Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Josu Iztueta bidaiari tolosarra, ‘biziminez’ dokumentala aurkeztuko du hilaren 19an alegian

“Bestearen lekuan jartzea beti ikusi dut oso garrantzitsua bizitzan”

Emozioei, beldurrei eta ametsei begira jarri dira Antxon Arza eta Josu Iztueta tolosarra AEBn grabatutako ‘Biziminez’ dokumentalean. Datorren hilaren 19an Alegian proiektatuko dute eta martxoan Tolosan ere bai, Mendi Tour ekimenean

Marta San Sebastian - Domingo, 14 de Febrero de 2016 - Actualizado a las 06:15h

Josu Iztueta

Galería Noticia

Josu Iztueta

Alegia- “Bi lagun, kanpoko nahiz barneko paisaiei begira”. Hori da Biziminez dokumentalarentzat Josu Iztueta tolosarrak eta Antxon Arza iruindarrak aukeratutako azpititulua. Bidaien akzioa eta ikusgarritasunaren gainetik, giza balioak goraipatu nahi izan dituzte iaz Ameriketako Estatu Batuetan egindako road movie honetan. Pablo Dendaluze tolosarrak hartu zituen irudiak eta itzuleran, Juantxo Zeberioren musikarekin jantzi zituen. Josu Iztuetak hurrengo ostiralean, hilak 19, Alegiako zinean aurkeztuko du dokumentala. “Hunkigarria eta gertukoa da”, aurreatu du bidaiari tolosarrak.

Nola sortu zen bidaia hau Antxon Arzarekin egiteko aukera?

-Gure bizitza mendiarekin eta kirolarekin oso lututa egon da, baina era berean, besteek egiten dutenaren kontsumitzaileak ere izan gara;dokumentalak, hitzaldiak... Muturreko akzioa, arriskua eta ikusgarritasuna asko baloratzen dela ikusten genuen eta alde batera uzten direla mendian lehen suposatutzat ematen ziren hainbat balore;hala nola, adiskidetasuna, elkartasuna... Iaz Mendi Filmaren harira, Pablo Dendaluze ere gurekin zela, bidaia luze bat egitea pentsatu genuen Antxon Arzarrekin: New York-San Francisco ibilbidea egingo genuen, baina barrura begira, gure beldurrak eta kezkak azalduz, munduaren ikuspegiari buruz hausnartuz. Abenduan Mendi Film Festibalean aurkeztu genuen eta orain zabalkundea ematen ari gara.

Mendi Film Jaialdirako egindako dokumentala da, beraz?

-Ikusgarritasunari giza-alderdia kontrajartzea zen helburua, baina Mendi Filmera aurkezteko helburua ere jarri genion geure buruari erakusleiho bezala interesgarria izan zitekeelako. Gainera, euskaraz oso lan gutxi aukezten dira eta hori ere ikusten genuen.

Antxon eta zuk aurrez elkar ezagutzen zenuten?

-Bai, duela 40 urte ezagutu ginen;ni bere eski irakaslea izan nintzen Belaguan oso gazte ginela. Bizitzak bide ezberdinetatik eraman gaitu gero, baina harremana izan dugu eta berarekin bidaia bat egin nuen Islandiara. 2000 urtean Venezuelako ur-jauzi batean istripua izan zuen eta gurpildun aulkian geratu zen.

Zein leku bisitatu zenituzten AEBtan barrena?

-Nik furgoneta zahar bat nuen New Yorken eta hiru asteko bidaia egin genuen iazko apirilean. Lehendik ezagunak genituen lokalizazio ba-tzuk aukeratu genituen: Niagara, Chicago, Yosemite, San Francisco... Adibidez, Antxonek istripua ur-jauzi batean izan zuen eta Pablo Dendaluzek proposatu zigun horri buruz hitz egiten dugunean Niagaran izatea, naturalagoa delako

Hainbeste bidaia egin ostean, bidaia honek zein ikasketa eskaini dizu?

-Beti ikusi dut oso garrantzitsua bestearen lekuan jartzea, eta hori ariketa boluntario bezala egin badezaket, oso ondo. Antxonekin leku batera iristen naizenean ikuspegia aldatu egiten zait, berak beharbada ezin duelako leku batetik pasa edo laguntza behar duelako, nahiz eta oso autonomoa den. Ez da lehenengo aldia izan Antxonekin bidaiatzen dudala eta hainbat gauzarekin konturatuta nengoen. Hala ere, zer pentsatu eman dit. Nik bidaiak antolatzen ditut, eta pentsatzen ari naiz beste muga batzuk dituzten pertsonei bidaia horiek egiteko aukera zabaltzea.

Zeri buruz hausnartu zenuten?

-Bizitzari, erlijioari edo suizidioari buruzko hausnarketak daude, baina aurrez ez genuen gidoi bat prestatu. Antxonek behin baino gehiagotan dio ez duela nahi bere erruki izatea, bizitzak denoi astintzen gaituelako egunero.

Une gogorrak ere izango ziren...

-Bai. Antxonen ilusioa zen Kolorado ibaia familiarekin piraguan jaistea, baina lehertu egin zen semea galdu zuenetik hori ez delako bere ametsa. Bestalde, Las Vegasera fisikoki oso nekatuta iritsi ginen eta 38 minutuko dokumentala egiteko Pablok ordu mordoa grabatu behar izan zituen. Bueltan edizio lan handia egin du, ezkutuko lana, eta eskertu beharrean gaude.

las claves

Gipuzkoako txokoa. Zelatun. Kanpotik natorrenean urrutitik ikusten dut perfila eta berezia da niretzat. Gainera, arrozoi pertsonalengatik ere oso gustuko dut.

Paisaia idilikoa. Kostaldea. Itsasoak lurra hartzen duen ingurua, paisaia aldakorrak direlako.

Festa edo ospakizuna. Tolosako Inauteriak, nahiz eta azken aldian neronek ez ditudan zuzenean bizitzen. Jende askok ondo pasatzen badu, zerbait izango du.

Mendia. Izarraitz.

Hondartza. Saturraran, Bizkaiarekin muga-mugan. Leku polita da, baina historia tristea ere badu eta horregatik aukeratuko nuke.

G

ipuzkoatzen


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902