Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Miren Azkarate Badiola Errenteriako Mariasun Landa sarien irabazlea

“Nire arbasoek oso ondo egin dute ahozko transmisioa”

Aitziber Muga - Sábado, 12 de Marzo de 2016 - Actualizado a las 06:15h

Miren Azkarate Badiola

Galería Noticia

Miren Azkarate Badiola

Errenteria- Miren Azkarate Badiolak eta Iñaki Otegi Gelbentzuk eskuratu zituzten VI.Mariasun Landa Sariak. Errenteriako Udalak, Berdintasunerako Kontseiluaren babesean, antolatutako sari horien helburua da jendarteko arlo anitzetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenen berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea. Azkaratek bere izeba-amonak, Rita Azkaratek, 94 urte bete dituenak, gerra garaian bizitakoak jaso ditu bere lanean.

Nola bururatu zitzaizun izeba-amonari buruz idaztea?

-Lehiaketa honen berri izan nuen eta baldintzak ziren emakumezko bati buruzkoa izatea, eredugarria izatea eta Errenteriakoa izatea eta hiru hitz horiekin berehala etorri zi-tzaidan izeba-amona burura;batez ere daukan adinarengatik eta, hainbeste aldiz aipatzen dugun memoria historikoarengatik, gerrako pasarteak kontatzea bururatu zitzaidan. Ideia hori buruan neukan eta izeba-amonak nire proiektuari baietz esan zion. Ezetz esatea beldur nuen, baina onartu zidan eta pozik.

Mariasun Landa Sarien seigarren edizioa izan da aurtengoa. Lehenengo aldia da aurkezten zarela?

-Bai, lehenengo aldiz da sari hauetara eta edozein sarietara aurkezten naizela. Beti idatzi izan dut, baina nire bururako eta lehenengo aldia izan da bururatu zaidala lehiaketa batera aurkeztea.

Ez da estreinaldia makala izan.

-Ez, ez da txarra izan, eta egia esan gogoak eman dizkit beste lehiaketa batzuetara aurkezteko.

Saria irabaztea espero zenuen?

-Ez, inondik inora, ez zitzaidan burutik ere pasa. Aurkeztu nintzen eta lehenengo aldia izanda, ez nuen espero saririk irabaztea.

Zure familian asko hitz egin duzue gerra garaiaz edo isilpean zeuden pasarteak ziren?

-Askotan hitz egin dugu. Ez izeba-amonarekin bakarrik, aiton-amonak ere bizirik zeudenean hitz egiten genuen. Ahozko transmisioa ondo egin dute gure senideek eta arbasoek. Izebari Durangon tokatu zi-tzaion bonbardeaketa eta kontu asko eta abesti asko dakizki guk ez dakizkigunak. Ahozko transmisioari esker historian eta Euskal Herrian zer gertatu den oso ondo azaldu digute.

Artikuluari ‘Zu zarelako gara gu’ izenburua jarri diozu. Zergatik?

-Beraiek ez bazioten gerrari, frankismoari eta ondorengo errepresioari biziraun, beraiek ez balirateke bizirik egongo, gu, ondorengo emakumeak, bai etxekoak baita Euskal Herrikoak ere, ez ginatekelako hemen egongo eta ez genukelako aukerarik izango beraiek bizitutakoa kontatzeko.

Zein helburu lortu nahi zenuen aurkeztutako artikuluarekin?

-Gerra bat boteredunek eta irabazleek, nahiz eta gerra batean denak galtzaile izan, beti boteredunek eta gizonezkoek kontatzen dute eta emakumeen ahotsa ere entzun behar da, gerra emakumeek ere bizitzen eta egiten dutelako. Historia emakumeek ere kontatu behar dute, ez beti gizonezkoek. Nik horregatik egin dut lan hau.

Non bizi izan zuen izeba-amonak gerra?

-Gauza da, beraien aita, niri biraitona izango litzatekeena, bere lanarengatik mugitu behar zirela, herriz herri mugitzen ziren. Beraiek Errenterian bizi ziren, baina juxtu garai horretan Durango aldera mugitu behar izan zuten. Kasualitatez, gerra pil-pilean zegoela, han harrapatu zien. Juxtu bonbardeaketa egunak Durangon harrapatu zituen eta ondoren harrapatuta gelditu ziren Bizkaia aldean eta han iraun zuten gerra amaitu arte. Orotara bedera-tzi hilabete egon ziren Durangon. Gero Errenteriara bueltatu ziren eta nire izeba-amona oraindik etxe berdinean bizi da.

Saria jasotzera joan zinenean zure izeba-amona bi aldiz zapaldua izan zela esan zenuen. Zergatik?

-Batetik ez-boteredunen bandoan tokatu zitzaiolako, galtzaileen bandoan egotea tokatu zitzaion, nahiz eta hitz hori asko ez gustatu, baina uler gaitezen;eta bestetik emakumea izanda, beti zapalduak izan garelako.

Nola bizi izan zuen zure izeba-amonak sarien ekitaldia?

-Hasieran ez zuen etorri nahi. Planteatu nionean eskatu zidatela bera etortzea, hasieran ezezkoa esan zidan. Baina, azkenean familiako batzuek konbentzitu zuten eta hunkituta eta pozik zegoen. Azkenean eskerrak eman zizkidan joateko animatu nuelako eta aitortu zuen pena handia hartuko zukeela bertan izan ez balitz. Poz-pozik zegoen.

Bizipen asko gogoratuko zituen joan den larunbatean.

-Emakumeei buruz eta gerrari buruz idaztea... Beti isilpean egon diren ahotsak entzutaraztea eta gainera nik, bere bilobak, beste emakume batek, horrekiko idaztea, bada hunkitu zuen. Gainera publikoan senide asko zeuden eta ez dugu ahaztu behar 94 urte dituela. Bizipen asko etorri zitzaizkion burura, gainera nire saria bere omenalditxoa izan zen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902