Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ziritik

Andereño Kontxuelo

Xabier. Euzkitze - Domingo, 7 de Febrero de 2016 - Actualizado a las 06:15h

Gure betiko ikastola Loiolako basilika handiaren hegaletako batera eraman aurretik, Azpeitiko Arana auzoko etxabehe batzuetan aritu ginen. Ez dakit urte bakarra izan zen ala gehiago, baina atzo goizean balitz bezala gogoratzen ditut hango sarrera-irteerak, eskailerak, leihoak, gurasoek non itxaroten gintuzten... Gure aita-amek, bailarako beste hainbat euskaltzalek bezala, ikastolaren aldeko hautua egin zuten, artean legeztatu gabe egon arren. Irakasle denak emakumezkoak ziren eta “andereño” deitzen genien. Gazteak ziren, ausartak. Batzuek ez zuten prestakuntza handirik, bideak zaildu zituen, baina ilusio eta pasio aparta jartzen zuten betebehar horretan, eta, batez ere, amodioz eta goxotasunez hezten gintuzten. Geurenanakoa eta gure herri eta hizkuntzarekiko maitasuna. Neska gazte haietako bat andereño Kontxuelo zen.

Handik urte gutxira Antzertin eman zuen izena, euskal antzerki eskola ofizialean treba-tzeko zoria izan zuen belaunaldiko kide izan zen. “Ba al dakizu andereño Kontxuelo aktorea dela eta oso kritika onak egin dizkiotela?”, galdegin zidan amak. Ez nekien, baina ez ninduen batere harritu. Arrotz gertatu zitzaidan bakarra izena izan zen, Kontxu, guk sekula ez baikenion hala deitu. Gainerantzean, oso ahalegin txikia eskatu zidan Kontxu aktore irudika-tzeak. Goenkalek eman zion ospea telebistan eta Ama, begira zazu obrak antzerkian, baina Kontxuk ibilbide zabal bezain aberatsa osatu du. Bere buruari ironiaz esaten zion bezala, “antzerkiko dama handi bat” izan da.

Azpeititik lekuturik, Donostian laketu ziren. Gozamen hutsa izaten zen Imanol senarrarekin eta biekin topo egitea. Segundu gutxiko agurra zein ordu erdiko solasaldia izan, irribarre zabal-zabalarekin uzten gintuzten beti. Bizipoz eta maila handiko bikotea zen. Benetakoa, zinezkoa, antzerki gutxikoa. Jada elkarri eskua emanda dabiltza pasieran. Elkarrekin betiko, gure oroimenean bezala.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902