Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
gizartea

“Euskara normaltasunez erabili behar dugu, eremu berriak lortuz”

Euskararen etorkizuneko erronkak aztertu zituzten atzo euskal hiriburuetako bost alkateek Eskoriatzan

Anabel Dominguez Javi Colmenero - 2016(e)ko martxoaren 11a, ostirala - 06:11etan eguneratua

Juan Mari Aburto (Bilbo), Joseba Asiron (Iruñea), Michel Etsebest (Maule), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Gasteiz).

Juan Mari Aburto (Bilbo), Joseba Asiron (Iruñea), Michel Etsebest (Maule), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Gasteiz).

Galería Noticia

Juan Mari Aburto (Bilbo), Joseba Asiron (Iruñea), Michel Etsebest (Maule), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Gasteiz).

eskoriatza- Euskara izan zen atzo protagonista Eskoriatzan. “Euskara altxor bizia da”;“gure hizkuntza da eta normaltasunez erabali behar dugu esparru guztietan”, eta “hiriak euskararentzako gakoak dira” izan ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ospatutako ekitaldian entzun ziren adierazpenetariko ba-tzuk. Agertoki gainean lehenengoz, euskaldunak diren Euskal Herriko hiriburu nagusietako alkateek hartu zuten hitza: Eneko Goia (Donostia), Juan Mari Aburto (Bilbo), Gorka Urtaran (Gasteiz), Joseba Asiron (Iruñea) eta Zuberoako Mauleko auzapeza den Michel Etxebeste.

Huhezi fakultateak bost alkate horiek bildu zituen euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian gure hizkuntzaren inguruan zer erronka dituzten aztertzeko helburuekin. Entzulez betetako aretoan, euren bizipenak partekatu zituzten. Ezagutzak aurrera egin badu ere, erabilerari dagokionez oraindik bidea egiteko dagoela bat egin zuten.

Euskara normal erabiltzea hiriburuetan, bereziki orain arte euskararen presentzia nahi baino txikiagoa izan den horietan: horixe izan zen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Mauleko alkateek atzo Mondragon Unibertsitateak antolatutako mahai-inguruan plazaratu zuten mezuetako bat.

Ekitaldi historikoa izan zen Huheziko Euskara Batzordeak bultzatu zuena. Izan ere, lehen aldiz 50 urtetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Iparraldeko Mauleko alkateak euskaldunak dira.

“ez gaude hasieran”Euskara eta hiriaren gaia planteatu zuen fakultateko irakasle den Nekane Goikoetxeak (atzo moderatzaile lanetan aritu zen). Bilboko alkatearen esanetan, “hiriak garapenerako leku egokiak” izango dira, eta baita “euskararen arloa aztertzeko” ere. Bilbon, 80.000 euskal hiztun daude: “Bide luzea dugu, baina ez gaude hasieran. Orain dela hamar urte 50.000 euskaldun gutxiago zeuden;beraz, denon artean, administrazioa eta gizartearen artean, izugarrizko aurrerapausoa eman dugu”, nabamendu zuen Juan Mari Aburtok.

“Erronka nagusia euskararen ezagutzatik erabilpenera ibiltzea da”, gaineratu zuen. Bilboko Udalak hamar ardatzeko euskalduntze plangintza diseinatu zuen eta bederatzigarrenean daudela zehaztu zuen alkateak. “Bilbo eta euskara eskua elkarri emanda doaz. Bilbo euskaldunagoa nahi dugu, eta horixe da agintaldi honetarako proiektu estrategikoetako bat. Euskara jakin, erabili eta sustatu egin behar da. Hitz batean: maitatu”, azpimarratu zuen Aburtok.

Joseba Asironek, bere aldetik, begirada atzera bota zuen Iruñeko ibilbide politikoa eta euskararen egoera eskutik joan direla aipatuz: “Eskuina agintean egon den bitartean, euskarentzako trabak ipini ditu”, azaldu zuen Asironek.

1991tik 2011ra euskaldun aktibo eta pasiboen kopuruak bikoiztu egin dira Iruñean. “Biztanleriaren %11a euskaldun aktiboak dira, eta beste horrenbeste, pasiboak. Datu onak dira, baina erabilpenean gauzak asko alda-tzen dira. Beraz, euskarari prestigioa eman behar zaio”, defendatu zuen.

Iruñean lan “asko” dagoela egiteko onartu zuen Asironek. “Urteetan zehar hizkuntza desagerrarazi nahi izan da. Gure erronka euskarak erabilera lekuak berreskuratzea da, horretarako, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz eta euskara hirian normalizatuz. Administrazioan ere euskararen erabilera normaldu nahi dugu, euskalgintzarekin elkarlanean aritu, eta aurrekontuetan ere handitu egin du euskarari bideratutako partida”, adierazi zuen.

Michel Etxebestek Frantziako zentralismoaren ikuspuntutik azaldu zuen frantsesaren nagusitasuna, hango Konstituzioak “hala ezartzen baitu”. “Nik euskara maite dut, baina aita-amek ez dute ulertzen”, esan zuen Mauleko auzapezak. Bere hitzetan, azken hamarkadan Iparraldean euskara berreskuratzen ari da. Haurren %10a ikastoletara joaten da. Etxebestek “euskaldunon batasunari “ dei egin zion “Iparraldean euskarak aurrera egiteko”.

%40a erabat euskalduna“Donostia da hiriburu euskaldunena”, azpimarratu zuen Eneko Goiak “harrotasunez”. Biztanleriaren %40a erabat euskalduna da, eta %10a ia-euskalduna. “Erabilera da gure kasuan ere erronka nagusietako bat”, aitortu zuen Donostiako alkateak.

Goiaren ustetan, “ingurune urbanoan” du euskarak “bere etorkizuna”. “Donostia, Euskararen hiria bezala ezaguna da, eta erakunde zein botere publikoek ardura berezia dugu euskararen erabilera bultzatzen. Datozen urteotako erronkak dira, erabileran ahalegin berezia egin, eta gazte jendeak dugun altxorraz jabetu eta hauek euskara bizi manten dezatela. Horretarako, esparru zahar zein berriak eskuratu behar dira: kalea, aisia, jolasa eta, nola ez, internet eta teknologia esparruak. Euskara normaltasunez erabiltzea da erronka, bere iraupena eguneroko errealitate izan dadin”, defendatu zuen.

Gasteizen, azken 25 urtetan euskararen ezagutza “20 puntu” igo da. “Dena den, erabilera ezagutzarekin bat ez dator” onartu zuen Gorka Urtaranek. Era honetan, eta legealdi honi begira, Udalak Euskara Zerbitzuari egonkortasun handiagoa eta baliabide gehiago emateko konpromisoa hartu du. “Euskararen Sektore Kontseilua berreskuratu nahi dugu, eta baita, Oihaneder Euskararen Etxea bultzatu eta Gasteiz antzokia martxan jarri ere”, aurreratu zuen Urtaranek. Alkate gisa hartu zuen lehen neurria “euskaraz egitea” izan zela aipatu zuen. Honekin batera, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Plana eta 2013-2017 aldirako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen saiatuko dira.

Bestalde, Urtaranek adierazi zuenez, “hiriak estatuak baino boteretsuagoak izango dira XXI. mendean;euskararen etorkizuna hirietan definituko da”.

Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak antolatutako Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskareriko harremana eta etorkizuneko erronkak izenburuko ekitaldia txalo zaparrada artean bukatu zen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902