Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
MIKEL ZALBIDE EUSKALTZAINA

"Atzerrian ere erreferentzia izan liteke metodologia hau"

‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredumetodologikoa’ aurkeztu du Euskaltzaindiak.Oinarri teorikoa emateko sortutako lan ‘aitzindaria’da, Mikel Zalbide bere zuzendariaren esanetan

DABI PIEDRA - 2016(e)ko martxoaren 2a, asteazkena - 12:41etan eguneratua

Mikel Zalbide, azalpenak ematen, Donostian eginiko aurkezpenean. EUSKALTZANDIA

Mikel Zalbide, azalpenak ematen, Donostian eginiko aurkezpenean. EUSKALTZANDIA

Galería Noticia

Mikel Zalbide, azalpenak ematen, Donostian eginiko aurkezpenean. EUSKALTZANDIA

HIZKUNTZEN soziologiaren eta soziolinguistikaren teorietatik abiatuta, oinarri teorikoa ematen die liburu berri horrek historiaren une bakoitzean hizkuntzek gizartean izan duten presentziari buruzko azterlanei. Ikertzaileei modelo bakar eta egituratua eskaintzen die, nazioarteko teoria nagusiak bilduta. Mikel Zalbide euskaltzaina da zuzendaria eta egileetako bat, eta 750 orriko metodologia euskararako bereziki egokitua den arren, atzerrian ere ekarpena egin lezakeelakoan dago bera.

Zergatik diozue metodologia hau aitzindaria dela?

Hizkuntzen historia sozialaz, era batera edo bestera, aspalditik idatzi izan da. Baina historia hori azaltzeko orduan, bakoitzak bere enfokea eman du eta XX. mendera arte enfoke horiek guztiak integratzeko saiorik ia ez da egin. Azken urteetan Europan loraldia dago era horretako gaiekin, eta gu ere aritu gara, ez gara azken-azkenak, besteekin batera goaz. Guretzat besteen lana oso interesgarria den bezala, gurea ere besteentzat interesgarri gerta litekeela uste dugu. Gure lana nazioarteko perspektiban kokatzen ari gara.

Metodologia finkatu bat izateak zer ekarpen egiten du?

Era askotako datuak, han eta hemen bilduta daudenak, bateragarri bihurtzeko kontzeptu-marko batera ekartzen laguntzen du. Bestela, datu txikiz osatutako almazen erraldoi bat izan dezakegu, baina datu horiek nola sailkatu eta barruko egitura bat nola eman ez dakigu.

Nola egituratu duzue liburua?

Liburuak atal diferenteak ditu. Soziolinguistika historikoa nazioarteko perspektiban aztertzeko atal handi bat du, kanpoan egiten ari diren saioen artean gurea non koka litekeen ikusteko. Badago homologazio saio bat. Bigarren atal handia kontzeptuen taula da. Bost dimentsio eta sei azterbidetan lan egiten dugu eta, beraz, 30 gelaxka betetzeko aukera ematen du taulak. Milaka datu jaso ditzake ikerlari batek, eta horiek nola antolatu erakusten du gure marko kontzeptualak.

Gaztelaniaren eta frantsesaren alboan bizi izan da euskara azken mendeetan. Testuinguru eleanitz horrek konplexuago bihurtzen du euskararen historia soziala aztertzea?

Bai, horrek esan nahi du eredu metodologiko zehatzago bat sortu behar izan dugula, konplexutasun hori bere konkrezio guztian ulertzeko eta kokatzen laguntzeko. Era berean, iraganeko nahiz gaur eguneko hizkuntzen egoera aztertzeko balio du metodologiak: Berpizkunde garaia, XVI. mendea, XX. mendea... Aro desberdinak analizatzeko prestaturik dago.

2007an abiatu zenuten proiektua. ‘Joanes Etxeberri’ izena eman zenioten egitasmoari eta honen inguruan sortutako bildumari. Zergatik?

Proiektu honen sortzaile eta hasierako zuzendari Joseba Intxausti izan zen eta berak hautatutako izena da. Joanes Etxeberri euskal idazle ezaguna izan zen eta hizkuntzaren iraganaz eta aurrera begirako planteamenduez hainbat lan egin zuen;oso pertsona interesgarria da esparru horretan, zer pentsatu ugari eskaintzen du.

Bildumako seigarren lana da metodologia. Zein beste lan daude argitaratuta honen aurretik?

Joseba Intxaustik argibide bibliografikoen lehen emanaldi bat prestatu zuen, 2011n. Gero, bere eskutik etorri dira Euskara eta hizkuntzak gizartean izeneko beste hiru liburu. Orain dela urte eta erdi Juan Madariaga historialariak argitara eman zuen Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII.

Nortzuk aritu zarete metodologia prestatzen?

Lanean egunero ibili garenok, oso zentratuta, Nicolas Gardner, Lionel Joly eta hirurok izan gara. Ikerketa buru gisa ibili dira Joseba Intxausti, Juan Madariaga, Paulo Agirrebaltzategi, Koldo Larrañaga, Jesus Lorenzo eta Patri Urkizu. Gainerako lankideak ere gogoan ditugu, bereziki Iñaki Azkune eta HABEko Imanol Irizar, izan ere, era honetako lanek kanpoko bibliografia eskatzen dute. Egundoko laguntza jaso dugu.

Nola antolatu duzue metodologia prestatzeko zeregina?

Hasieran borradore bat idatzi nuen. Bertoko eta atzerriko aditurekin landu genuen, zer hobetu jakiteko. Egia esan, eredua ia hasieratik pentsatua zegoen baina hori hobetuz joan da, lau bat ukitualdi garrantzitsu izan ditu. Metodoa fintzeko, datuak sartzen genituen eta benetan funtzionatzen zuten ala ez ikusten genuen. Beraz, metodo klasikoa erabili dugu, mundu guztiak ezagutzen duena: ingelesez trial and error deiturikoa (saiatu eta huts egin). Proba eginaz ikusi dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta funtzionatu duen horretan oinarritu dugu behin betiko modeloa.

Norentzat izan daiteke probetxugarri ‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa’?

Hori ez da erantzuten hain erraza. Alor horretan jarduten duten profesionalentzat aproposa da, bistan da. Hizkuntzaren dimentsio sozio-historikoa lantzen dutenentzat bereziki. Baina, hortik aparte, honek interesa izan dezake ikerketatxoak egiten ari direnentzat, lan hori nola kokatu eta aurrera nola egin ikusten lagun diezaiekeelako. Euskaltzaleen munduan badago gure iraganaz halako jakinmin eta gogo bat. Gauzak argitzen laguntzeko tresna lagungarria izan liteke. Badugu, gainera, nazioarteko dimentsioa duten zatiak ingelesera eta frantsesera itzuli eta argitaratzeko asmoa ere. Horrela, atzerrian lanean ari direnentzat ere erreferentzia izan liteke.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902