Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Sindromeak adineko pertsonei eragiten die

NUPen diseinatutako tresna berri batek hauskortasun sindromearen diagnostikoa hobetzen du

Nora Millor ingeniariak neurtzeko parametro objektiboak proposatzen ditu, kaltetuen mugimendua sentsore inertzialen bidez aztertu eta gero

unavarra.es - 2016(e)ko otsailaren 2a, asteartea - 10:31etan eguneratua

Nora Millor Muruzábal ingeniaria, NUPen.

Nora Millor Muruzábal ingeniaria, NUPen. (UNAVARRA.ES)

Galería Noticia

Nora Millor Muruzábal ingeniaria, NUPen.

NAFARROA. Nora Millor Muruzábal (Iruñea, 1983) telekomunikazio ingeniariak neurtzeko tresna berri bat diseinatu du, hauskortasun sindromearen diagnostikoa hobetzeko datu objektibo eta kuantifikagarriak ematen dituena. Aipatu sindromearen eraginez adineko pertsonak zaurgarriago bihurtzen dira. Hala esaten du bere doktoretza-tesian, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri baitu. Teknologia berritzailea erabili du tesia egiteko: sentsore inertzialak. Pazienteen mugimendua analizatzeko erabili ditu. “Adineko populazioaren osasun egoera neurtzeko, adituek esaten dute funtzioen arabera egin behar dela eta ez gaixotasunaren arabera. Hala, desgaitasuna edo mendekotasuna garatu baino lehenagoko gaitasun funtzionala ezagutzea giltzarria da, ondorioak arintzeko”, esan du Nora Millorrek. Marisol Gómez Fernández Matematika Saileko zuzendariak eta Mikel Izquierdo Redín Osasun Zientzien Saileko katedradunak zuzendu dute bere doktoretza tesia.

Millorrek hauskortasun sindromea aukeratu zuen bere lanerako, “zeren gaixotasun hori daukatenek, bereziki zaharrenak direnek, beren osasuna eta egoera funtzionala okertzeko arrisku handiagoa baitute”. “Sindrome gisa definitzen da, sintoma multzo bat baita, kasu honetan, sintoma horiek dituen pertsona edozein faktoreren aurrean zaurgarriago bihurtzen dutena —azaldu du—. Orain arte, Frieden irizpidea zen sindromea diagnostikatzeko metodo erabilienetako bat. Irizpide hori osagai hauetako hiru edo gehiagoren presentzian oinarritzen da: astiro ibiltzea, ahultasuna, pisua galtzea, nekea eta jarduera fisiko txikia.

Hala, sailkapen hau egiten da: pertsonak hauskorrak dira, hiru irizpide edo gehiago betetzen badituzte: hauskor aurrekoak, irizpide bat edo bi betetzen badituzte;eta osasuntsuak, ez badute irizpide bat bera ere betetzen". Alabaina, balioespen mota horrek daukan arazoa da, doktore berriaren iritzian, "ez dela erraza osagai horiek zehaztea, eta, horretaz gainera, diagnostikoa egiten duen pertsonaren esperientziak zeresan handia du. Beraz, emaitzak kualitatiboa baino gehiago kuantitatiboa izateko joera du". Neurri objektibo batzuk proposatzeko helburuarekin, Nora Millorrek hauskortasun sindromea aztertu du geriatrian gaixoen egoera neurtzeko erabiltzen den probetako batean oinarrituz: aulkiko 30 segundoen testa. “Aulki batetik altxatzea eskakizun mekaniko eta muskular handiena eragiten duten jardueretako bat da eguneroko bizitzan. Adineko populazioaren parte batek zailtasun handiak ditu aulkitik altxatzeko. Beraz, denbora gehiago egoten dira eserita, eta modu independentean bizitzeko gaitasuna murrizten dute", esan du. Aipatu testa honetan oinarritzen da: pertsona bat zenbat aldiz altxa eta eser daitekeen aulkian hogeita hamar segundoko epean.

Neurketa sentsoreekin

Nora Millorrek sentsore inertzialak erabili ditu, mugimendu bat nola egin den esaten digun informazioa emateko gai direnak modu “ez inbaditzaile, eramangarri eta ekonomikoan”: Zehazki, azelerazioari (mugimendua zein abiaduratan aldatzen den) eta abiadura angeluarrari (zein abiaduratan egiten den biraketa bat) buruz ematen dituzte datuak. “Ez dira mugimendu kopuruari buruzko datuak lortzen soilik, baizik eta nola egiten erakusten duten datuak ere bai”, esan du Nora Millorrek, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu. Sentsore inertzialek emandako seinaleen analisiaren bidez parametro berriak zehaztu ditu Nora Millorrek, eta horien bidez langile klinikoek “neurri objektibo eta kuantifikagarri batzuk izango dituzte beren diagnostikoak egiteko”. “Etorkizunean, emaitzak tresna lagunkoi batean, hala nola aplikazio mugikor batean, sartzeko aukera egon liteke”, iragarri du Millorrek.

Hain zuzen, tesi honen bidez lortutako ezagutzari eta NUPeko bi ikerketa taldek (Biomekanika eta mugimenduaren fisiologia-BIOFIM, zeinaren buru baita Mikel Izquierdo, eta Aljebra eta aplikazioak, zeinaren buru baita Luis Miguel Ezquerro Marín, Matematika Saileko katedraduna) egindako ikerketen bidez lortutako ezagutzari esker sortu da Movalsys oinarri teknologikoko enpresa. Gaixo baten mugimenduak diagnostiko medikoa egiten laguntzeko datu objektibo bihurtzea da enpresaren helburua.

Curriculum laburra

Nora Millor Muruzábal elkarlanean ari da egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-proiektu batean, eta unibertsitate honetan egin zituen Telekomunikazio Ingeniaritza eta Komunikazio Masterra. Horretaz gainera, ikerketa egonaldi batzuk egin ditu atzerrian: Frantziako Grenoble hiriko bi erakundetan (STMicroelectronics enpresa eta TIMC-IMAG laborategia, zeina ikerketa unitate bitariko bat baita, Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalaren –CNRS frantsesez–, eta Joseph Fourier unibertsitatearen artekoa) eta Lausanako (Suitza) Eskola Politekniko Federalean. Beste batzuekin batera, aldizkari zientifikoetan argitaratutako dozena bat ikerketa-artikuluren egilea da.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902