Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
konpromisoa hartu du

Aldaketa Demografikoaren Europako Ituna sinatu du Jaurlaritzak

EUROPA PRESS - 2016(e)ko otsailaren 12a, ostirala - 11:26etan eguneratua

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Aldaketa Demografikoaren Europako Ituna sinatu du, eta, horrela, adinekoentzat eremu lagunkoiak sortzeko Europako sarearen kide da Euskadi. Gainera, zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko neurriak abian jartzeko konpromisoa hartu du Lakuako Gobernuak.

BILBO. Europako Batzordeko Eskualdeetako Lantaldeak sustatzen du Aldaketa Demografikoaren Ituna, eta 23 herrialdetako erakunde publikoak, gizarte zibileko eragileak eta era guztietako enpresak batu zaizkio honezkero. Zahartze demografikoa era positiboan lantzeko arduran, AFE-INNOVNET sare tematikoaren lekukoa hartu du itunak. Eskualdeetako Lantaldearen ustez, Europako erakunde publiko, herritar eta eragile ekonomikoen erronka handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da biztanleriaren zahartzea.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Euskadik "tradizio eta eskarmentu handia" duela zahartzaro aktiboa eta adinekoentzako eremu lagunkoiak sustatzen. Horrela, Euskadi Lagunkoi sarea garatu du: 28 udalerri biltzen dituen sarea da, EAEko hiru hiriburuak tartean. Ekimenaren helburua da adinekoak eta, oro har, herritarrak bizi garen auzoak eta eremuak hobetzeko engaiatzea, aldi berean, guztiontzako inguru lagunkoiagoak sustatzea direlarik.

Euskal sare hori Osasunaren Munduko Erakundeak sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean dago oinarritua;hari esker, punta-puntan da Euskadi arlo horretan, mundu osoan udalerri lagunkoi gehien dituen lurraldea baita eta, ekimenera hiriburuak, hiriak eta tamaina guztietako herriak gehituta, "nazioarteko erreferente bilakatu da".

Eskualdeetako Lantaldeak 2015eko abenduan jarri zuen martxan Aldaketa Demografikoaren Europako Ituna, eta orotariko erakundeak batu zaizkio honezkero, besteak beste, erakunde publikoak (estatukoak, eskualdekoak et tokian tokikoak), gizarte zibileko eragileak edo enpresa pribatuak. Italiako Udine hiriko alkate Furio Honsell da lehen presidentea.

Ituna sinatuta, Euskadi eta atxikitzen diren beste eragileak "abantailazko kokalekuan" jarri dira biztanleriaren zahartzearen tratamendua lantzeko. Ikasteko eta lankidetzan aritzeko aukera ugari izango dute, eta hainbat tresna eskuratuko dituzte adinekoentzat ekimen lagunkoiak praktikaratzeko eta haien eragina neurtzeko. Gainera, zahartzen diren pertsonekin lagunkoiago izaten lagunduko dute Europa.

Itunaren sustatzaileen azken helburua da zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzea, ongizatea eta osasuna bultzatzea eta isolamenduaren aurka aritzea, baita narriadura kognitiboa pairatzen dutenen eta haien zaintzaileen artean ere.

Europako Ituna Osasunaren Munduko Erakundearen Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarearekin elkarlanean arituko da. Hain zuzen ere, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, ingurune fisiko eta sozialak ezinbesteko faktoreak dira zahartzen ari direnek ahalik eta luzeen iraun dezaten osasuntsu, independente eta autonomo. Hori dela eta, adinekoentzako eremu lagunkoiak sustatzea da datozkigun aldaketa demografikoei erantzuna emateko erarik eraginkorrenetakoa, hala Europa mailan nola Euskadin.

ZAHARTZEA EUSKADIN

Gaur egun, Euskadin 725.000 herritarrek baino gehiagok dute 55 urte baino gehiago, hau da, hirutik batek, gutxi gorabehera. Teknikoki adinekotzat hartutako euska hiritarrak, hau da, 65 urte edo gehiago dutenak, 440.000tik gora dira. Azken talde horren herenak 80 urte edo gehiago ditu.

Gainera, biztanleriari buruzko proiekzioek iragartzen dutenez, gora egin du adinekoen ehunekoak. INE estatistika erakundearen arabera, 2029an 65 urtetik gorako 596.000 pertsona baino gehiago izango dira EAEn, hau da, guztizko biztanleriaren %29. Urte horretan, milioi bat inguruk izango dituzte 55 urte edo gehiago, alegia, euskal biztanleriaren ia erdiak.

Gauzak horrela, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak joan den irailean aurkeztu zuen 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia, dagokion herrialdean, lurraldean, hirian edo herrian behar bezala integratutako zahartzaro aktibo, positibo eta osasuntsu bat lortzeko.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak orduan esan zuenez, "orain daukagun erronka handia zera da: mendetasunik gabe, ahalik eta bizi baldintza onenetan eta ahalik eta luzeen bizitzeko aukera ematea adinekoei". Halere, nabarmendu zuen biztanleriaren zahartzeak "behar gehiago" sortuko dituen arren, "aukera gehiago" ere ekarriko dituela.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
    • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902