Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Boteprontoan

Kale estuak

Karmele Jaio - 2016(e)ko martxoaren 18a, ostirala - 07:05etan eguneratua

Semeak esan dio ez margotzeko ezpainak hain gorri. Ez da batere ohikoa amak ezpainak margotzea, baina azken aldian bizi duen beherakada morala kontuan izanda, ezpainak gorri-gorri margo-tzea erabaki du umea eskolara eramateko. Mesedez, ezabatzeko kolore gorriegi hori ezpainetatik. Semeak ez daki nola egin bere amaren aurpegian "betiko ama" errekonozitu ahal izateko. Ez nago guapa ala? galdetu dio semeari, baina haren kezka ez da ama ederra dagoen ala ez, haren kezka atentzioa ematea da. Ama estandar bat izan nahi du, besterik ez.

Atentzioa ematearena bada nire lagun baten alabaren kezka baita ere. Aita beltza du eta neskak ile kizkur polit-polita du, benetan ikusgarria, baina berari ez zaio gustatzen, eta egunero eskatzen dio amari mesedez mototsa jartzeko, ez diezaioten esan egunero hamaika aldiz ze ile polita duen. Berak ez du atentzioa eman nahi horregatik, bera besteak bezalakoa izan nahi du. Ez diferentea.

Txikitatik ikasi dugu estandarra izatea dela eroso bizitzeko giltzetako bat. Ez zaitez azkarregia izan, ez zaitez tuntunegia izan, ez lodiegia, ez txikiegia... Ez zaitez eredu estandarrarekin konparatuz "diferentea" izan. Izan zaitez taldekoa, edo artaldekoa. Txikitatik ikasi dugu aniztasunari zein tarte gutxi ematen dion gure gizarteak, berdin arrazagatik, itxuragatik, ahalmen fisikoagatik, genero nortasunagatik, orientazio sexualagatik...
Homosexuala izateagatik etxetik kanporatu dute gazte bat Gasteizen. Aitak, antza, ezin izan du onartu bere semea ez izatea "behar den bezalakoa".

Kale estu gehiegi eskaintzen dizkigu gizarte honek. Kale horietan sartzen ez bazara, beti izango zara "bestea", eta gainontzekoek aurreko espaloitik begiratzen dizutela sentituko duzu. Baina hau ere aldatu daiteke. Posible da kale estuak etorbide zabal bihurtzea, denek igaro ahal izateko, ile kizkurra solte nahi izanez gero.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902