Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Ekiza, “filtrorik gabe”

Willis Drummond taldeko kantariak bakarkako lehen diskoa plazaratu eta ostegunean aurkeztuko du Dokan

Juan G. Andrés-en erreportajea. Argazkia Ruben Plaza - 2016(e)ko martxoaren 15a, asteartea - 06:07etan eguneratua

Jurgi Ekiza.

Jurgi Ekiza.

Galería Noticia

Jurgi Ekiza.

Joan den urtean zalantzaz beterik zegoen Jurgi Ekiza. Willis Drummond taldeko kantariak ez zekien “musikan jarraitu ala ez” baina kasik “ohartu gabe” kantu propioak maketatzen hasi zen. Bat-batean, “kanporatzeko beharra” sentitu eta disko bat grabatzea erabaki zuen. 2015eko maiatzean ekin zion lanari Tolosako Bonberenea estudioan, Karlos Osinagaren gidaritzapean. Ahotsak, berriz, ekainean grabatu zituen bere kabuz Luzaideko Irauzketa etxean, “alde hurbil, gordin eta biluzia” mantendu nahian. Emaitza, bH036-LP (Bidehuts, 2016)izeneko CD eta biniloa, urtarrilean plazaratu zuen eta ostegunean Dokan (20.30ean) hasiko dira aurkezpenak.

Atzoko prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, “filtrorik gabeko prozesua” izan da, hots, burutik pasatu zaion edozein ideia erabili du, iritzirik inori eskatu gabe. “Oso pertsonala izan da, ez dut ezer kendu: ez letrarik,ez musikarik”, aipatu zuen. Gainera, “etxean egindako” sentsazioari eusteko, hark grabatu zituen instrumentu gehienak: “Nik neuk neure buruarekin”. Hainbat lagunek, baina, ekarpen txikiak egin zituzten: Cédric Lepinek bateria jo zuen;Niko Perretek, tronboia, eta Jérémie Garatek, txeloa.

Soinuarekin “kontent” dagoela dio Iparraldeko musikariak. “Prozesu luzea izan arren, oso aberasgarria suertatu zait, nahi nuena lortu dudalako eta hori da helburu artistikorik handiena”, esan zuen. Bere aburuz, zenbait pasartek Willis Drummond-en “kolorea” izan dezakete, baina batez ere, bere lehen bakarkako lanean “giro” bat bilatu nahi izan du Ekizak. “Willisen abestietan parte asko aldatzen dira. Nire diskoan, berriz, kantu gehienak base batekin hasten dira eta badute kutsu progresibo bat. Ideia bat sortu eta landu dut giro bat sortzeko”, gaineratu zuen.

Promoziozko orrian Anari Alberdik dioenez, “zinez proposamen biluzia” egin du Ekizak. “Tonu eta erregistro desberdinetan eder moldatzen” da eta “grunge eta rock-etik edan” duten “abesti zoragarriak” sortu ditu, “kantautoretza berdefinitzen dutenak”.

Kontzertuak

Lehen kontzertua datorren ostegunean emango du, Donostiako Doka aretoan. Etorkizunean bere kantuak jotzeko talde bat osatzea baztertu ez arren, momentuz bakarrik arituko da taula gainean, gitarra -akustikoa zein elektrikoa-, ahotsa eta efektuak egiteko pedala lagun. “Neure burua ez dut kantautore gisa ikusten, gitarrarekin zerbait esperimentalagoa egin nahi dut”, iragarri zuen.

Bestalde, Willis Drummond taldearen itzulera gertu dagoela dirudi. Jurgi Ekizak atzo baieztatu zuenez, atsedenaldiaren osteko entseguei ekin diete eta kantu berriak ere sortzen ari dira. Antza denez, taldekide zein musikari dagokienez, aldaketak egongo dira, baina aurrerago zehaztuko dute dena: “Ez diogu presiorik sartu nahi, ez geure buruei, ez jendeari”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902