Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Euskal literatura, larderia eta dogmaren azpian?

Joxan Rekondo - 2016(e)ko otsailaren 29a, astelehena - 06:11etan eguneratua

euskeraz egindako literaturan ETAren terrorismoaren salaketa gutxi agertzen dela egi borobila bezala hartuko nuke nik. Edo ETAren biktimen ikuspegiak ez duela leku gehiegirik izan. Sufritu dugun indarkeriaren kiribila iturburu ezberdinetatik elikatu dela badakigu. Esan daiteke, baina, euskal literatura-egileen artean ezker abertzalearen kontaera nagusitu dela gehien bat. Hala ere, badira aspalditik molde horretatik nabarmen apartatu egin direnak ere: Bernardo Atxaga, Xabier Lete, Felipe Juaristi, Inazio Mujika, Mikel Abaitua,…

“Erakundearekiko errespetuz azpatu larderia indarrean dago eta itsumen ideologikoz, eragindako hondamendia onartzeko beldur gara”. Hara, bi lerrotan laburbilduta, azken hamarkadetan gertatutakoa. Itxaro Bordaren hitzak dira. Oso gomendagarria da joan den asteko Argia aldizkarian publikatu duen artikulua (Traumaren tramak). “Euskal gatazka” deitu den horrek euskal literaturan utzi duen isla, hitz gutxitan baino oso argi, azaltzen duena. Azken garaietan, zerbait aldatzen ari dela suma omen daiteke. Badirudi ETAren amaierarekin batera, euskal literaturgintzaren leiho eta ateak zabal-zabal ireki direla eta idazleek ezker abertzalearen diskurtsoaren kateamendutik askatzea lortzen ari omen direla. 2011ko urriaren ondoren mihiak askatu direla iruditzen zaio Itxaro Bordari. Harkaitz Cano, Xabier Montoia eta beste zenbaiten idazlanak aipatzen ditu, Uxue Apaolaza hernaniarraren Mea Culpa lanarekin batera. Nik dakidala, Uxue Apaolazaren jarrera hartzea lehenagokoa da, ordea. Aspalditxo adierazia zuen, Berria egunkarian idatzitako zutabeetan, ez zegoela prest indarkerietako inolako ekintzarik zuritzeko.

Literatura idatziaren “katarsia” gertatzen ari dela esan daiteke, orduan. Baina, nere ustez beste bide batetik doaz “ahozko literatura” egiten dutenak. Armak isildu badira ere, bertsoaren mundua ez da neurri berean desarmatu. Mendeetan zehar, bertsoetako ospakizunak elkartzaileak izan dira euskaldun guztiontzat. Ez da horrela izan azken hamarkadetan. Euskaldun asko ez da etxekoa sentitu bertso emanaldi askoretan. Agian, Bordak aipatzen dituen larderia edo itsumen ideologiko beraien eragin hutsez, ezker aber-tzalearen borrokarako frontea bihurtu izan dutelako. Ondorenez, euskeraz bizi den gizartearen zati haundi bati bertsoaren guneetara iristea galaraziz.

Bertsogintza erretorikaren esparrua dela, dio Bernardo Atxagak. Ez duela literatura idatziak duen gaitasuna kontzeptu unibertsaletara iristeko. Lore Jolasetan aritzea dela edo sakontasunik bilatzen ez duen hitzaren lehiaketa dela ulertu daiteke Atxagaren deklarazioetatik. Eta horrela izango litzateke, bertsolarietako askok kontaera jakin bati atxikita ez baleude, errelato horren zabaltzaile edo propagandista izango ez balira, eta oholtza gainekoa ezker abertzalearen hegemonia esparrua bilakatu ez balitz.

Azken txapelketan Amets Arzallusek kantatutako kartzelako bertsoa datorkit gogora. Gai jartzaileak “egoerak beste aldean jarri zaitu” esan ondoren, eta Ametsek guardia zibilaren rola hartu bazuen ere, ezinezkoa gertatu zitzaion pertsonaiaren ikuspegia bereganatzea. Ezker abertzaleak duen diskurtsoaren moldera hitz egiten zuen guardia zibila entzun ahal izan genuen mikrofonoetatik. Ametsek ezin izan zuen edo ez zuen nahi izan “beste aldekoaren” egoera islatu. Akaso, “hamahiru mila lagun haien aurrean, eta, normalean, ideologia jakin bateko pertsonen aurrean ari zelako kantatu zuen kantatu zuen moduan”, Bernardo Atxagak dioen bezala.

Bertsogintzaren munduak literatura idatziak izan duen eboluzio berbera izango duela gauza segurua da. Larderiaren eragitetik erabat libratuko garelako edo dogmak itsuturik bizi direnak besteon ideiak errespeta-tzen hasiko direlako. Egia da probokaziorik gabeko bertso emanaldiak ez liratekeela naturalak izango. Baztertu behar dena ez da ziria sartzeko grina hori, bertsoetako antolakizun nagusietan nabaritu den alderdikeria baizik. Bertso lehiaketak ezker abertzalearen eremu pribatua bihurtzeraino eta euskaldunen mundua zatitzeraino eraman duen keria hori da guztiz arbuiatu behar duguna. Iragan hurbiletik ezer ikasi badugu, eraiki dezagun gure egunerokoan: euskal kulturaren adierazpen guztiak elkartzaileak izan behar dute. Elkarrekin bizi behar badugu ez dugu eta elkarren kontra jartzen gaituen fronte horien beharrik.Analista


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902