Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Euskara eta hutsez irribarretsu

Esperientzia aitzindaria burutu dute egian 200 bat lagunek: astebetez euskara hutsez jardun eta bizitako esperientziak konpartitu dituzte. Pauso txikiekin lorpenak egin daitezkeela ikusi dute. Elkarrizketa elebidunak posible direla ere bai.

Arantzazu Zabaletaren erreportajea. Ainara Garciaren argazkiak - Domingo, 13 de Marzo de 2016 - Actualizado a las 06:13h

Egia Euskaraz Egunaren baitan bildutakoak ekimenean jasotako esperientziak trukatzeko.

Egia Euskaraz Egunaren baitan bildutakoak ekimenean jasotako esperientziak trukatzeko.

Galería Noticia

Egia Euskaraz Egunaren baitan bildutakoak ekimenean jasotako esperientziak trukatzeko.

Esperientzia “martzianoa” izan da batzuentzat;erronka pertsonalak gainditzeko aukera, besteentzat. Aberasgarria, denentzat. Irribarrea jantzi eta ohiturak eta jarrerak (norberarenak eta besteenak) aldatzen saiatzeko balio izan die guztiei eta elkarrizketa elebidunak posible direla ere konturatu dira egiatarrak.

Urtarrilean abiatu zuten Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena: helburua astebetez euskara hutsean bizitzen saiatzea zen. Lekukoa astez aste elkarte eta norbanako desberdinek hartu dute eta bakoitzak bere esperientzia jaso du eskuz esku pasa duten koaderno batean;batzuen eta besteen testigantzekin bideo bat ere osatu dute. Guztiak mahai gainean jarri zituzten atzo: Egia Euskaraz Egunaren bosgarren edizioan kalakategia deitutakoa antolatu zuten, bizitako esperientziak konpartitzeko. Aurtengo lema ikusita, Atzo astebetez, bihar egunero, atzokoa ekimenaren amaiera baino hasiera izango dela garbi dago, euskaraz bizitzen saiatzen jarraituko baitute egiatar askok.

Bilbon Lutxo Egiak sortutako performancean oinarrituta diseinatu zuten egiatarrek kanpaina, euskara hutsez bizitzea zer den ikusteko. Beste pauso bat eman zuten, ordea, eta norbanako baten esperientzia taldearena bihurtu zuten lehenengo aldiz. 200 lagunek baino gehiagok eta 20 bat elkartek hartu dute parte: “Erratzeko beldurrik gabe esan daiteke ez dela inoiz horrelako esperientziarik martxan jarri Euskal Herrian”, diote Egian Euskaraz taldeko antolatzaileek. Horregatik, hain zuzen ere, erabaki zuten liburu batean eta bideo batean jasotzea lekukotzak, esperientziaren “arrastoa” uzteko eta beste herri edo auzoetan antzekorik egin nahi izanez gero, erabilgarri izan daitezkeelako.

Ekimena urtarrilean abiatu zuten baina lehenago ere ari ziren lanean. Abenduan Telp ikastaroa egin zuten parte-hartzaileek, hainbat egoeratan nola joka zezaketen lan-tzeko: “Gauza txikiak ziren landutakoak, baina aldaketa handietarako lehen pausoak: lehen hitza beti euskaraz egitea, ulertzeko gai baina hitz egiteko gauza ez denarekin euskaraz aritzea, egoera zailei irribarre batez eta euskaraz erantzutea…”.

txikia, erabilgarriGauza txikiak izan arren, oso erabilgarriak izan dira parte-hartzaileentzat. “Konturatu naiz irribarrearekin errazagoa izan dela ez dakienak ni euskaraz aritzea onartzea”, dio laugarren asteko lekukoa auzoko Haurtxoko eta Gaztelekuaren izenean hartu zuen lagun batek. “Klabea izan da niretzat: konturatu naiz lehen ez nintzela batere sinpatika eta jarrera aldaketarekin elkarrizketa elebidunak izan ditut”, dio beste batek. “Irribarrea jantzi eta alaiago nago orain eta besteen jarrera ere irekiagoa izan da”, gaineratu du lekukoa hartu zuen beste egiatar batek.

Horrelakoetan besteak euskaraz aritzea eraso moduan ulertuko duen beldur izaten gara askotan. Erasorik ez dagoela inon garbi uzteko, irribarretsu agertzea zen Telp ikastaroan landutako gakoa. “Guk euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugu eta gozatu nahi dugu horrekin, ez sufritu. Irribarreak enpatia sortzen du eta laguntzen du;askotan eztabaidarako joera sor daiteke besteak erdaraz erantzutean, baina errazagoa da irribarrez kudeatzea momentu hori”, aipatu du Alberto Irazu Egian Euskaraz taldeko kideak.

Elkarrizketa elebidunak posible direla konturatzea izan da egiatarren aurkikuntza nagusienetakoa eta euskaraz ez hitz egin arren, pertsona asko asko ulertzeko gai direla jabetu dira, elkarrizketa bat mantentzeko moduan behintzat, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz arituta ere. “Adibide asko topatu ditugu hori posible dela erakusten dutenak;askotan besteak eskertzen du euskaraz egitea eta berak ere ahalegina egiten du azkenean”, dio Irazuk.

Horrek euskaldunari euskaraz bizitzeko aukera ematen diola eta besteari ere euskarara gerturatzeko balio diola nabarmendu dute parte-hartzaileek. Eta, zentzu horretan, kanpotik etorritakoekin ere elkarrizketa errazak euskaraz egin daitezkeela uste dute, erosketen kasuan, esaterako. “Txinoetara joan nintzen, euskaraz galdetu nion non zegoen gauza bat eta ulertu zidan”, aipatu du Aitor ikastolako ikasle batek. Gazteen artean ekimenak ilusio handia sortu duela nabarmendu dute antolatzaileek.

“Aurreiritziengatik, askotan denda batera sartu, saltzaileak euskara ez duela jakingo imaginatu eta erdaraz egiten dugu”, aitortu du Ai-tziber Gurutzeaga egiatarrak. Bere kasuan, kontraesan horiek gainditu eta lehen hitza beti euskaraz egitea praktikan jarri du eta horretan jarraitzeko asmoa dauka. Elkarrizketa elebidunekin ere ausartu da eta “harritu”egin du besteek uste baino gehiago eta hobeto ulertzeak.

zailtasunakDena den, zailtasunak ere topatu dituzte aste hauetan eta garrantzitsuena ohiturak aldatzea izan da. Urte askotan gaztelaniaz aritu ondoren, pertsona edo talde batekin hizkuntza aldatzea zaila gertatu zaie gehienei. “Koadrilan saiatu ginen baina oso deserosoa izan zen, ez zen naturala niretzat eta ez haientzat”, kontatu du Porrontxoetako jai batzordeko kide batek.

“Nire erronka gurasoekin euskaraz egitea zen eta ezin izan dut lortu. Baina erronkarekin jarraituko dut, banekien egun batzuetan ez zela aldatuko”, dio Aitor ikastolako guraso batek. Ohiturak aldatzea lortzeko “txip-a aldatu” behar dutela ere konturatu dira egiatarrak.

Izan ere, orain arte euskaraz ia dena egiten zutela pentsatzen zuten batzuk konturatu dira uste baino gehiago egiten dutela gaztelaniaz eta, horren kontzientzia hartuta, aldatzeko erabakia hartu dute. “Konturatu naiz egoera batzuetan euskaraz egin dezakedala erdaraz egiteko ohitura izan arren eta amorrua sentitu dut orain arte ez naizelako konturatu!”, aipatu du lehenengo astean lekukoa hartu zuen lagun batek.

“Lorpen txikiak pauso handiak direla jabetu naiz”, aipatu du beste guraso batek. Bere kasuan, lortu du hizkuntza aldatzea lagun euskaldunberri batekin eta lagunari ere euskaraz bizitzeko aukera zabaldu diolako pozik dago.

“Telefono konpainia batetik deitu eta euskara hutsean erantzutean, hamar segundutan moztu zuten. Hori izan da asteko onena!”, dio beste batek, barrez. “Telebista ere euskaraz ikusteko erabakia hartu nuen nik, baina mandoan bi botoi bakarrik neuzkan eta irakurtzera joatea erabaki nuen!”, aipatu du beste batek.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902