Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Drogen inguruko “puzle moduko” kontakizuna sortu du Unai Villenak

Idazle elgoibartarrak Igartza Sariari esker sortutako ‘Hautz haietatik’ eleberria aurkeztu zuen atzo

Marta Esnaola Ainara Garcia - 2016(e)ko martxoaren 18a, ostirala - 06:15etan eguneratua

Unai Villena idazlea, atzo, Beasaingo Igartza Jauregian.

Galería Noticia

Unai Villena idazlea, atzo, Beasaingo Igartza Jauregian.

donostia- Duela bi urte Igartza Saria jaso ostean, atzo aurkeztu zuen Unai Villenak beka honen ondorioa, Beasaingo Udalaren, CAF-eko euskara departamentuaren eta Elkar argitaletxearen laguntzaz plazaratutakoa. Hauts haietatik izena du idazle elgoibartarraren liburuak eta drogen mendekotasuna, gaixotasun mentalak eta laguntasuna bezalako gaiak landu ditu bertan. Liburu honetan, Ander izeneko gaztearen historia kontatu du;24 urte zituenetik gaixo egon zen eta zortzi urteren ondoren, berriro kalera itzultzean, bere lagun Oierri berari buruzko istorioa idazteko eskatu zion.

zeharkako kontakizuna“Liburuak bi hari nagusi ditu;alde batetik, Oier nobela idazten ari da, gaur egun, eta bestetik, Anderren bizi-tzari errepasoa egiten dio”, azaldu zuen atzo Villenak, Beasainen liburua aurkeztu baino ordu batzuk lehenago. Gaineratu zuenez, Anderren helburu bat gaixotu zenetik jaso zuen tratua salatzea da: lagunengandik, medikuengandik eta baita gizartearengandik ere. Honela, ahots eta narratiba ezberdinekin, pertsonaia nagusiaren bizitza kontatu du, zeharka. “Zentralitatea Anderren gaixotasunak du, eta bere bizipenak kontatzen dira liburuan, baina hala ere, beste pertsona batek kontatzen du, beraz, zeharkakoagoa da”, azpimarratu zuen. Generazio baten “bozetoa” ere egin duela esan zuen, gai batzuetan gehiago sakondu badu ere.

Drogen mundua ezagutzen zuen Villenak, baina garai okerrenean, 80. hamarkadan, haurra zen oraindik, eta ez zuen oroitzapenik. “Asko dokumentatu behar izan dut, baina ez naiz garai haietan oinarritu;Ander, liburuko protagonista, 1980an jaioa da eta berak kontsumitzen zuen droga ez da heroina, anfetamina baizik”, nabarmendu zuen Igartza Sariaren irabazleak.

Egitura bitxia erabili du Villenak 50 kapitulu baino gehiago dituen liburu honetan. “Puzle moduko bat dela esan daiteke;ez dut egitura lineala erabili eta flashback asko ditu”, azaldu zuen egileak. Hiru motako kapituluak daude: alde batetik, pertsona izena dutenak daude, pertsonaia horren deskribapena egiten dutenak bere emozioen bitartez. Bestalde, izenburuan zenbakiak dituzten kapituluek testuingurua erakutsiko dute eta hamarkada horren (80ak edo 90ak, ia beti) errepasoa egingo dute. Azkenik, bestelako izenburua dutenek bizitzako gertaerak azalduko dituzte. “Erabat kontzientea naiz ez dudala nobela lineala egin, baina egitura ezberdina erabili nahi nuen, guztiak ere hari bat badu ere”, azaldu zuen egileak. Hala ere, idazkera erraza erabili du Villenak eta irakurleak arazorik gabe jarraituko du eleberria.

Bestalde, azaleko argazkia bere lagun batek egin du. “Nik oso ideia ezberdina neukan buruan baina ez zen ondo atera eta azkenean, bere ideia, nahiko esplizitua, nagusitu zen”, azaldu zuen, hauts batzuk eta atzean enfokatu gabeko pertsona bat agertzen diren azalari buruz.

ingeniaria, idazleUnai Villena ingeniaria da, eta eskola garaitan Elgoibarren zegoen literatur talde batean parte hartu bazuen ere, ikasketak eta lana zirela eta, idazteari utzi zion. “Duela lau bat urte, lanez aldatu nuen eta denbora libre gehiago nuela aprobetxatuz, idazteari ekin nion berriro”, azaldu zuen. Hainbat ikastaro egin zituen eta berriro literaturaren munduan murgiltzen hasi zen. “Liburu hau idazteko beharra sentitu nuen ba-t-batean, eta istorio hau sortzeari ekin nion”, jarraitu zuen. Azkenean, Igartza Sariari esker liburua idatzi eta argitaratzeko aukera izan du.

“Urte batzuetan idazteari utzi badiot ere, orain berriro ere literaturari ekiten ari naiz;ez dakit beste libururik argitaratuko dudan, baina ez daukat idazteari uzteko intentziorik”, nabarmendu zuen bere lehen liburua plazaratu berri duen gazte honek.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902