Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
musika

Altxorrez betetako kofrea

Jonebati Zabala - 2016(e)ko martxoaren 13a, igandea - 12:30etan eguneratua

Lan berria aurkezteko kontzertu bira abiatu du Agirretxeak.

Lan berria aurkezteko kontzertu bira abiatu du Agirretxeak. (Juan Lazkano)

Galería Noticia

Lan berria aurkezteko kontzertu bira abiatu du Agirretxeak.

Bakarkako bigarren lana kaleratu du Keu Agirretxea musikari ondarroarrak. Oraingo honetan, baina, jendez inguratu da kolaborazioz beterik datorren ‘Nomadak eta kofrea’ diskoa osatzeko. Besteak beste, alboan izan ditu Xabi Solano, Mikel Erentxun edota Izaro Andres musikariak.

Bere bakarkako azken lanetik denbora pasatu den arren, “energiaz beteta” dator Keu Agirretxea bere disko berriarekin. Proposamen horretan kolaborazio andana izan du musikari ondarroarrak, eta elkarlan horren omenez bataiatu du emaitza Nomadak eta kofrea (Mauka). “Diskoan lantalde handi batek parte hartu du, Madrilen grabatu zuten musikariekin abiatu eta Euskal Herrian jarraituz. “Nomadak du izena, gu ohituta gaudelako alde batetik bestera ibiltzen, gure ilusioa eta pasioa musika delako eta hori eskuan hartuta gabiltzalako hara eta hona”, azaldu du Agirretxeak. Balio handiko gauzak gorde ohi diren kutxa da, bestalde, kofrea, eta horrelakotzat du musikariak disko hau. “Lantalde honetako kide bakoitzak bere artea jarri du: abestiak, kolaboratzaile bakoitzak emandako ukitua… Guzti horrekin beteta dago kofre hau”.

Hasieran, proiektu “apalagoa” egiteko asmoa zuen Agirretxeak. Azken urteotako dinamika bera jarraituz, diskoa berak grabatzea eta hiruzpalau abestiko EP bat ateratzea zeukan buruan. Baina Mauka diskoetxeak Madrilera joan eta diskoa bertako musikariekin grabatzea proposatu zion, lan honek “zerbait berria” merezi zuelakoan. Ideia oso argi ikusi ez zuen arren, aurrera jarraitzea erabaki zuen Agirretxeak. “Egunen batean probatu behar nuen zer den hemendik kanpora joatea eta beste pertsona batzuekin grabatzea”, nabarmendu du musikariak.

Horrela hasi zen guztia, eta konturatu orduko proiektuak dimentsio handi samarra hartu zuen. Lana biribiltzeko kolaboratzaileen parte hartzea ezinbestekoa izan dela adierazi du Agirretxeak. Madrilen grabatu du diskoa, hainbat musikariekin batera: Javi Calambres (Superskunk, Bebe) baxuan, David Bao (O´Funkillo, Raimundo Amador) baterian, Carlos Noain (Naica) teklatuetan eta sintetizadoreekin eta Keu Agirretxea bera gitarra akustiko, elektriko eta ahotsean.

Giro ederrean

Ahotsak graba-tzeko Euskal Herrira bueltatu da Agirretxea eta bertoko zenbait musikarik parte hartu dute bere abestietan: Xabi Solano, Izaro Andres, Jairo Zavala Depedro, Mikel Erentxun… “Jairo ezagutzen nuen, Izarorekin ere kointziditu izan dut eta asko gustatzen zait bere ahotsa, eta Solanorekin ere azken urteetan hainbat proiektutan ibili naiz”, kontatu du ondarroarrak. Kolaboratzaileei abestia gustatzea garrantzitsua dela nabarmendu du Agirretxeak, izan ere, “euren burua ez badute ikusten abesten duten horretan, ez dute parte hartu nahiko”. Keu pozik dago denak oso gustura egon direlako eta estudioan “giro ederra” egon delako.

Prozesu luzea bete du Nomadak eta kofrea lanak, urtebetekoa, hain zuzen ere. Korapilatsuena kolaboratzaile bakoitzaren agendarekin bat-egitea izan dela kontatu du Agirretxeak. Pablo Novoa, esaterako, galiziarra da eta handik etorri zen grabatzera. Izaro Andres, berez, Mallabiakoa da, baina Kalifornian (AEB) zegoen hilabete batzuetarako eta handik egin du kolaborazioa;Jairo Zavala Depedro ere Ameriketan zebilen Calexiko taldearekin biran eta handik bueltan egin dio bere ekarpena diskoari. “Etenez beteriko prozesua izan da, beraz, bakoitzak bere agenda zuelako eta ezin genuelako guztia jarraian grabatu”, dio Agirretxeak.

Hitzei dagokienez ere elkarlana izan dute gidari disko honetan. Hain justu, Mikel Etxabururen poemetan oinarritzen dira Agirretxearen azken laneko abestietako asko. Aurretik ere batera lan egindakoak dira Agirretxea eta Etxaburu. 2010ean, Denbora versus kantua kaleratu zuen musikariak, eta hor hasi ziren elkarlanean. Kirmen Uribe eta Aiert Goenagaren istorioak ere badaude diskoan, aurretik berarekin lan egindakoak horiek ere. “Nire musikarekin ondo konekta-tzen dute biek, eta niri gauza bera gertatzen zait euren letrekin. Gainera, laurok ondarrutarrak eta lagunak gara”, erantsi du. Etxabururen poemak harreman pertsonalei buruzkoak direla kontatu du Agirretxeak, “maitasunari eta, gehienbat, askatasunari buruzkoak”. Darwin abestian, bestalde, bullying edo eskola-jazarpenaren gaia jorratu du Goenagak, “ia aipatu gabe”, baina horren ingurukoa da istorioa. Azkenik, Uriberen hitzetan “sentimenduak dira nagusi”, Agirretxearen esanetan.

Durangoko Azokarako diskoaren aurrerapen bat atera zuen Agirretxeak, Darwin abestiaren aurkezpenarekin, baina diskoa ez zen prest egon ordurako. “Lan handia” zegoen egiteke oraindik, eta helburua ez zen gauzak presaka egitea eta nahitaez azokarako heltzea. “Darwin bertan aurkeztea erabaki genuen Durango plaza ederra delako, besterik gabe”, agertu du Agirretxeak. Geroago, otsail hasieran, diskoaren argitalpenari bultzada bat emateko Bila singlea kaleratu zuen, Depedroren kolaborazioarekin egindako kanta indartsua.

Zuzenean jada

Ahalik eta jende gehienarengana heltzea eta kantuekin gozatzea da Keu Agirretxearen asmoa orain. “Jada urtebete pasa da diskoa grabatzen hasi ginenetik eta desiatzen gaude gure lana erakusteko. Orain, gozatzea toka-tzen zaigu, zuzenean jotzen”, dio gogotsu. Hil hasieran ekin die kontzertuei Keu Agirretxeak, Fignuh Experience taldearekin batera. Sei urte daramatza jada laukoteak, batera, zuzenekoak ematen. Apirilean, Markina-Xemeinen, Bermeon eta Donostian dituzte hitzorduak eta oraindik beste hainbat data dituzte zehazteke.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902