Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

“Gipuzkoar gutxi izaten gara estatuan, eta gure emaitzek atentzioa deitzen dute ”

Hungarian izango da datorren irailean Joseba Unanue oriotarra, Europako Dardo Txapelketan zazpigarren aldiz parte hartzen. Estatu mailan bi kategoria irabazi ondoren, Dardoka eta Unar taldeekin lehiatuko du aurtengoan

Sábado, 6 de Febrero de 2016 - Actualizado a las 09:38h

2 Ane Roteta
orio – Joan den azaroan jokatu zen Espainiako Dardo Txapelketa, eta Joseba Unanue oriotarrak (argazkian, ezkerrean) izugarrizko marka lortu zuen;izan ere, 25 urtetan urte berean bi txapelketa irabazi dituen lehena izan da. Batetik, hirunaka irabazi zuen Unar taldearekin, eta bestetik, taldeka lortu zuen domina Dardoka taldearekin. Ondorioz, Hungarian jokatuko den Europako Txapelketan lehiatuko du irailean. Horretaz eta beste hainbat kontuz hitz egin dugu berarekin.
Lehendabizi, zorionak lortutako dominengatik! Nolatan irabazi dituzu bi sari?
–Espainiako Txapelketan bakarka, binaka, hirunaka eta taldekako kategoriak daude, eta Dardoka eta Unar taldeekin nabilenez, batekin taldekakoa eta bestearekin hirunakakoa irabazi ditut. Une honetan, Dardokarekin Urnietan jokatzen dut, sei gara taldean, eta Gipuzkoako lehen dardo elkartea sortu genuen duela hamar urte. Bestalde, Donostiako eta Oreretako bi kiderekin batera Unar taldean nabil, baina nire talde finkoa Dardoka da. Hala, ni izan naiz 25 urtetan urte berean bi txapelketa irabazi dituen lehena. Horrek bere alde ona dauka, baina bi bidaia irabazi ditut leku berera, Hungariara, joateko (barreak).
Europa mailan lehen aldiz lehiatuko al duzu?
–Ez, Europan jokatuko dudan zazpigarren aldia izango da. Hiru txapelketa irabazi ditut Europan eta mundialean ere lau aldiz izan naiz. Holandan, Portugalen, Alemanian, Belgikan, Ingalaterran eta Bartzelonan izan naiz Europako txapelketan, eta mundialetan, berriz, bi aldiz izan naiz Chicagon, beste behin Japonen eta Las Vegasen. Nire posturik onena Japonen lortu nuen, baina hiru final galdu nituen...
Baina, mundialeko hiru finaletara iristea ez da gutxi, ez?
–Ez ez. Bakarkakoa, binakakoa eta hirunakakoa jokatu nituen eszenatoki handian eta oso pozik itzuli nintzen.
Eta zer aukera ikusten dituzue oraingoan Europako txapelketan?
–Horrelako txapelketa batera iristen garenean, 32 onenetan sartzea izaten da gure helburua. Hortik aurrera, zozketa egitean aurkakoak zein diren kontuan izan behar da, eta egun ona izan behar duzu. Zure entrenamenduek kontatzen dute, baina batez ere, txapelketako momentuek balio dute.
Asko ari al zarete prestatzen?
–Urtarrilean hasi gara astean behin entrenatzen, eta oro har, entrenamendu gogorrak azken hilabetean izaten dira;orduan ia egunero gelditzen gara. Nire kasuan, adibidez, azken hilabetean 8 ordu egiten ditut egunero, eta hobeto prestatu nahi badut, lehenago hasi beharko dut.
Urte batzuk atzera eginez... Noiz hasi zinen dardotara jolasten?
– 2004ean nire lehen taberna ireki nuen Orion (Unar taberna), eta zoko bat zegoen mahai batekin hautsa hartzen. Usurbilgo lagun baten taberna batean lehen aldiz dardo makina bat ikusi nuen, horri buruz galdetu nion, eta horrelaxe, federazioarekin hitz egin, makina jarri, eta pixkanaka zaletzen hasi ginen. Tabernatik ateratako lehen taldeek Gipuzkoa mailan parte hartu genuen, zortea handiarekin postu onak lortu genituen eta jendea pixkanaka “engantxatu” egin zen. Eta onena 2006an iritsi zen: Gorka Elizondo oriotarrak eta nik Europako Txapelketa irabazi genuen amateur mailan eta Chicagon izan ginen mundialean. Hori izugarrizko booma izan zen, eta hortik aurrera etorri zen zaletasuna.
Jokatzen hasi eta bi urtetara munduko txapelketara joatea ez da batere makala...
– Bai bai, boom handia izan zen. Azkenean, konturatzen zara praktikak laguntzen duela, baina bakoitzak duen abilidadea ere hor dago. Nik beti esaten dut, dardotan jolasteko plaza gizona izan behar da: jendea daukagu begira, eszenatoki baten gainean zaude, eta nerbioak lasaitu egin behar dituzu...  
Nola ikusten duzu kirolaren egoera estatu mailan?
– Azken hiru urteetan asko aldatu da egoera, apustu-etxeak sartu direlako eta diru asko jokatzen delako. Lehen, estatu mailan, dardotara jolastuz inor ez zen bizi, eta gaur egun ere ez dira asko biziko, agian hiruzpalau pertsona. Dardotara jolastuz bizimodua atera nahi baduzu, Ingalaterra, Alemania edo Holandara joan behar duzu. Nik, zorionez, Gipuzkoako federazioan antolakuntza eramaten egiten dut lana duela hiru urtetatik;beraz, bizitzeko ateratzen dut eta oso pozik nago. Baina egia da zaletasuna handitzen ari dela. Bestalde, Espainiako Txapelketara 20-30 pertsona inguru joaten gara Gipuzkoatik, Valentzia edo Bartzelonatik 200-300 inguru joaten direnean, eta nahiz eta horren gutxi izan, horrelako postu onak lortzea atentzioa deitzen duen zerbait da. Oso harro eta pozik gaude.
Irailean Europako Txapelketa duzue, baina lehenago ba al duzue besterik?
–Apirilaren 7tik 10era Oropesa del Marren dugu estatu mailako beste txapelketa bat. Gogo handiz joango gara eta guretzat test moduko bat ere izango da Europako Txapelketarako. Gainera, uste dugu Gipuzkoatik 27 pertsona inguru joango garela amateur mailan.
Luzaroan txapelketetan jarraitzeko asmoa al duzu?
–Bai. Zorte handiz dardotatik bizi naiz eta asko fijatu behar dut txapelketatik txapelketara hobetu ahal izateko. Bestalde, federazioari ere laguntzeko besteek gauzak nola antolatzen dituzten ikusi behar dut, nola hobetu dezakegun ikusteko.
Zerbait gehiago esateko?
–Ekaineko lehen hamabostaldian Gipuzkoako Txapelketa antolatzen dugu, Gipuzkoan antolatzen den ekintzarik handiena, eta Aginaga sagardotegian izango da, jokoa eta gastronomia uztartzeko aukera izan dezagun. Azken urtean 82 pertsonek hartu genuen parte, eta aurten 100 baino gehiago espero ditugu eta oso pozik gaude momentuz. l


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902