Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bidaia koadernoa

Elefanteak salbatzen dituzten pertsonak

Animalia sakratuak dira, baina Tailandiako txoko askotan turismoaren gehiegikeriak pairatu dituzte. Gazte tailandiar batzuek elefanteei laguntzeko ekimen bat abiarazi dute, haien habitata babestuz

ANE IRAZABAL (@AneIrazabal) - 2016(e)ko otsailaren 1a, astelehena - 10:39etan eguneratua

Bisitariei muzin egin gabe, elefanteen arau naturalak errespetatzen dituzte parke honetan.

Bisitariei muzin egin gabe, elefanteen arau naturalak errespetatzen dituzte parke honetan. (Elephant nature park)

Galería Noticia

Bisitariei muzin egin gabe, elefanteen arau naturalak errespetatzen dituzte parke honetan.Bisitariei muzin egin gabe, elefanteen arau naturalak errespetatzen dituzte parke honetan.

Zaila da Tailandiara joan eta elefanteen gainean igotzeko iragarkirik inon ez ikustea. Animalia handi honek Asiako atrakzio turistikorik ezagunena izaten jarraitzen du. Birak, safariak, jaten emateko edo haiekin uretan sartzeko aukera... Hamaika dira bisitariei eskaintzen zaizkien aukerak.

Gutxik erreparatzen diegu, ordea, elefanteei. Haien itxura makalak eta argaltasunak Tailandiako arazo larrienetako bat azaleratzen du: animaliekiko tratu txarrak. Izan ere, Asiako elefanteek etengabeko gehiegikeriak jasaten dituzte etxekotu ahal izateko eta bisitariak haien gainean eramateko. Chiang Mai hiriko hainbat ekintzaile duela hogei urte ohartu ziren arazoaren larritasunaz. “Elefanteen gaineko birak erosten dituzten turista gehienek ez dakite animaliek nolako tratua jasotzen duten. Askok hamar-hamabi orduz lan egiten dute, orduro bi pertsona haien gainean eramanez. Elefante batek, ordea, ezin ditu 150 kilo baino gehiago jasan bere bizkarraren erdian, eta inoiz ez lau ordu baino gehiagoz”, azaldu du Suchart izeneko boluntarioak.

Suchartek bere aitarengandik ikasi zuen elefanteak maitatzen. Bere familiak safari agentzia bat zeukan, elefante bat jipoituta eta tiroz hiltzen ikusi zuten arte. “Animalia zaharra zen, eta ez zen turista gehiago gainean eramateko gai. Ekonomikoki errentagarria ez zenez, bere jabeek hil egin zuten”, gogoratu du Kamonek, Sucharten aitak.

Une horretatik aurrera elefanteen aldeko borrokan oinarritu da Kamonen eta bere lagunen lana. Safari agentzia behin-betiko itxi eta Chiang Maiko oihanaren baitan Elephant Nature Park (Elefanteen Natura Parkea) ireki zuen. Animaliak haien habitat naturalean gordetzeko proiektu hau gisa honetako lehen ekimena izan zen Tailandian eta aurrekari bat gerora ireki diren gainerako natur guneentzat.

Orduz geroztik, ehunka animalia jaso eta babestu ditu Kamonen familiak. “Jabeek abandonaturiko elefante zaharrak jasotzen ditugu batez ere, bizitza duin bat izan dezaten”, nabarmendu du harro Suchartek. Elefanteen Natura Parkean posible da animaliei jaten ematea eta ibaian bainu bat hartzen laguntzea, baina debekatuta dago haien gainean jartzea. Bestalde, mundu mailako boluntarioak jasotzen dituzte Tailandiako esperientziarengandik ikas dezaten.

Halere, datuek arduratzeko modukoak izaten jarraitzen dute. Egun, 5.000 elefante besterik ez dira geratzen Tailandian, eta horietatik 4.000 baino gehiago mahout edo zaindari tradizionalen gatibu dira. 1980ko hamarkadan Bhumibol Adulyadej erregeak debekatu egin zuen elefanteak basoaren ustiapenerako erabiltzea, eta, horregatik, erakarpen turistiko bilakatu ziren. Kamonen ustez, ia ezinezkoa da elefante basati batekin topo egitea, gehienak etxekotu egin dituztelako: “Haurrak direnean phajaan edo talka izeneko torturak pairatzen dituzte. Elefante umea amarengandik banatu eta kaiola txiki batean sartzen dute. Bertan makilaz zartadak ematen dizkiote sumisioa zer den ikasten duen arte. Eta okerrena zera da: askori ondo iruditzen zaiola”, dio Kamonek.

Horregatik, agian, turismo jasangarri baten alde borrokatzea ez da lan makala izan Kamonen-tzat. Familiak traba askorekin topo egin behar izan du: “Alde batetik, turista askok ez daukate animalienganako sentiberatasunik eta bost axola zaie elefanteen egoera. Bisitari gehienek argazki bat atera nahi dute animalien gainean eta gero sare sozialetara igo. Beste alde batetik, trafikatzaileen eta turismo agen-tzien presioa ere izugarria da”, salatu du patriarka.

Edonola ere, Elefanteen Natura Parkea eredu bat bilakatu da eta, tankera guztietako gehiegikerien aurrean, turismo arduratsu baten irudirik garbiena da Tailandian. Kamonek frogatu egin du posible dela turismo sektorea eta animalien eskubideak bat egitea. “Guk ez diegu bisitariei muzin egiten, baina gure eremua bisitatzen dutenek elefanteen arau naturalak errespetatu behar dituzte”, erantsi du.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
    • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902