Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Elena, Kris eta Xabier Imaz eta Teresa Sarasola SEguran hotela ireki duen familia

“Segura oso herri bizia da, ekitaldi asko antolatzen dira, eta jendeak halako hotel bat behar zela uste du”

Imaz anaia-arrebek beraien abizena daraman hotela ireki dute Seguran. Familia hau oso ezaguna da Goierrin, ia 90 urte baitaramatza ostalaritza munduan

Asier Zaldua - Jueves, 28 de Enero de 2016 - Actualizado a las 06:12h

Elena, Kris eta Xabier Imaz eta Teresa Sarasola, Seguran hotela ireki duen familia.

Elena, Kris eta Xabier Imaz eta Teresa Sarasola, Seguran hotela ireki duen familia.

Galería Noticia

Elena, Kris eta Xabier Imaz eta Teresa Sarasola, Seguran hotela ireki duen familia.

segura- Imaz anaia-arrebek umetatik lagundu zieten beraien gurasoei eta egun beraien seme-alabak dira familiaren negozioan laguntzen dutenak. Laugarren belaunaldia da.

Lau belaunaldi asko dira.

-Xabier Imaz (X.I.): Guk etxe giroan ikasi genuen ofizioa eta gure seme-alabek ere laguntzen digute. Gazteak dira eta ikastea eta parranda egitea nahi dugu, baina lan asko dagoenean lagundu egin behar da.

-Teresa Sarasola (T.S.): Hemen lan asko egin dugu beti. Nire semeek Unibertsitatean ikasi zuten, baina etxean ere lagundu zuten. Lanik egin gabe, hemen ez dago ezer. Garai batean eztei-bazkariak ere ematen genituen. Ez zegoen egun bezain eskaintza zabala eta lan asko egiten genuen. Halakoetan, Katalina Goiari deitzen genion sukaldeko lanak egiteko. Nire senarrak lantegian eta tabernan lan egiten zuen. Langile ikaragarria zen.

Nork ireki zuen negozioa?

-X.I.: Gure amaren aitaginarrebak. Joxe Mari Imaz zuen izena. Arotza zen eta hamaika seme-alaba zituen. Etxe hau erosi eta konpondu egin zuen. Ondoren, fonda ireki zuen. Etxeak 340 urte inguru ditu eta duela urte batzuk ostatu emateari utzi genion. Obra egiten hasi ginen eta pitzadura batzuk azaldu ziren. Etxeak eman beharreko guztia eman zuela eta berria egin beharra zegoela ikusi genuen. Hori baliatuz, hotel txiki bat irekitzea pentsatu genuen.

Zer diote instituzioek zuen egitasmoaz?

-X.I.: Udalak hasieratik gure ekimena txalotu zuen. Hasieratik bere laguntza izan dugu.

-T.S.: Bestalde, segurarrek beti asko lagundu digute eta eskerrak eman nahi dizkiegu.

-X.I.: Amak arrazoia du. Herritar askok herritik kanpo lan egiten dute, baina herrian oso giro ona dago. Tabernan lan asko egin dugu beti. Taberna itxi genuenean, obra egiteko, ikusgarria izan zen: festa txiki bat antolatu genuen eta batzuk trajez jan-tzita etorri ziren, alfonbra gorria jarri zuten...

-Elena Imaz (E.I.): Ahizparen izena Kristina denez, Hotel Maria Kristina zion kartela jarri zuten. Zazpi izarrekoa! Oso hunkigarria izan zen.

-X.I.: Segura oso herri bizia da. Ekitaldi asko antolatzen dira. Jendeak halako hotel bat behar zela uste du.

Gogor lan egin ondoren, hotela irekitzea lortu duzue. Zeintzuk dira hotelaren ezaugarriak?

-X.I.: Beheko solairuan taberna, jangela eta sukaldea jarri ditugu. Azpian, beste sukalde bat eta beste jangela bat jarri ditugu. Horiek asteburuan bakarrik irekiko ditugu. Logelei dagokienez, bederatzi dira. Erabat ekipatuta daude eta etxe osoa domotizatuta dago. Dena ordenadoretik egin daiteke eta jasangarritasuna bultzatu nahi dugu. Hotelak bi izar ditu. Hiru izarrekoa nahi genuen, baina horretarako eguneko 24 ordutan pertsona bat egon behar da sarreran.

Zeintzuk izango dira zuen bezeroak?

-X.I.: Gure hotela ez da merkeena izango. Gela merkeenak, ohe bakarrekoa, 55 euro balio du. Bi oheko gelak, Aizkorrira begira, 80 euro balio du. Gosaria barne. Gure hotelera Goierriko enpresetara etortzen diren bezero eta komertzialak etor-tzea espero dugu. Bilerak egiteko tokia ere jarri dugu, 75 hazbeteko telebistarekin. Asteburu pasa etor-tzen direnak ere gure hotelera etor-tzea espero dugu.

Jatetxean zer eskaintzen duzue?

-T.S.: Menua eta karta ditugu. Plater konbinatuak ere egiten ditugu. Sukaldaritza tradizionala egiten dugu, ukitu moderno batzuekin.

-X.I.: Asteburuetan menu berezi bat ere eskaintzen dugu, 21 eurotan. Kartatik jatea 45-50 euro kostatzen da.

-Kristina Imaz (K.I.): Menuak tabernako jatetxean ematen ditugu eta asteburukoak beheko jangelan.

Zergatik merezi du Segurara etortzeak?

-X.I.: Hona etortzen den jendea txundituta gelditzen da. Segura da bisitari gehien jasotzen dituen Goierriko herria.

-E.I.: Gainera, Aizkorriko parke naturala ondoan dugu, bidegorri zoragarri bat dugu, Ondarre baserrian museo txiki bat dute, Idiazabalen gaztaren museoa dute, Ordizian D’elikatuz dute, Gaztaren Ibilbidea... dena oso gertu dago.

-T.S.: Segurako altxor bat aipatzea ahaztu zaigu: karkaba. Kale estu-estu bat da.

-E.I.: Plazatik behera berreskuratu egin dugu. Plazatik gorako zati bat guretzat hartua genuen eta Udalak herriari ematea eskatu digu. Hala egin dugu, noski. Hoteleko sarrera karkaban jarri dugu. Gurea izango da sarrera karkaba batean duen hotel bakarra.

Gipuzkoatzen

Goierriko zuen txoko kuttuna. Segurako madura. Paseatzeko toki ederra da.

Festa edo kultur ekitaldi bat. Segurako Erdi Aroko azoka. Oso festa berezia da eta herri osoak parte hartzen du. Segurako Aste Santua ere ezin dugu ahaztu, noski.

Paisaia idiliko bat. Aizkorri. Hoteletik zoragarri ikusten da.

Hondartza bat. Kontxa bezalakorik ez dago mundu guztian. Dotoreagorik ez dago.

Mendi bat. Urbasa. Hara joaten ginen seme-alabekin denbora librea genuenean (Teresa).


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902