiago du. Lehen Mundu Gerraren ondoren Frantziak eta Britainia Handiak euren komenientzien arabera “birrasmaturiko” herrialdeetako bat, baina komenientziaz sorturiko herrialdeek gutxien uste denean egiten dute eztanda. Orain, gerrak herrialde osoa suntsitu duenean, izuak jota oinutsik ihes egitea hobetsi zuten milaka laguni bizkar eman diete Frantziak eta Britainia Handiak, zaborretara bota ditu Europak. “Elkartasuna” izan da sorrera beretik Europako Batasunean gehien aipatutako hitza. Noraez larrian doan erakunde horrek Europako ateetara heriotzari iheska iritsitako errefuxiatuak kanporatzea erabaki du. Negu minean hotzez dardarka luzaroan eduki ondoren, gaur bertan hasi dira iheslariak, “etorkin ilegalak”, Turkiara lekutzen. Funtsean, legeari bidezidor bihurri bat egokitu eta asilo eskubidea ukatu dute. Europako Batasunak, lotsa izpirik balu, gehiago ez luke elkartasun hitza erabili beharko. Hori bai, sekula baino “Batasunago” dela erakutsi du, 28 herrialdeek sinatu baitute hitzarmena. Ez dezagun, beraz, gure haserrea Turkiako gobernuarengan hustu, Europa osoaren erabaki bateratua izan baita.

Janne Teller idazle danimarkarrak, “Gerra” izeneko liburuan, ariketa gogor bat proposatzen du: “imajina ezazu bizi zaren hiria, bizitzaren zati handi batean bizileku izan duzuna, hondakin bihurturik. Eraitsitako eraikinak, erretako autoak. Zure lagunik onenetako batzuk leherkari baten eztandak hil ditu entrenatzen ari ziren kiroldegian. Zure sendiaren zati bat desagertu egin da, eta geratzen zaretenak zenbaki bihurtu zarete. Izuak jota bizi zarete goiz, arratsalde eta gau. Gerran zaudete. Dena utzi eta beste herrialde batera ihes egin behar duzu. Inoiz egin nahi izango ez zenukeen bidaia. Errefuxiatua zara.” Enpatia ariketa soila da, Idomeinin pilatuta dauden iheslarien larruan sartzeko ahalegina. Horixe eskatuko nieke gaur indarrean jarri den ituna sinatu duten agintariei: zuk nora egingo zenuke ihes?


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902